Pentsatzeko txokora: aurtengo zenbait saiakera

  • Garai nahasiak, tentsio soziala, krisi pertsonal eta kolektiboak, birpentsatzeko kontu asko: euskal liburugintza ez da bizi inguratzen duen gizartetik aparte. Horren isla izan liteke azken urteotan saiakerek eta, oro har, ez-fikziozko liburuek hartu duten protagonismoa. Mota horretako lanetan jarriko dugu arreta aurtengo Durangoko Azokan eskuratu daitezkeen liburuetan barrena egiten ari garen ibilbide tematikoen hirugarren kapitulu honetan.


2022ko abenduaren 09an - 06:30
Azken eguneraketa: 08:07

Has gaitezen etxetik, azken urteotan gehiegi erabili dugun espazio hori. Izan ere, kalera atera ezinda ere egon gara; eta isolatuta, elkarrengandik bereizita. Ez da erraza izan. Askori mugitu zaigu zerbait barruan; beste askori, zerbait hautsi ere bai. Horren ondorioz, osasun mentalaren garrantziaz lehen baino kontzientzia handixeagoa daukagu beharbada, baina gauza asko geratzen zaizkigu oraindik hitz egiteko. Eta liburuak beti dira bidelagun onak elkarrizketa hasteko.

Iñigo Antsorregi pandemia baino lehenago hasi zen triste eta nekatuta sentitzen, 2019an. Nekea ez zen fisikoa bakarrik, emozionala ere bazen. Eta une batetik aurrera, ez zen nekea, mina bihurtu zen. Barruan zerbait apurtu zion mina: pentsamendu suizidak edukitzera ailegatu zen. Hiru urteko lanketa sakonaren ondoren, zulo hartatik atera da, baina bizi izandakoa kontatu du Nire minaren etxean (Elkar) saiakera autobiografikoan. Eta eskertzekoa da hori egin izana, antzeko egoeran egon daitezkeen pertsona askorentzat balio dezakeelako, jabetu daitezen ez daudela bakarrik; eta posible dela iluntasun horretatik ateratzea. “Pertsona bakar bat konprenituta sentitzen bada, merezi izan du”, azaldu zuen Antsorregik liburuaren aurkezpenean.

Gutxi –eta erreparo askorekin– agertzen den beste gai bat: prostituzioa. Sexu-langileak dira Juno Mac eta Molly Smith, Puta zikinak (Katakrak) liburuaren egileak. Ikasketak amaitu eta gaizki ordaindutako lanetatik pasa ondoren iritsi ziren prostituziora. Bizipen horrek politikoki ere aldatu zituen, feminismo liberaletik posizio komunistetara gerturatzen hasi baitziren. Sex Worker Advocacy and Resistence Movement-eko (SWARM) kideak dira gaur egun.

Amaia Astobiza Uriartek euskaratu du ingelesetik sexu-langileen eskubideen aldeko borroka ardatz duen saiakera hau. Mac-en eta Smith-en bitartez, eta prostituzioarekin lotuta, maskulinitateaz, klase sozialaz edo gorputzaren erabileraz pentsatzera gonbidatzen gaituen liburua da. “Sexu-lana ganbera korazatu bat da, non gizarteak bere beldur eta kezkarik larrienak gordetzen baititu”, diote egileek, tabuak hausten hasteko aproposa izan daitekeen testu honetan.

Maskulinitatea aipatu dugu aurreko paragrafoan? Maskulinitatea aipatu dugu paragrafoan. Ba horretaz asko pentsatzeko artefaktu bikaina plazaratu da duela ez asko: Maskulinitateak (Elkar), R.W. Connell soziologo australiarrarena, Ane Garcia Lopezek itzulia. Elkarrek eta Jakinek duela sei urte martxan jarritako Eskafandra bildumaren orain arteko azken ekarpena da: pentsamendu feministaren erreferentziazko obrak euskaraz eskaintzeko asmoak gidatuta, besteak beste Angela Davis, Silvia Federici, Judith Butler edo Simone de Beauvoirren lan esanguratsuenetako batzuk plazaratu dira sail horretan azken urteotan.

Connellen lanari dagokionez, galdera bati –genero-berdintasunaren aldeko borrokan, zein da gizonen lekua?– erantzun eta gogoetarako bide asko eman diezazkiokeen liburua da. Besteak beste, obra honi egozten zaio “maskulinitate hegemonikoa” kontzeptua lehen aldiz erabili izana. Gizontasun-eredu nagusi hori historian zehar nola aldatu eta birdefinitu den aztertzen du soziologoak, 1995ean lehen aldiz argitaratu zenetik zeresan franko eman duen lan honetan.

Estereotipoak puskatzeko aproposa izan daitekeen saiakera da Leire Milikua Larramendiren Lur gainean, itzal azpian (Susa) ere. Emakume baserritarren ahotsak jaso ditu Zarauzko argitaletxearen Lisipe bilduma feministaren baitan argitaratu den lan honek; eta kontatzen duten horretatik abiatuta egin du lurra lantzen duten emakumeen egoeraren diagnostikoa. Subalternitate hirukoitz baten berri izango du irakurleak: emakumeak, nekazariak eta landatarrak dira, patriarkala, kapitalista eta hiritarra den mundu –eta Euskal Herri– batean.

Zorroztasun eta sintesi-gaitasun handiz idatzitako saio honek –120 orrialde aski ditu irakurleari ezkutuan dagoen mundu oso bat irekitzeko–, bat baino gehiago txundituko duela uste du hitzaurrea idatzi duen Josebe Blanco Alvarezek: “Harrituko zaituzte datuek eta horien gainean Leire Milikuak egiten dituen hausnarketek edota egiten dizkigun galderek; baita datuek, hainbat geruzatan, ezkutatzen dituzten errealitateak ere. Akaso, irakurketak eramango zaitu landa-eremuaz eta gutaz duzun ikuspegia berrikustera, gu ikusteko begiak mudatzera eta, agian, guri begiratzeko orain arteko talaia abandonatzera”.

Lurrari lotutako saiakera da, halaber, Aiora Zabala Aizpururen Natura gure esku (Alberdania). Nature Sustainability aldizkariko editore izana eta Cambridgeko (Erresuma Batua) unibertsitateko irakaslea, irundar honen saiakerak puri-purian dagoen klima aldaketaren gaiari buruz jarduteko gako batzuk eskaintzen ditu. Funtsezko ideia honakoa litzateke: posiblea da larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galera bezalako problemez askatasun handiagoz pentsatzea; eta horrenbestez, baita hartu behar diren erabaki politikoetan ere sormen handiagoz jokatzea.

Gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanaz ari da Zabala saio labur bezain mamitsu honetan, baina ez era abstraktuan: egilea bera edo haren antzeko norbait izan daiteke liburu honetan hitz egiten digun ahotsa; eta auzi konplexua bada ere, modu ulergarri eta atseginean dago idatzia, elkarrizketa gisako pasarteak, bizipen pertsonalak edo aktualitateko elementuak tartekatuz ebidentzia zientifikoekin.

Elkarrizketak aurkituko ditu irakurleak Agustin Arrieta Urtizberearen Gaueko eztabaidak (Erein) liburuan ere. Gure buruaz pentsatzeko metodo klasikoetan klasikoena, elkarrizketa sokratikoen garaitik baliatu izan da solasaldia argitasun pixka bat bilatzeko eragiten diguten aferen inguruan. Gaur egungo elkarrizketa filosofikoak aurkituko ditu irakurleak, nolanahi ere, EHUko irakasle eta idazle honen azken liburuan.

Kongresu batera joan diren lau gaztek herri txiki batean elkar ezagutuko dute eta saio akademikoen ondoren, gauero piztuko da haien arteko solasaldia. Elkarri errespeturik galdu gabe, baina bakoitzak bere ikuspegiari eutsiz, denetik azalduko da debate horietan: egia, zientzia, erlijioa, maitasuna, sexu-generoa, artea, fikzioa, balioak, zoriontasuna... Mundua birpentsatzen ariko dira. Arrietak bere ibilbidean landu izan dituen bi generoak, fikziozko narratiba eta saiakera, txirikordatuta agertzen zaizkigu lan honetan.

Etxetik hasi dugu artikulua. Amaitzeko berriz, etxetik at urte asko pasatako norbaiten historia aukeratu dugu: Miren Egigurenek 46 urte igaro ditu Euskal Herritik kanpo, Venezuelan. Handik itzuli denean, zapata-kaxa batean kabitzen dira dauzkan ondasun material guztiak. Askoz gehiago da atzean utzi duena ordea, Caracaseko auzorik txiroenean urtetan egindako lanaren ondoren komunitate oso bat baitzeukan inguruan. Haurtzaindegiak eta ikastetxeak martxan jartzen lan egin zuen, familientzako tailerrak antolatzen, elikagaien kooperatiba, okindegia...

Haren bizitza jaso du Leire Ibargurenek Petare: Miren Egigurenen puskak (Txalaparta) liburuan. Emakume indartsu baten historia aurkituko du irakurleak, alde batetik; bestetik berriz, haren bizipenen bitartez, komunitate baten erretratua ere bai, zeinak baldintzarik zailenetan ere, kooperazioaren bidez aurrera egiteko modua aurkitu duen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2022
2022-12-12 | ARGIA
"Aurreikuspenak beteta eta pozik" eman diote amaiera 57. Durangoko Azokari

Balorazio positiboa egun dute Durangoko Azokaren antolatzaileek: giroaz eta bisitari zein salmenta kopuruaz kontent agertu dira. Hurrengo azokari jarri diote data jada: 2023ko abenduaren 6tik 10era gauzatuko da 58. edizioa.


Durangoko Azoka. Bidaiko 5. eguna.
Ipuin batean bezala

Zer da zailagoa, irakurlea adi mantentzea 300 orrialdeko luzera daukan istorio bakarrean ala lauzpabost orrialdetan zerbait gogoangarria kontatzea? Nobela ala ipuina, ipuina ala nobela: hau irakurtzen duzunerako Durangoko Azokan irabazteko ezer gutxi geratzen denez,... [+]


Aldirietako trena. Helmuga: Durango

Hainbeste liburu publikatu da aurten ere Durangoko Azokara begira, Landakon itsu-itsuan sartuz gero galtzea erraza dela. Hiri ezezagun bateko estazio batean bezain erraza. Lasai, zerbitzu publikoa emateko gaude hemen: generoka antolatutako bost linea aurkezten dizkizugu,... [+]


Durangoko Azoka. Bidaiko 4. eguna.
Komiki-azoka ere bada Durangokoa

Komikia leku bila dabil Durangon, baina asuntua ez dago oso erraz. Bi problema nagusi ditu, nik uste: lehenbizikoa, genero gutxietsia izan dela, zenbaiten begietan bineta eta bunbuiloak irakurtzea kasik ez irakurtzearen pareko zerbait izateraino. Eta bigarrena, gure egoera... [+]


Neomak taldea
"Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, perreoan amaitzen dugu jende artean"

Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.


Eguneraketa berriak daude