Alarma jo du ziztaden fenomenoaren iritsierak, baina hasieran uste zenaren kontrara, denborarekin ezagutzera emandako informazioaren arabera gertagaitza da ziztadek sumisio kimikoa eragitea. Horrek ez du alarma faltsu bilakatzen: hainbat emakumeren testigantzek frogatzen dute ziztadak gertatu –eta gertatzen– direla, eta beraz, erasoa egiazkoa dela; inokulazioarekin edo gabe, ziztatzeak eraso izaten jarraitzen baitu, esanguraz betetako eta emakumearengan eragitea bilatzen duen keinua den heinetik. Hedabideek egindako fenomenoaren trataerarekin, baina, alarma bideratu da emakumeak gehiago kaltetzen dituen norabidean: fokua emakumeetan jarri eta indarkeria matxistarekiko beldurra elikatzen duen kontakizuna nagusitu da.
Ziztadek bete dituzte azken asteetan hedabideetako titular zein tertuliak, eta baita lagunarteko elkarrizketak ere. 2021ean Erresuma Batuan abiatutako fenomenoak bidea egin du, eta Europako zenbait herrialdetan hedatu ostean, heldu da gurera ere ziztaden olatua. Zer eta hiri, herri eta auzoetako jaiak pilatzen diren uda garaian, gainera. Alegia, eraso matxistak areagotzen diren testuinguruak biderkatzen diren urteko sasoian. Desinhibiziorako joerak ezaugarritzen duen jai giroan indartu egiten baitira hainbat jarrera zapaltzaile –emakumeen aurkakoa, kasu–, gizartean errotutako logikak azaleratuz –espazio publikoa gizonei dagokiela eta emakumeen berezko eremua espazio pribatua dela deritzona, adibidez–. Zerbaitengatik daramatza hamarkadak mugimendu feministak gaua, kalea eta jaiak gizonenak bakarrik ez, gureak ere badirela aldarrikatzen.
Aipatu logika patriarkal hori berori elikatzen duela iritzirik –espazio publikoa gizonei dagokiela–, ez dira gutxi ziztadetaz egin den trataera mediatikoa salatu dutenak. Abuztu hasieran, adibidez, Bilgune Feministak kezka adierazi zuen sare sozialen bidez, iritzirik hedatzen ari den alarma mezuak indarkeria matxistarekiko beldurra elikatzen duela eta horrek emakumeen askatasunaren mugapena dakarrela. Hala dela baieztatu zuen gaian aditua den Nerea Barjola Ramos ikerlariak El Saltori eskainitako elkarrizketan: “Gertatu ahal zaizunarekiko beldurra eragiten du: etengabe alertan jartzen zaitu, zure aisialdiaz gozatu beharrean. Eta alerta-egoeran egote horretan, emakumeen eskubideen murrizketa bat ematen da”. Izuaren ondorioz, emakumeek utz baitiezaiokete askatasunez mugitzeari, espazioa hartzeari, janzteari, harremantzeari…
Microfísica sexista del poder. El caso Alcásser y la construcción del terror sexual (Boterearen mikrofisika sexista. Alcasser auzia eta izu sexualaren eraikuntza. Virus, 2018) saiakeraren egilea da Barjola, eta Alcàsser kasuaren trataerak garaiko emakumeetan izan zuen eragina aztertzen du bertan: “Hiru nesken desagertze behartuaren inguruan sortutako narratibak hitz egiten zuen gurutzatuak izan behar ez diren mugez eta okupatu behar ez diren espazioez (gauez irten, bakarrik bidaiatu, autostop egin), izu sexualari buruzko kontakizuna abisu eta zigor erakusgarri bihurtzeko. Hala, krimenaren harira hedatutako diskurtso sozial, mediatiko eta politikoak kontraeraso patriarkal gisa antolatu ziren, mugimendu feministaren eta, oro har, emakumeen askatasun-eremuen konkistaren aurrean”. Alcàsser-eko kasu konkretutik abiatuta boterearen mikrofisika sexista izendatu duenaren funtzionamenduan sakontzen du autoreak, zeina ulertzen duen boterearen dinamika bezala, izu sexualari buruzko kontakizuna darabilena emakumeak diziplinatzeko mekanismo gisa.
Nerea Barjola: “[Ziztadez egiten ari den trataerak] Gertatu ahal zaizunarekiko beldurra eragiten du: etengabe alertan jartzen zaitu, zure aisialdiaz gozatu beharrean. Eta alerta-egoeran egote horretan, emakumeen eskubideen murrizketa bat ematen da”
Ziztaden fenomenoaz egin den trataera, Alcásserkoa bezala, izu sexual forma berri bat ote den galdetzerakoan, baiezko borobilez erantzun zuen Barjolak El Saltori eskainitako elkarrizketan, jarraian ondokoa gehituz: “Izu sexualaren errepresentazio horren arabera, beti gara gu [emakumeak] arduratu behar garenak ezer txarrik gertatu ez dakigun, eta zerbait txarra gertatzen bazaigu gurea da erantzukizuna. Baina erantzukizunak ez luke gurea izan behar, beraiena [gizonena] baizik. Eurak dira ordu batetatik aurrera espazio publikoa okupatu behar ez luketenak, eragiten duten sexu terroreagatik”.
Ziztaden fenomenoak sortutako alarma, hein handi batean, ziztadek eragin dezaketen balizko sumisio kimikoari dagokio. Hasierako usteen kontrara, baina, ohikoan ziztadek ez dakarte berekin sumisio kimikoa. Hala adierazi du azkenaldian hainbat iturrik, nahiz eta horietako zenbaitekin zorrotz agertu den Barjola: “Drogetan aditu diren zenbaitek modu sotilean birproduzitzen dute emakumeekiko sinesgarritasun falta”. Iradokitzen duenez, sumisio kimikoa eragin edo ez, ziztadak gertatzen ari dira, eta horri garrantzia eman behar zaio, ziztadak salatu dituzten emakumeen hitzari egiazkotasuna aitortzearekin batera.
Bada abiapuntu horretatik eta ikuspegi feministatik lan egiten duen elkarterik ere ordea. Hala irakur diezaiokegu Ailaket! arriskuak murriztearen aldeko droga erabiltzaile eta erabiltzaile ohien elkarteari: “Ez dugu ziztaden egiazkotasuna zalantzan jartzen, biktimen testigantzak hortxe baitaude, baina salatutako kasu gehienetan sumisio kimikoa izan izana ez da oso bideragarria. Izan ere, erasotzaileak modu errazagoak, seguruagoak (beretzat) eta askoz ohikoagoak ditu emakume bat sexualki erasotzeko”.
Salatutako ziztada kasu ia guztietan analisiek ez dute sumisio helburuz injektatutako inolako substantziarik detektatu. Eta Ailaket!-ek ñabartu dutenez, “sumisio kimikorako erabil daitezkeen substantzia psikoaktibo guztiak detektatzen dira, ondorengo zortzi orduetan gutxienez”
Ziztaden –eta horiek sumisio kimikoaren eskutik aurkezten dituen– trataera mediatikoaz kezkaturik, informazio argigarria plazaratu du Ailaket!-ek. Bertan jasotzen denez, salatutako ziztada kasu ia guztietan analisiek ez dute sumisio helburuz injektatutako inolako substantziarik detektatu. Eta ñabartu dutenez, “sumisio kimikorako erabil daitezkeen substantzia psikoaktibo guztiak detektatzen dira, ondorengo zortzi orduetan gutxienez”. Ziztaden eta sumisio kimikoaren arteko ustezko lotura desmuntatzera datozen datu gehiago ere eman dituzte: batetik, xiringa bat erabiltzeak edonork ez daukan ezagutza eskatzen duela, “are gehiago argi gutxiko guneetan erabiltzen bada eta biktima mugitzen ari bada”; bestetik, deskribatu diren efektuak eragiteko gai den substantzia injektatzeko behar den denbora hainbat segundokoa dela, ez berehalakoa; eta besteak beste, aisialdi-giroan salatutako ziztadak hainbeste izanik, inor ziztada bat egiten edo xiringa bat gainean duela antzeman ez izanak sortzen duen errezeloa.
Ikuspegi kriminologikotik ere, ulertuz gero erasotzailearen helburua biktimaren zaurgarritasun egoeraz baliatzea dela, ziztadaren estrategia ez da oso koherentea. Izan ere, ziztadak jendez inguraturik dauden emakumeei egin zaizkie, eta ustez injektatzen diren substantzien ondorioak hain berehalakoak izanik, sumisioa ez da gertatzen sexu-erasoa edo bestelako delituren bat egitea errazten duen testuinguruan. “Espainiako Estatuan salatutako ehunka kasuetan ez da erasorik edo lapurretatik izan, eta beraz, sumisio kimikoaren ustezko helburua ez da gertatzen ari”, dio Ailaket!-ek.
Ziztaden fenomenoaren trataerarekin hedatu den sumisio kimikoaren iruditeria deseraikitzera datozen datuak ere plazaratu ditu elkarteak. Eraiki den kontakizunaren arabera, ondokoa litzateke ohiko prozedura: jai-eremuan dagoen emakumeari ziztada egiten dio ezezagun batek, eta ziztada horren bidez inokulatutako substantzia psikoaktiboaren eraginez ordu laurdenen buruan sumisio kimikoaren efektuak nabaritzen hasten da (zorabioa, nekea, eta beste), zaurgarritasun egoeran egotera igaroaz. Alabaina, ziztada bidezko sumisio kimikoa gertagaitza dela azpimarratzeaz gain, ohikoan sumisio kimikoa nola gauzatu ohi den ere azaldu du Ailaket!-ek: alkohola, normalizatuen dagoen droga, izan ohi da sumisio kimiko kasuetan substantziarik ohikoena, eta sumisio kimiko bidezko erasoen gehiengoa oportunista izan ohi da. Beste era batera esanda, ohikoena erasotzaileak biktimak borondatez kontsumitutako substantzia psikoaktiboek eragindako zaurgarritasun egoera baliatzea dela. Eta hori hala da, kasuen gehiengoan erasotzailea erasotuaren ezaguna delako.
Inokulazioarekin zein inokulaziorik gabe, ziztadak segitzen du eraso izaten, esanguraz kargaturik baitoa eta bilatzen baitu emakumearengan eragitea
Ziztada bidez sumisio kimikoa nekez eragin daitekeela ezagutzea lasaigarri suerta badaiteke ere, ez lioke larritasunik kendu beharko fenomenoari. Inokulazioarekin zein inokulaziorik gabe, ziztadak segitzen baitu eraso izaten, esanguraz kargaturik baitoa eta bilatzen baitu emakumearengan eragitea. Argi azaltzen du María Sánchez-Ramos-ek eldiario.es-en: “Akaso emakume bat ziztatzea ez da erasoa bere horretan? Akaso ez du xedetzat gure haragitan beldurra inokulatzea? Indar, kontrol eta botere maskulinoaren erakustaldia da. Orratzaren esanahia itzul daiteke “ez zaitut drogatzen, baina hala egin ahalko nuke” hitzekin, eta ohartarazpena emakume bati egiten zaio, baina guztioi era berean, jakinarazteko zein den gure tokia”.
Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak.
Abuztuaren 29ko gaueko egitaraua bertan behera utzi dute, iazko jaietan gau horretan izan baitziren indarkeria kasuak: sumisio kimiko bidezko sexu erasoak eta borrokak "nabarmen" areagotu zirela azaldu du Amets Jauregizar herriko alkateak. Abuztuaren 28tik 31ra bitarte... [+]
Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute.
2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]
Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak atxilotze-agindua eman du 2023ko urrian Algortan jazotako talde sexu-eraso batean ustez parte hartu zuen egileetako baten aurka. Kasua sexu-eraso larri gisa sailkatu du magistratuak eta poliziari eskatu dio, gaztea aurkitzen dutenean, epaitegira... [+]
Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]
Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]
Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela... [+]
Mugimendu Feministak deituta, ehunka herritar, ordezkari politiko eta jaietako talde bildu dira uztailaren 13an Iruñeko Gaztelu Plazan. Intentsitate handiko eraso baten eta intentsitate txikiko beste hainbat erasoren testuinguruan egin dute elkarretaratzea. Eraso sexistarik... [+]
Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuak publikatu ditu hainbat salatzaileren mezuak. Horietan salatu dute bi talde horien baxu jotzaileak haren bikotekide ohiak fisikoki eta psikologikoki eraso izana
Uztailaren 5ean egin zituen sexu erasoak Iruñeko barraka gune batean. Leporatutako delituen larritasuna dela eta epaileak fidantza ordaintzeko aukera kendu dio.
2024aren bukaeratik behartu du gaztea berekin sexu-harremanak izatera, diru truke.
Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]
Erasoen aurrean jarduteko protokoloaren garrantziaz mintzatu da Equala berdintasun aholkularitza zerbitzuko Leire Martinez. Eraso baten aurrean zer egin, nora deitu eta nola babestu jakiteko balio du. Iruñeko Peñen Federazioarekin aritu dira elkarlanean aurten ere.
Adimen Artifizialaz egindako bideoak sareratu dituzte, Mengolini difamatzen dutenak. “Gorrotoa bultzatzea, indarkeria kolektiboa eta bortxazko mehatxuak” izan direla salatu du kazetariak, eta zigor bideari ekingo diola.