Durangoko Azokak 930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi eskainiko ditu

  • Antolatzaileek argi zuten bi urte ilunen ostean Azokak eztanda egingo zuela. Abenduaren 7tik 11ra, 176 parte hartzailek jarriko dituzte beren lanak kulturzaleen eskura, eta horietatik 34k estreinakoz. Ez dira berritasun bakarrak izango: abenduaren 9a “Gazte eztanDA!” izango da.

Durangoko Azokak pandemia aurreko parte hartze kopurua berreskuratu du.

2022ko azaroaren 24an - 16:45

57. Durangoko Azoka berotzen ari da, eta abenduaren 7tik 11ra egingo du eztanda, 930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiagorekin. Pandemia dela-eta kultur gosea guztiz ase ez duten bi urteren ostean, Azokak pandemia aurreko parte hartze kopurua berreskuratu du. 248 erakusmahai izango dira Landako Gunean, 176 kulturgilerekin eta, hortaz gain, azken edizioetan abiarazitako online denda ere mantenduko dute abenduaren 7tik 10era bitartean. Katalogoa dagoeneko ikusgai dago azokaren webgunean. 

“EztanDA!” da, hain zuzen, Durangoko Azokaren aurtengo leloa. “Euskal kultura bor-bor izango dugu edizio honetan”, azaldu du Gerediagako koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak Azokaren egitaraua eta nobedade nagusiak aurkezteko prentsaurrekoan. 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar) jarriko dituzte eskuragarri kulturgileek; lehendik parte hartutakoek zein Azokako erakusmahaien bestaldean lehen aldiz izango diren 34 parte hartzaileek. Bestetik, 15 autoezkoizle ere izango dira Autoekoizleen plazan.

Abenduaren 7an milaka ikasleek emango diote hasiera Azokari. Sarrera edonorentzat irekia egongo den arren, tailerrak ikasleei bideratu zaizkie Ikasle Goizean. Lehenengo aldiz, hori bai, hezitzaileentzat ere eskainiko dira tailerrak.

Aurten lehen aldiz, abenduaren 9a “Gazte eztanDA!” izango da, eta gazteei begirako hainbat jarduera berezi antolatuko dituzte. 14:00etan bazkaria egingo da –norberak jatekoa etxetik ekarri beharko du–; 17:00etan jinkana antolatuko du EuskarAbentura ekimenak; eta 19:00etan ElektroPottote eta OstiKda elektrotxarangek girotuko dituzte Durangoko kaleak.

Denetariko kultur ekitaldiak ere egingo dira azokak iraun bitartean: 250 baino gehiago. Egunez eguneko egitarau osoa ikusgai dago webgunean. Ohiko guneetan antolatuko dira: Saguganbara, Irudienea, Szenatokia, Ahotsenea, Kabi@ eta Talaia. Horietaz gain, Durangoko Arte eta Historia Museoa ere erabiliko da ikuskizunetarako.

Gune bakoitza jarduera mota jakin baten agertoki izango da. Saguganbarako ikuskizunak familiei zuzenduak izango dira; Irudienean ikus-entzunezkoez gozatu ahalko da, eta besteak beste, Paul Urkijoren “Irati” filma eskainiko da abenduaren 10ean; Szenatokian arte eszenikoak izango da, eta bertan egingo da lehenengo eguneko inaugurazio ekitaldia 19:00etan; Ahotsenean musikak hartuko du lekua, eta Musika Eskolan solasaldiak egingo dira.

Azkenik, Landako Guneko Areto Nagusian Kabi@ eta Talaia guneak egongo dira. Lehena, mundu digitalarekin lotutako aurkezpenak egiteko erabiliko da abenduaren 7an eta 9an. Talaian, bestalde, gehienbat zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira abenduaren 8an, eta kultur arloko gai ezberdinen harira hausnarketak gidatuko dira; esaterako, gazte sortzaileek kultura eraldatzaileari buruz hausnartuko dute.

Azokarako autobus zerbitzua berreskuratu dute antolatzaileek; abenduaren 8tik 11ra, Landako gunea eta inguruko aparkalekuak lotuko dituzten doako autobusak eskainiko dira. Goizeko 10:30etatik 20:00ak arte, 20 minutuero egongo dira. Azokara joateko garraio publikoa eskatu dute antolatzaileek.

Durangoko Azokak ateak ireki baino lehen, abenduaren 5ean, DA! PRO sortzaileentzako topaketa profesionalak antolatuko dituzte San Agustin Kulturgunean eta Bizenta Mogel liburutegian. Bertan, musikariek eta familia-ikuskizunetako sortzaileek euren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte teknikari eta profesionalen aurrean, proiektuak gauzatzeko aukera aztertzeko.

Ez hori bakarrik, Azokaren azken eguna ez da nobedadeak eskuratzeko azkena izango. Izan ere, abenduaren 12tik aurrera, "Zu non, han DA!" proiektua hasiko da, eta Euskal Herriko 132 liburu dendatan salgai egongo dira Azokan aurkeztutakoak. Gainera, aurten lehenengo aldiz, sortzaileek euren lanen aurkezpenak egingo dituzte 45 liburu dendatan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2022
2022-12-12 | ARGIA
"Aurreikuspenak beteta eta pozik" eman diote amaiera 57. Durangoko Azokari

Balorazio positiboa egun dute Durangoko Azokaren antolatzaileek: giroaz eta bisitari zein salmenta kopuruaz kontent agertu dira. Hurrengo azokari jarri diote data jada: 2023ko abenduaren 6tik 10era gauzatuko da 58. edizioa.


Durangoko Azoka. Bidaiko 5. eguna.
Ipuin batean bezala

Zer da zailagoa, irakurlea adi mantentzea 300 orrialdeko luzera daukan istorio bakarrean ala lauzpabost orrialdetan zerbait gogoangarria kontatzea? Nobela ala ipuina, ipuina ala nobela: hau irakurtzen duzunerako Durangoko Azokan irabazteko ezer gutxi geratzen denez,... [+]


Aldirietako trena. Helmuga: Durango

Hainbeste liburu publikatu da aurten ere Durangoko Azokara begira, Landakon itsu-itsuan sartuz gero galtzea erraza dela. Hiri ezezagun bateko estazio batean bezain erraza. Lasai, zerbitzu publikoa emateko gaude hemen: generoka antolatutako bost linea aurkezten dizkizugu,... [+]


Durangoko Azoka. Bidaiko 4. eguna.
Komiki-azoka ere bada Durangokoa

Komikia leku bila dabil Durangon, baina asuntua ez dago oso erraz. Bi problema nagusi ditu, nik uste: lehenbizikoa, genero gutxietsia izan dela, zenbaiten begietan bineta eta bunbuiloak irakurtzea kasik ez irakurtzearen pareko zerbait izateraino. Eta bigarrena, gure egoera... [+]


Neomak taldea
"Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, perreoan amaitzen dugu jende artean"

Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.


Eguneraketa berriak daude