ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea
Durangoko Azoka. Bidaiko 1. eguna.

Zientzia-fikziozko bidaia Durango planetara

  • Lur hartu dugu. Planeta: Durango. Sentsazioak: arraroak. Oxigenoa: bost egunerako adina. Oharrak: martziano samarra da hau. Zibilizazio oso bat aurkitu dugu, gizaki arrunten antzekoa, baina paperaz elikatzen dena. Euskaraz idazten diren liburuak interesatzen zaizkiela dirudi. Ikerketa-metodoa: proposatu natiboei dieta tematiko bat, nola erreakzionatzen duten aztertzeko. Fikzio espekulatiboarekin hasiko dugu esperimentua. Hurrengo egunetan beste elikagai batzuk eskainiko dizkiegu. 


2022ko abenduaren 07a - 08:25

Beste lehentasun batzuk jarri direlako, astroak gurutzatu ez direlako edo auskalo zergatik, hutsune handi samarra izan da urtetan euskal literaturaren alorrean: zientzia-fikziorik eta, zentzu zabalagoan, fikzio espekulatiborik apenas idatzi den. Eta “izan da” diot, aurtengo Durangoko Azokan erosi ahalko diren nobedadeen artean liburu bat baino gehiago sar baitaiteke genero horren barruan.

Zerbait aldatzen ari den seinale? Euskal pizkunde interplanetario berri baten atarian gaude? Bai, bai, flipatzen ari naizela pentsatzen hasi zarete. Eta hala da. Horretarako aukera ematen du, hain zuzen, fikzio espekulatiboak: gaur egun pentsaezina dena imajinatzeko ateak zabaltzen dizkigu. Beharrezko ariketa, inondik ere, no future eslogana modu ez-punki batean zainetaraino sartu diguten garaiotan etorkizuna diferentea izan daitekeela pentsatzeko.

Irudikatzeko, adibidez, XXIII. mendea nolakoa izango den: mundua bakarrik ez, unibertso osoa euskaldunek gidatzen dute, inoiz ezagutu gabeko zoriontasuna eta ongizatea da nagusi haien agintepean. Baina nagusitasun horren aurkako erresistentzia antolatzen hasia da: garai bateko espainiar kultura eta hizkuntzaren gailentasuna berreskuratu nahi dute batzuek eta, horretarako, XXI. mendera bidaiatzea planeatu dute, orduan gertatu zelako Iraultza Handia.

Hori kontatzen du Mikel Alvarez Sarriegiren Euskalia (Elkar) nobelak, ironia turrustak handik eta hemendik isuriz, galdera oso serio bat planteatzeko: euskara hizkuntza hegemonikoa balitz, nola jokatuko genuke? Hasieran telesail baterako gidoia izateko asmoa zeukan istorio honek zientzia-fikziozko eleberri forma hartu du, ikus-entzunezko erreferentziak galdu gabe –Matrix, Terminator...–. Beasaindarraren lehen nobela da.

Espazio-ontziaren hurrengo geltokia: Ostadar 7310 (Denonartean) planeta. Iñigo Ibarra iruindarraren hirugarren liburu honetan, gizakien eta androideen arteko elkarbizitza nolakoa den ikusiko dugu. Badirudi hezur-haragizko pertsonak eta zirkuituz eta kablez egindakoak ondo moldatzen direla elkarrekin, baina beti dago matxinatzen den trasteren bat. Horiek birprogramatzen lan egiten du nobelako protagonistak. H57 androidea bere eskuetan erortzen den arte. Senak aginduta-edo, hura ez birprogramatzea erabakiko du eta hortik aurrera dena hankaz gora jarriko da.

Kapitulu bakoitzean ezustekoak dauzkan eleberri honek, gaur egungo bizimodu hiperkonektatuak ekar dezakeen mundua aurreikusten du: informazioaren kontrol digitalak eta egiten dugun guztia erregistratzen duten tresnek, muturrera eramanda, zer ondorio izan ditzaketen irudika dezake irakurleak istorio honen bitartez. Eta esan beharrik ez dago, ondorio horiek ez dira oso atseginak.

Ai, teknologia. Ezin diogu muzin egin, baina, aldi berean, haren bidez zer bihurtzen ari garen asunto kezkagarria da inondik ere. Edo behintzat, gure interesa pizten duen zerbait, bestela ez bailirateke gai hori ardatz duten hainbeste nobela argitaratuko. Izan ere, dagoeneko ez dugu gehiegi desberdintzen errealitate fisikoa eta birtuala; eta oraindik kalibratzen zailak diren eraginak izango ditu horrek hemendik gutxira. Demagun, mende honen erdialdea iristen denerako. Katixa Agirreren Berriz zentauro (Elkar) nobelak hain urrunekoa ez dirudien etorkizunera garamatza, Mary Wollstonecraft idazle feminista ikertzeko Parisera doan Paula Pagaldai protagonistaren bidez.

Amek ez dute nobelarekin (Elkar, 2018) bere ibilbidean mugarria jarri ondoren, Agirre zenbait plano uztartzen dituen lan batekin itzuli da nobedadeen apaletara: etorkizun hurbila, XVIII. mendea, sexua, generoen arteko mugak... Sexu birtuala, errealitate hedatua, bizipen areagotuak. Dena izango da oso desberdina etorkizunean. Edo ez hainbeste?

Gure burua ibilbide luzeko beste idazle baten azken nobelara tele-garraiatu eta etorkizun pixka bat desberdina irudikatzeko aukera ere badaukagu Durangoko Azoka honetan. Asel Luzarragaren Esan gabe doa (Txalaparta) eleberria trilogia bat inauguratzen duen liburua da. Simun Palsu fikziozko idazleak eskribitutako istorio honetan, duela hamar urtetik indarrean dagoen Askayala herri askeen federazioaren berri izango dugu.

"Zientzia-fikzioa euskal literaturan gutxi jorratu den zerbait izan arren, aurrekariak baditu eta aitortza merezi dute. Mayi Pelot idazle biarriztarra izan zen aitzindaria"

Tentsioz betetako egoera da, nazioarteko aliantza baten inbasio-mehatxupean baitago aipatutako federazioa. Testuinguru horretan, lau pertsonaia nagusiren inguruan harilkatutako eleberria osatu du Luzarragak, etorkizuneko utopian pentsatzera gonbidatzen gaituena, fikzio espekulatiboa uztartuz Latinoamerikan hain sustrai sendoak dauzkan errealismo magikoarekin.

Genero literario honen barruan denboran atzera bidaiatzea libre denez, nobedade-nobedadea ez den liburu bat ere gomendatu beharrean gara amaitzeko. Izan ere, zientzia-fikzioa euskal literaturan gutxi jorratu den zerbait izan arren, aurrekariak baditu eta aitortza merezi dute. Mayi Pelot idazle biarriztarra izan zen aitzindaria, 1985ean argitaratu zuen Biharko oroitzapenak (Maiatz) ipuin bildumarekin. Ekarpen hark segida izan zuen 1987ko Teleamarauna (Maiatz) eleberri laburrarekin.

Luzaz ahaztu samar egon ondoren, kritikariak 2010eko hamarkadan hasi ziren haren obra berriz aldarrikatzen –Aritz Galarraga aurrena eta Amaia Alvarez Uria gero, hedabide honetan bertan–. Pelot hil ostean, Sareinak taldeak bultzatuta, omenaldia ere egin zioten Baionan duela hiru urte eta Maiatz argitaletxeak haren lan guztiak berrargitaratu zituen: Olerki, ipuin eta eleberriak (2019). Durangon eskuratzeko aukera izango da, segur aski. Aurrekari hori gogora ekartzearen garrantzia ez dizuet esplikatu beharrik: izan zirelako gara. Edo, bueno, zientzia-fikzioko logikara ekarrita: izango direlako gara.


Durangoko Azoka 2022 kanaletik interesatuko zaizu...
2022-12-12 | ARGIA
"Aurreikuspenak beteta eta pozik" eman diote amaiera 57. Durangoko Azokari

Balorazio positiboa egun dute Durangoko Azokaren antolatzaileek: giroaz eta bisitari zein salmenta kopuruaz kontent agertu dira. Hurrengo azokari jarri diote data jada: 2023ko abenduaren 6tik 10era gauzatuko da 58. edizioa.


Durangoko Azoka. Bidaiko 5. eguna.
Ipuin batean bezala

Zer da zailagoa, irakurlea adi mantentzea 300 orrialdeko luzera daukan istorio bakarrean ala lauzpabost orrialdetan zerbait gogoangarria kontatzea? Nobela ala ipuina, ipuina ala nobela: hau irakurtzen duzunerako Durangoko Azokan irabazteko ezer gutxi geratzen denez,... [+]


Aldirietako trena. Helmuga: Durango

Hainbeste liburu publikatu da aurten ere Durangoko Azokara begira, Landakon itsu-itsuan sartuz gero galtzea erraza dela. Hiri ezezagun bateko estazio batean bezain erraza. Lasai, zerbitzu publikoa emateko gaude hemen: generoka antolatutako bost linea aurkezten dizkizugu,... [+]


Durangoko Azoka. Bidaiko 4. eguna.
Komiki-azoka ere bada Durangokoa

Komikia leku bila dabil Durangon, baina asuntua ez dago oso erraz. Bi problema nagusi ditu, nik uste: lehenbizikoa, genero gutxietsia izan dela, zenbaiten begietan bineta eta bunbuiloak irakurtzea kasik ez irakurtzearen pareko zerbait izateraino. Eta bigarrena, gure egoera... [+]


Neomak taldea
"Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, perreoan amaitzen dugu jende artean"

Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.


Eguneraketa berriak daude