Ipuin batean bezala

  • Zer da zailagoa, irakurlea adi mantentzea 300 orrialdeko luzera daukan istorio bakarrean ala lauzpabost orrialdetan zerbait gogoangarria kontatzea? Nobela ala ipuina, ipuina ala nobela: hau irakurtzen duzunerako Durangoko Azokan irabazteko ezer gutxi geratzen denez, literaturaren historiako debate klasiko batean galtzaile suertatu ohi den generoaz ariko gara azken egun honetan: ipuinaz.


2022ko abenduaren 11n - 08:30

Izan ere, eztabaida teorikoak gorabehera, merkatuak argi samar hitz egin izan du azken urte luzeetan eta nobelari eman dio letren munduko erregetza. Beste guztia ere horren atzetik dator: nobela idazten dutenentzat dira ospea eta loria, nobela idazten dutenak jotzen dira benetako idazletzat. Nobelarenak dira erresuma eta karbunkloa.

Baina ARGIAren irakurleen artean errepublikazaleren bat edo beste ba omen dago. Horiek, agian, jakin nahiko dute narrazio laburren alorrean aurten zer dagoen berri. Has gaitezen udaberrian publikatu eta agian merezi zutena baino arreta eskasagoa jaso zuten pare bat libururekin –euskal literaturaren gaitzetako bat da, portzierto, ibilbide luzeko idazle askok pairatzen dute arreta gabezia–.

Karlos Linazasororen kasua hori dela esango nuke: gure letretako ahots originalenetako bat. Aurten Samuel eta Slawo (Alberdania) liburua argitara eman du: tour de force bat, 86 istorio 150 orrialdetan, berarengan hain ohikoak diren umore beltza eta absurdorako joera uztartuta. Tituluak berak iragartzen duen moduan, Becketten eta Mrozek-en literaturen eraginpean idatzitako istorio hauek ipuingintza kontzentratuaren erakustaldi bat dira, tarteka mikroipuin, tarteka arnas luzexeagoko istorio.

Arrate Egaña ere haur eta gazte literaturan ibilbide oparoko idazlea da, eta helduei zuzendutako Itzalen distira (Erein) ipuin liburua publikatu du aurten, aurrekoa plazaratu zenetik hamar urte igaro direnean. Narrazio bilduma honetan dago, besteak beste, 2013an Bilboko Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazi zuen Marquez narrazioa. Prosa zuzenez eta debaldeko apaindurarik gabe idatziak, erretratu sozial konplexuak aurkituko ditu irakurleak lan honetan.

Narrazio laburrak gurean aldarrikatzailerik baldin badauka, Iban Zaldua da hori. Aurten Ipuina engainua da (Elkar) aurkeztu du, zeinean uztartu dituen bere idazkeran preziatuak diren osagaiak –amaiera borobilak, tonu ironikoa–, aurreko liburuekin alderatuz berritzailea den arnas luzeko narrazioranzko joerarekin. Mota ugaritako istorioak dira: Zirriborroak eta gero proiekturako idatzi zuen zientzia-fikziozko Bisita bat arma museora-tik, saiakeraren osagaiak ipuin luze batean txertatzen dituen Ipuina adulterioa da-raino. Askotariko ipuinak, estilo pertsonal eta identifikagarri batek harilkatuak.

Aurrekoak bezain emankor izan gabe, zerbait argitaratzen duen bakoitzean zeresana emateko gaitasuna dauka Jon Benito idazle zarauztarrak. Azken poema-bilduma argitaratu zuenetik hamabi urtera ikusi du argia Lagun minak (Farmazia Beltza) liburuak, zeinean poemak eta ipuinak uztartu dituen, gure garai honi egokitutako idazkeraren bila egindako ariketa literarioan. Pertsonaia hautsiak aurkituko ditu irakurleak obra hau osatzen duten ipuinetan; eta estilo narratibo konbentzionaletatik harago joateko etengabeko ahalegina.

Jatorriz euskaraz argitaratu ez diren liburuei begiratzen badiegu berriz, atentzioa deitzen du aurtengo ipuingintzaren uztak aukera emango digula lehenbiziko aldiz bi autore katalan euskaraz irakurtzeko: Victor Català pseudonimoarekin idatzi zuen Caterina Albert i Paradisen Atsoa (Txalaparta) da horietako bat eta Sagastibeltza gisa sinatu duen itzultzaile baten lanari esker irakur dezakegu. Hamar ipuin biltzen ditu liburuak, jatorriz 50 urteko tartean argitaratu zirenak. Catalàren hasierako modernismotik haren testu berantiarretarainoko bidaia proposatzen dute Blanca Llum Vidalek hautatu dituen ipuinok. Liburuaren hitzaurrea Cira Crespo Cabillok idatzi du.

XIX. eta XX. mendeen artean nabarmendu zen idazle horrekin batera, idazle katalanen azken labealdian ezagun egin den egile bat: Irene Pujadasen Puskak (Igela) liburua 21 ipuinez osatuta dago eta Amaia Apalauzaren itzulpenari esker daukagu euskaraz. Eguneroko bizitzakoak diruditen pasadizoak kontatu ditu Pujadasek, baina egunerokotasun hori puskatu egiten da, oso erosoak ez diren egiak azaleratuz. Norbanakoaz eta gizarteaz diharduten ipuinak dira, amatasuna, langabezia edo turismo masiboa gaitzat hartuta, umore haustailez eta begirada originalez idatziak. Duela gutxi Euskadi Saria irabazi duen Uxue Apaolazak idatzi du liburuaren hitzartzea.

Igela argitaletxeak Ereinekin partekatzen duen Literatura Unibertsala bilduman berriz, AEBetako literaturaren historiako pisuzko izen bat –egileak bere burua idazle minortzat jotzen zuen arren–: Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio itzuli du Joannes Jauregik. Chicagoko Pizkunde Literarioa deitu zitzaion mugimenduko kide, orain euskaraz leitu dezakegun liburu hau da agian Andersonen lanik goraipatuena, eta eragina izan zuen AEBetako ondorengo idazle inportanteengan –Faulkner, Hemingway–. Itzultzaileak liburuaren aitzin-solasean esplikatu duen moduan, herriko bizimodutik ihes egin nahi eta ezina maiz agertzen da 21 ipuinotan; eta liburua, oro har, “groteskoaren begiradak” ezaugarritzen du. Hori zer den? Irakurtzean ulertuko duzue.

Amaitu aurretik, ezin aipatu gabe utzi ipuingintzari dagokionez Alfa eta Omega den idazlea, Anton Txekhov, euskarara itzuli dutela aurten berriro ere. 32 urte paseak ziren Literatura Unibertsala bildumaren Ibaizabaleko aroan Xabier Mendiguren Bereziartuk errusiarraren zenbait ipuin ekarri zituenetik; gero, 1997an, Juan Garziak, Juan Kruz Igerabidek eta Juan Mari Mendizabalek beste antologia bat publikatu zuten Ereinen (Ipuin gogoangarriak); baina ordutik lehortea bizi genuen. Iker Sanchok euskaratuta Elkarrek publikatu duen 31 ipuin, beraz, notizia ezin hobea izan da: idazle errusiarraren istorio umoretsu bezain sakonetan murgiltzeko aukera berritzeaz gain, ipuina zergatik ez den nobelaren ahizpa txikia ikasteko 31 arrazoi on –gutxienez– eman dizkigu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2022
2022-12-12 | ARGIA
"Aurreikuspenak beteta eta pozik" eman diote amaiera 57. Durangoko Azokari

Balorazio positiboa egun dute Durangoko Azokaren antolatzaileek: giroaz eta bisitari zein salmenta kopuruaz kontent agertu dira. Hurrengo azokari jarri diote data jada: 2023ko abenduaren 6tik 10era gauzatuko da 58. edizioa.


Durangoko Azoka. Bidaiko 4. eguna.
Komiki-azoka ere bada Durangokoa

Komikia leku bila dabil Durangon, baina asuntua ez dago oso erraz. Bi problema nagusi ditu, nik uste: lehenbizikoa, genero gutxietsia izan dela, zenbaiten begietan bineta eta bunbuiloak irakurtzea kasik ez irakurtzearen pareko zerbait izateraino. Eta bigarrena, gure egoera... [+]


Neomak taldea
"Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, perreoan amaitzen dugu jende artean"

Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.


Durangoko Azoka. Bidaiko 3. eguna.
Pentsatzeko txokora: aurtengo zenbait saiakera

Garai nahasiak, tentsio soziala, krisi pertsonal eta kolektiboak, birpentsatzeko kontu asko: euskal liburugintza ez da bizi inguratzen duen gizartetik aparte. Horren isla izan liteke azken urteotan saiakerek eta, oro har, ez-fikziozko liburuek hartu duten protagonismoa. Mota... [+]


Durangoko Azoka. Bidaiko 2. eguna.
Nor da Durangoko Azokako hiltzailea?

Gorpua hor zegoen ni iritsi naizenerako, benetan. Ez, ez, nik ez dut zerikusirik. Bai noski, kontatuko dizut dakidana, baina ez da asko: Landako guneko parkingean sartu, aparkatu eta parez pare aurkitu dut, bi autoren artean, patata-zaku bat bezala lurrean botata. Ez dirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude