"Navajas txostenaren idazlea besterik ez da, berau Goardia Zibilarena baita"

  • Pepe Rei kazetariari elkarrizketa Navajas txostenari buruz, Egin-eko ikerketa saileko kazetaria eta idazlea.

Argazkia: Gari Garaialde / ARGIA Fototeka
Argazkia: Gari Garaialde / ARGIA Fototeka

1993ko uztailaren 18an

Orain ere polemika artean kaleratu da «La red Galindo» izeneko bere azken liburua. Aspaldian sartu zen gizartearen alderik beltzenak arakatzen. Narkotrafikoan sarturik azaltzen diren goardia zibilen izenak eta beraien ekintzen datu ugariak buruz dakizkien kazetari honek irailean narkotrafikoa dela eta izango den instrukzioan gizartea inplikatzea nahiko luke.

Zein da zure liburu berriaren helburu nagusia?

Euskal Herrian funtzionatzen duen narkotrafikoaren inpunitatea salatzea da, batez ere, liburuaren helburua. Inpunitate hau ETAren aurkako borrokan aritzen diren elementuek dute eta, hain zuzen ere, horregatik dute. Jende honek bere negozio zikinak ETAren aurkako borrokan oinarritzen ditu.

Liburua legalki bahitzeko asmoa azaldu du Galindok. Hau gertatzeko aukerarik ba al dago?

Liburua oso ongi lotua dago eta zaila izango da. Hala ere gogorik ez zaie falta. Navajasi eskatu diote jada gure publizitatearen aurka joatea, baina Navajasek inork baino hobeto ezagutzen du hemengo egoera.

Zer dela eta ematen da erlazio zuzena ETAren aurkako borroka eta narkotrafikoaren artean?

Guzti hauek narkotrafikoa eta ETAren aurkako borrokan ere parte hartzen dute. Hau horrela izan da hasieratik. Adibide bat aipatuko dut. Informazio hau oraindik ez da argitara eman baina esaten has daiteke. Castañeda Goardia Zibileko kapitaina jendea ETA barnean sartzen saiatu zen, Hondarribian hain zuzen ere. Hondarribiko Sagarzazuri, gaur egun espetxean dagoen narkotrafikatzaileari, ETA barnean sartzea proposatu zion baina honek ezezkoa eman zion. Honek, nahi izanez gero, ETAren aurkako borrokan zebiltzala argudiatuz narkotrafikoan zebilen jendearen inguruko datuak emango zizkiola azaldu zuen. Hemen hasi zen txostena. Honen berri izan nuenetik Navajas txostenari buruz ez nuela hitz egingo erabaki nuen. Hemendik aurrera Goardia Zibilaren informeaz hitz egingo nuela erabaki nuen, bidezkoagoa iruditzen baitzait. Navajas informea deituz, txostenaren egileak epaileak zirela azaldu nahi zen. Beraiek dioten bezala, aberria eta hitz guzti horiengatik beraien bizitza uzten zuten pertsonen aurka epaileak nola joan zitezkeen planteatu nahi zen, baina txosten hau ez da Navajasena, txostena Goardia Zibilarena da. Navajas erredaktore hutsa izen zen, informea goardia zibilek berek egin zuten.

Guzti hau irailetik aurrera instrukzio epaitegitik pasatuko da, 30 pertsona pasatuko dira eta hemen guztiak harrituko gara. Instrukzioa oso gogorra izango da.

Argazkia: Gari Garaialde / ARGIA Fototeka.

Askotan aipatu dituzun datuen arabera, justizia puntu bateraino bakarrik heltzen dela suma daiteke. Zenbateraino sinesten duzu honetan?

Nik uste dut epaile batzuek oso modu zintzoan lan egin dutela. Nik esango nuke Navajas ere zintzoa izan zela, Estatu mailan azken urteetan gehien arriskatu dena izan da, baina bere aurka egin duten kanpaina publikoa ez du inork jasan ahal. Nire ustez, zintzo lan egiten ari diren hainbat epaile daude, baina beraiek dioten bezala, epaile bat zer da, ikertuko duen polizia fiskal bat ez badu?

Hau oinarritzeko daturik ba al duzu?

Santamariaren kasua gertatu zenean, hilabete batzuk lehenago, azaroaren 20ean hain zuzen, 25 goardia zibil Garzonen agindupean lanean denbora batez aritu ondoren, Intxaurrondora joan ziren. Bertako hirugarren buruari, Maximo Blanco Lopezi, esan zioten behera joan zedin epaitua eta espetxeratua izatera baitzihoan, proxenetismo, narkotrafiko eta kontrabandoaren akusaziopean. Blanco Lopezek ez zela joango azaldu zuen. Orduan, epaiketara joango zela azaldu zioten. Bederatzi hilabete igaro dira eta Santamariaren heriotzaren ondoren instrukzio epaitegiak ikertzen zituen 25 elementuak desagertu egin dira. Epaileak ez du hauen aurkako salaketarik. Hau zergatik gertatzen den epaile batek argi azaldu zidan: «Botata utzi naute, ez daukat norekin ikertu, ezin dut ezer egin». Epaileen menpe dagoen polizi judizialik ez dago, polizi hauek Galindo edo komisariburuaren menpe daude, eta bi hauek inplikatuta badaude, nork ikertuko du?

Zure aurkako kanpaina ugari egin dira. Jarraik ateratako kartelak direla eta Atutxak ere zure aurkako hitzak botatzeko erabili zuen. Zer sentitzen duzu horrelakoak entzutean?

Atutxak horrelakoak esaten dituenean ez dut ezer sentitzen, Atutxa nire promotore handienetakoa da. Liburu bat dedikatu behar diot eta ni promozionatzeko egiten duen guztia eskertu. Beti momenturik egokienean abiatzen da eta agian hauetako egunen batean kanpainaren bat martxan jartzeko gai izango da. Atutxa memeloa da, hau bere ekintzek argi azaltzen dute.
Baina gauza larriagoak ere badaude. Gure aurka urte eta erdian lau kanpaina egin ziren. Hauetako batean Donostiako Entzutegira joan ginen bere babesa eskatzeko. Ikertzea eskatu genuen. Egun horretan Navajasi esan genion: badakigu hauetako gauza asko EAEko Barne Sailak bultzatzen dituela. Guk pertsona koalifikatuen bidez dakigu hau Atutxa eta bere prentsa arduraduna den Jon Goikoleak daramatela. Gu prest gaude bi pertsonon adierazpenak azaltzeko, material guzti hori non dagoen azaltzeko. Baina ez bakarrik nire bizitza pribatukoa, baita nire familiarena, bestearena eta harena.

Polizia politiko bat egiten ari da beraien aurkako edozer esaten duenari buruzko datuak bilduz. Pertsona hauen familia, bere aukera sexuala, azken batean, bakoitzaren bizitza pertsonala ikertzen dute. Atutxa hori da. Memeloa deitu diot, beste edozein hitz erabil nezakeen bezala; eta hau mantentzeko oinarri juridikoak izango nituzke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


2024-02-11 | Nekane Txapartegi
Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu... [+]


Eguneraketa berriak daude