Aldirietako trena. Helmuga: Durango

  • Hainbeste liburu publikatu da aurten ere Durangoko Azokara begira, Landakon itsu-itsuan sartuz gero galtzea erraza dela. Hiri ezezagun bateko estazio batean bezain erraza. Lasai, zerbitzu publikoa emateko gaude hemen: generoka antolatutako bost linea aurkezten dizkizugu, nobedade literarioetan barrena erosoago bidaiatu dezazun. Hala ere, begiratu bi aldeetara zeharkatu aurretik: liburu batek beste liburu bat ezkuta dezake. 

1. linea: Fikzio espekulatiboa Durango planetan

Irudikatu XXIII. mendea: unibertso osoa euskaldunek gidatzen dute, inoiz ezagutu gabeko zoriontasuna eta ongizatea da nagusi. Baina erresistentzia antolatzen hasia da: garai bateko espainiar kulturaren gailentasuna berreskuratu nahi dute batzuek. Mikel Alvarez Sarriegiren Euskalia (Elkar) nobelaren abiapuntua hori da. Ironia handiz kontatutako istorio honek darabiltzan erreferentzia kultural ugariei esker, irabaziko du irakurle bat baino gehiago.

Espazio-ontziaren hurrengo geltokia: Ostadar 7310 (Denonartean) planeta. Iñigo Ibarraren liburu honetan, gizakien eta androideen arteko elkarbizitza harmoniatsua ikusiko dugu. Portaera txarreko androideak birprogramatzen lan egiten du protagonistak. Batekin desberdin jokatuko duen arte. Kapitulu bakoitzean ezustekoak dauzkan eleberri honek, gaur egungo bizimodu hiperkonektatuak ekar dezakeen mundua aurreikusten du.

Katixa Agirreren Berriz zentauro-k (Elkar) hain urrunekoa ez dirudien etorkizunera garamatza, Mary Wollstonecraft idazle feminista ikertzeko Parisera doan Paula Pagaldai protagonistaren bidez. Zenbait plano tematiko eta tenporal uztartzen dira eleberrian: etorkizun hurbila, XVIII. mendea, generoen arteko mugak... Sexu birtuala, errealitate hedatua, bizipen areagotuak. Dena izango da oso desberdina etorkizunean. Edo ez hainbeste?

Asel Luzarragaren Esan gabe doa (Txalaparta) nobelan berriz, Askayala herri askeen federazioa ezagutuko dugu. Tentsioz betetako egoeran dago, nazioarteko aliantza baten inbasio-mehatxupean. Lau pertsonaia nagusiren inguruan harilkatutako eleberriak etorkizuneko utopian pentsatzera gonbidatzen gaitu, fikzio espekulatiboa uztartuz errealismo magikoarekin.

2. linea: Nobela beltz eta misteriozkoak: Landakoko hiltzailearen bila

Lehen kasua: Aingeru Epaltzaren Erretzaile damutuen konpainia (Elkar) nobelan aurkituko dugun Edu Saragueta ez da Rock’n’Roll eleberrian (Elkar, 2000) agertzen zen bera. 60 urte betetzetik gertu dago, ohitura osasuntsuagoak ditu, baina beste guztia nahiko desastre: langabezia, bakardadea, Interneten ligatzeko saiakerak... Komunitate islamikoari buruzko erreportaje sorta bat eskatuko diote eta orduan... gauzak gertatzen hasiko dira.

Euskal thrillergintzaren maisuetako baten nobedadea ere badugu: Alberto Ladrón Aranak 1948ra garamatza Ilunpeko zelataria (Elkar) nobelan. Hamabi urteko bi mutil kozkor Iruñean. Haietako batek zineman aurkitutako musuzapiak abiatuko du ekintza. Bahitutako neska batena dela sumatuta, haren bila abiatuko dira. Idazlearen aurreko lanen aldean, hemen nabarmenagoa da fantasiaranzko joera, hain bereak dituen elkarrizketa biziak, suspensea eta abenturak mantenduta, betiere.

Eta Amaiur bat urtero (Amaiur Gaztelu Elkartea / (H)ilbeltza) nobelarekin itzuli da genero beltzera Jon Alonso. Baztanen grabatzen ari diren film bat da abiapuntua: amodiozko istorio gartsu bat, duela 500 urteko Amaiurko setioaren garaian girotua. Ustekabeko heriotza batek gertakariak azkartuko ditu, intrigaz beteriko istorioari bide emanez, Alonsok genero honetan idazten duenean batere bridatzen ez duen umore-senaz lagunduta.

Generoan debuta egin du, aldiz, Andoni Agirrezabalak Etxe berdea-rekin (Erein). 2005eko urriaren 29ra eramango gaitu, zenbait hilketa izan ziren herri batera. Polizia etorri zen, baina fundamentu handirik egin gabe itzuli zen etorritako bidetik. Herriko aguazilak, ordea, bere kabuz ikertzen jarraitu zuen. Lan hori izango du irakurleak esku artean: gertatu zenari buruzko lekukotasunak, found footage estiloan aurkeztuak, ahots ugariz eta kontakizun biziz osatutako nobela batean.

Azken bala, Italiatik inportatutako itzulpen bat: Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte (Txalaparta, Koldo Bigurik euskaratua). Ezker muturreko militante ohia da Giorgio Pellegrini. Hego Amerikan urteak igaro ondoren, Italiara itzuliko da, baina ez du kartzelan bukatu nahi. Horregatik, aspaldiko kamaradak salduko ditu. Ustelkeria, kritika soziala eta indarkeria barra-barra.

3. linea: Pentsatzeko txokoa: aurtengo zenbait saiakera

Iñigo Antsorregi triste sentitzen hasi zen 2019an. Emozionalki nekatuta. Une batetik aurrera, nekea min bihurtu zen. Barruan zerbait apurtu zitzaion. Pentsamendu suizidak edukitzera ailegatu zen. Lanketa sakonaren ondoren, zulo hartatik aterata, bizi izandakoa kontatu du Nire minaren etxean (Elkar) saiakera autobiografikoan, antzeko egoeran egon daitezkeenentzat lagungarri izan daitekeelakoan.

Sexu-langileak dira Juno Mac eta Molly Smith, Puta zikinak (Katakrak) liburuaren egileak. Gaizki ordaindutako lanetatik pasa ondoren iritsi ziren prostituziora eta horrek politikoki ere aldatu zituen, feminismo liberaletik posizio komunistetara gerturatzen hasi baitziren. Amaia Astobiza Uriartek euskaratu du ingelesetik sexu-langileen eskubideen aldeko borroka ardatz duen saiakera hau.

Ane Garcia Lopezek itzulita berriz, euskaraz irakur dezakegu Maskulinitateak (Elkar). R.W. Connell soziologo australiarraren lan honek galdera zentral bati erantzunak eman nahi dizkio: genero-berdintasunaren aldeko borrokan, zein da gizonen lekua? Obra honi egozten zaio “maskulinitate hegemonikoa” kontzeptua lehen aldiz erabili izana. Elkarrek eta Jakinek abian jarritako Eskafandra sailaren azken emaitza da.

Leire Milikua Larramendiren Lur gainean, itzal azpian (Susa) liburuak berriz, emakume baserritarrak ditu ardatz. Haien subalternitate hirukoitza ikusiko du irakurleak: emakumeak, nekazariak eta landatarrak dira, patriarkala, kapitalista eta hiritarra den mundu –eta Euskal Herri– batean. Sintesi-gaitasun handiz idatzitako saio hau gehienon buruetan instalatuta dauden aurreiritziak berrikusteko baliagarria izan daiteke.

Aiora Zabala Aizpururen Natura gure esku (Alberdania) saiakerak berriz, puri-purian dagoen klima aldaketaren gaiari buruz jarduteko gako batzuk eskaintzen ditu. Funtsezko ideia honakoa litzateke: posible da larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galera bezalako problemez askatasun handiagoz pentsatzea; eta horrenbestez, baita hartu behar diren erabaki politikoetan ere sormen handiagoz jokatzea.

Gure buruaz pentsatzeko metodo klasikoetan klasikoena da elkarrizketa, Sokratesen garaitik.  Agustin Arrieta Urtizberearen Gaueko eztabaidak (Erein) liburuan, kongresu batera joan diren lau gaztek elkar ezagutuko dute eta gauero piztuko da haien arteko debatea: egia, zientzia, erlijioa, maitasuna, sexu-generoa, artea, fikzioa, balioak, zoriontasuna... Arrietak bere ibilbidean landu izan dituen bi generoak, fikziozko narratiba eta saiakera, txirikordatuta agertzen zaizkigu lan honetan.

4. linea: Komiki-azoka ere bada Durango

Sei esku elkartu dira Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) komikia gauzatzeko: Harkaitz Cano, Unai Iturriaga eta Joseba Larratxe. Donostian jaiotako musikariari buruzko lan biografiko honek hasieratik deituko du irakurlearen arreta, izan ere, istorioaren lehenbiziko orrialdeak western baten moduan kontatuta daude.

Komiki klasiko bat, Art Spiegelmanek 1991n argitaratu zuen Maus (Astiberri), euskaraz irakur dezakegu orain. Julen Gabiriak itzulitako lanak bi istorio paralelo kontatzen ditu: Spiegelmanek bere aitarekin daukan harremana; eta aitak nazien kontzentrazio-esparru batean bizi izandakoak. Pertsonaia guztiak giza-itxurako animaliak balira bezala irudikatu zituen Spiegelmanek, horrela Holokaustoa gauzatu ahal izateko ezinbestekoa izan zen desindibidualizazioa islatuz.

Norbanakoaz dihardu, aldiz, Usue Egiaren Ura leporaino (Denonartean) lanak. 30 urte inguruko emakume baten bizipenak aurkituko ditu irakurleak, erreferentzia kultural ugarik zeharkatzen duten komiki honetan. Frustrazioak, umorea eta fantasia, besteak beste Chavela Vargasen, Henry Purcellen edo Nacho Vegasen kantekin gatz-ozpinduta.

Italian argitaratu eta gutxira publikatu da euskaraz Zerocalcareren No sleep till Shengal (Farmazia Beltza), Koldo Izagirreren itzulpenari esker. 2014an ISISen genozidiotik ihes egitea lortu zuten ezidiarrei buruzko kronika da. Infernuko zulotik atera bakarrik ez, ezerezaren erdian antolaketa sozial berri bat asmatzeko gai den herriari eman dio protagonismo osoa komikilari italiarrak.

Adur Larreak berriz, iraganera garamatza Lurbinttoko ohoinak (Elkar) komikian. XVIII. Mendeko Konbentzio Gerra amaitu berri da eta galtzaile suertatu direnetako batzuek, beren herrietara itzultzean, panorama samingarria aurkitu dute: etxeak erreta edo okupatuta, haien lurrak besteen esku... Baina armak dauzkate. Eta badakite nola erabili. Gure historiaren alderdi ez oso ezagun baten berri eman digu komikigile bizkaitar-lapurtarrak bere azkeneko obra honetan.

Bertsoak izan ditu abiapuntu Ainara Azpiazu Adurizek Utzi azalari (Dobera) komikian. 2017ko Txalpelketa Nagusiko Irungo saioan Maialen Lujanbiok kantatu zituenetatik abiatu da, irakurlea pertsona trans ez-bitar baten azalean sartzeko. Trantsizioan dauden gorputzez eta bizitzez hausnartzeko aukera ematen digu hernaniarraren lan berriak.

Trantsizioan ez, baina aldaketa betean dago Bruno Duhamelen Aztarna faltsuak (Harriet) komikiko protagonista. Hamabost urtez AEBetako Mendebaleko ikuskizun batean Johnson Marshallaren rola jokatu du, baita lana serioegi hartzen bukatu ere: turista baten aurrean bere arma atera zuen eta orain langabezian dago. Dena galdu ondoren abiatzen duen bidaiaren kontakizun hau komikigile frantziar zailduaren azkenaurreko emaitza da. Aukera ona, bide batez, Harriet argitaletxearen katalogo zabalean murgiltzeko. Aurten manga japoniarrak euskaraz argitaratzen ere hasi dira: Tomomi Usuiren Cube Arts ere aurkituko duzue haien standean.

5. linea: Ipuin batean bezala

Karlos Linazasororen Samuel eta Slawo (Alberdania) tour de force bat da, 86 istorio 150 orrialdetan, berarengan hain ohikoak diren umore beltza eta absurdorako joera uztartuta. Tituluak berak iragartzen duen moduan, Beckett-en eta Mrozek-en literaturen eraginpean idatzitako istorio hauek ipuingintza kontzentratuaren erakustaldi bat dira.

Arrate Egañaren Itzalen distira-n (Erein) prosa zuzenez eta debaldeko apaindurarik gabe idatzitako istorioak aurkituko ditu irakurleak, erretratu sozial konplexuak osatzen dituztenak. Besteak beste, 2013an Bilboko Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazi zuen Marquez narrazioa dago bilduma honetan.

Iban Zalduak irailean aurkeztu zuen Ipuina engainua da (Elkar), zeinean uztartu dituen bere idazkeran preziatuak ziren osagaiak –amaiera borobilak, tonu ironikoa–, aurreko liburuekin alderatuz berritzailea den arnas luzeko narrazioranzko joerarekin. Mota ugaritako istorioak dira, estilo pertsonal eta identifikagarri batek harilkatuak.

Aurrekoak bezain emankor izan gabe, zerbait argitaratzen duen bakoitzean zeresana emateko gaitasuna dauka Jon Benitok. Lagun minak (Farmazia Beltza) liburuan poemak eta ipuinak uztartu ditu, gure garai honi egokitutako idazkeraren bila egindako ariketa literarioan. Pertsonaia hautsiak aurkituko ditu irakurleak; eta estilo narratibo konbentzionaletatik harago joateko etengabeko ahalegina.

Jatorriz euskaraz argitaratu ez diren liburuen artean, lehenbiziko aldiz bi autore katalan euskaraz irakurtzeko aukera: Victor Català pseudonimoarekin idatzi zuen Caterina Albert i Paradisen Atsoa (Txalaparta) da horietako bat. Hamar ipuin biltzen ditu liburuak, Catalàren hasierako modernismotik haren testu berantiarretarainoko bidaia proposatuz.

Idazle katalanen azken labealdian egin da ezagun, bestalde, Irene Pujadas. Haren Puskak (Igela) 21 ipuinez osatuta dago eta Amaia Apalauzaren itzulpenari esker daukagu euskaraz. Eguneroko bizitzakoak diruditen pasadizoak kontatu ditu Pujadasek, baina egunerokotasun hori puskatu egiten da, oso erosoak ez diren egiak azaleratuz.

Literatura Unibertsala bilduman berriz, Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio, Joannes Jauregik itzulita. Liburu hau da agian Andersonen lanik goraipatuena eta eragina izan zuen AEBetako ondorengo idazle inportanteengan –Faulkner, Hemingway–. Herriko bizimodutik ihes egin nahi eta ezina maiz agertzen da 21 ipuinotan; eta liburua, oro har, “groteskoaren begiradak” ezaugarritzen du.

Ezin aipatu gabe utzi ipuingintzari dagokionez Alfa eta Omega den idazlea: Anton Txekhoven 31 ipuin (Elkar) euskaratu ditu Iker Sanchok. Notizia ezin hobea izan da: idazle errusiarraren istorio umoretsu bezain sakonetan murgiltzeko aukera berritzeaz gain, ipuina zergatik ez den nobelaren ahizpa txikia ikasteko 31 arrazoi on –gutxienez– eman dizkigu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2022
2022-12-12 | ARGIA
"Aurreikuspenak beteta eta pozik" eman diote amaiera 57. Durangoko Azokari

Balorazio positiboa egun dute Durangoko Azokaren antolatzaileek: giroaz eta bisitari zein salmenta kopuruaz kontent agertu dira. Hurrengo azokari jarri diote data jada: 2023ko abenduaren 6tik 10era gauzatuko da 58. edizioa.


Durangoko Azoka. Bidaiko 5. eguna.
Ipuin batean bezala

Zer da zailagoa, irakurlea adi mantentzea 300 orrialdeko luzera daukan istorio bakarrean ala lauzpabost orrialdetan zerbait gogoangarria kontatzea? Nobela ala ipuina, ipuina ala nobela: hau irakurtzen duzunerako Durangoko Azokan irabazteko ezer gutxi geratzen denez,... [+]


Durangoko Azoka. Bidaiko 4. eguna.
Komiki-azoka ere bada Durangokoa

Komikia leku bila dabil Durangon, baina asuntua ez dago oso erraz. Bi problema nagusi ditu, nik uste: lehenbizikoa, genero gutxietsia izan dela, zenbaiten begietan bineta eta bunbuiloak irakurtzea kasik ez irakurtzearen pareko zerbait izateraino. Eta bigarrena, gure egoera... [+]


Neomak taldea
"Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, perreoan amaitzen dugu jende artean"

Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.


Durangoko Azoka. Bidaiko 3. eguna.
Pentsatzeko txokora: aurtengo zenbait saiakera

Garai nahasiak, tentsio soziala, krisi pertsonal eta kolektiboak, birpentsatzeko kontu asko: euskal liburugintza ez da bizi inguratzen duen gizartetik aparte. Horren isla izan liteke azken urteotan saiakerek eta, oro har, ez-fikziozko liburuek hartu duten protagonismoa. Mota... [+]


Eguneraketa berriak daude