BSHko langileen gehiengoak onartu egin du sindikatuek eta enpresak adostutako aurreakordioa

  • Langile batzordeak eta enpresak adostutako aurreakordioak 655tik 609ra murriztuko ditu kaleratzeak, gainerakoak birkokatuko dituzte. Astelehen arratsaldean jakin da langileen %78k babestu dutela akordioa. Nafarroako Gobernuak eta langile batzordeak etorkizunari begira, alternatiba industriala bilatuko diote lantegiari. 

BSHko langileak lantegiaren itxieraren aurkako manifestazio batean. Euskalerria irratia

2025eko uztailaren 21ean - 12:50
Azken eguneraketa: 2025-07-25 21:39
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Duela zazpi hilabete enpresa multinazionalak iragarri zuen Eskirotzeko etxetresna elektrikoen lantegia itxiko zuela. Langileek hainbat manifestazio egin zituzten lantegiaren itxieraren aurka. Pasa den astean, langileen batzordeko UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuek baietza eman zioten enpresarekin adostutako akordioari, LAB eta ELA sindikatuak aurka agertu ziren.

Bozketan parte hartu duten 609 langileeta 475k babestu egin dute akordioa, 127k aurkako botoa eman dute, bi abstenitu egin dira eta bostek nulo bozkatu dute, Diario de Noticiasek jaso duenez. 

Akordioak 609 langile kaleratzea aurreikusten du, 55 urtetik beherakoak izanez gero, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte ordaina emango diete, hilabeteko mugarik gabe. Horri gehitu behar zaio lan egindako urte bakoitzeko 1.500 euroko paga lineala. Neurri horretaz 450 langile baliatu daitezke, gainerakoentzat erretiro goiztiarrak adostu dituzte. Navarra Televisiónek adierazi du 50 eta 54 urte arteko langileek lehentasuna izango dutela berrindustrializazio proiektu posible batean onartuak izaterako orduan.

Orain, enpresak irekita utzi beharko du lantegia urte amaiera arte. Horrela egingo dute hozkailu eta ontzi garbigailuen ekoizpena eskatutakoaren %95era ailegatzen bada betiere. Nafarroako Gobernuak eta langile batzordeak aurreikusita daukate bilerak egitea lantegiaren etorkizunaren inguruan alternatiba industrialak bilatzeko. 

 


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...