Nor da Durangoko Azokako hiltzailea?

  • Gorpua hor zegoen ni iritsi naizenerako, benetan. Ez, ez, nik ez dut zerikusirik. Bai noski, kontatuko dizut dakidana, baina ez da asko: Landako guneko parkingean sartu, aparkatu eta parez pare aurkitu dut, bi autoren artean, patata-zaku bat bezala lurrean botata. Ez dirudi profesional baten lana, ez. Badakizu, euskal kulturaren kontu hau amateurismora kondenatuta dago eta... A, hilketa diozu? Ba ez dakit, nik kontu hauetaz zero, nobeletan irakurri dudana besterik ez. Ze nobela? Bueno, bat baino gehiago dago, horretaz bai, hitz egin ahalko nizuke, inspektore jauna.


2022ko abenduaren 08an - 06:30
Azken eguneraketa: 07:58

Urtetan B serieko literaturatzat joa, gutxietsia, menostua, badu zerbait genero beltzeko eleberriak  tiroketa guztietatik bizirik ateratzea ahalbidetzen diona. Ez hori bakarrik, transformatu egiten da. Diferentea baita AEBetako eleberri beltza irakurtzea, polard frantziarra edo nobela poliziako nordikoa. Garai eta testuinguru kultural guztietara moldatzen daki genero kabroi honek.

Izango da gizarte guztiek daukatelako beren alde iluna. Ustelkeria. Saldukeria. Biolentzia. Izango da beti dagoelako baldintza susmagarrietan hilda bukatzen duen baten bat. Kontu xamurrak ez izan arren, magnetismo berezia dute horrelako nobelek irakurleentzat. Aurtengo euskal liburu-uztan gorpuak, misterioak eta itxi gabeko kasuak bilatzen badituzue, badaukat, bai, zuei kontatzeko zerbait –baina ez esan beste inori, badakizue negozio hau nolakoa den–.

Berpiztu den norbaitekin hasiko gara: 22 urte pasa dira Aingeru Epaltzak Rock’n’Roll (Elkar) eleberria argitaratu zuenetik eta idazleak Edu Saragueta pertsonaia berreskuratu du. Erretzaile damutuen konpainia (Elkar) nobelan aurkituko dugun Saragueta, noski, ez da lehengo bera. 60 urte betetzetik gertu dago. Ez da adin txarra ohitura osasuntsuagoak edukitzeko: tabakorik ez, zurruta tamainan, drogak ezta usaindu ere... Ez dago bakarrik: asko-asko ez, baina baditu inguruan ere txasisa zaintzeko erabakia hartua dutenak, gehienak ere bizimodu salbai samarra edukitakoak. Orain kirola egiteko elkartzen dira. Ai Saragueta, zer hintzen eta non hago.

Hori bai, gorputza sanoxeago mantentzeko ohitura berri horiek alde batera utzita, beste kontu guztiak nahiko desastre: Saragueta langabezian dago aspaldian, paroa agortuta, bakarrik bizi da, Interneten ligatzen saiatzen da –lortzen ote duen, beste kontu bat da–. Enfin, ez dago etxafuegoak botatzeko moduan. Komunitate islamikoari buruzko erreportaje sorta bat eskatuko diote eta orduan... gauzak gertatzen hasiko dira. Genero beltzeko liburua da Epaltzaren azkeneko hau, baina nahiko atipikoa: 100. orrialdera iritsi arte ez da agertuko hilotzik. Beste gauza asko gertatuko dira ordea, nobelaren tonua markatuko dutenak.

Iruñetik atera gabe –badu zerbait Hiri Buruzagiak mota honetako istorioentzat–, euskal thrillergintzaren maisuetako baten azken nobedadea: Alberto Ladrón Aranak 1948ra garamatza Ilunpeko zelataria (Elkar) nobelan. Hamabi urteko bi mutil kozkor, gerran etsai izan diren bi familiatakoak, Iñigo eta Jokintxo, traumatizatutako gizarte baten erdian. Hala ere, ez dirudite oso kezkatuta: Eguberriak dira, azken finean. Iñigok zineman galdutako musuzapi bat aurkitzen duenean aldatuko zaie aldartea: bahitutako neska batena dela sumatuta, haren bila abiatuko dira.

Ladrón Aranaren azkenaldiko nobelen aldean, misteriozko eleberri honek baditu elementu berriak. Hasteko, deskantsua eman dio Leire Asiain Foruzaingoko inspektoreari –Harrian mezua, Gezurren basoa, Jainkoen zigorra, Film zaharren kluba eta Mendekuaren hazia nobelek osatzen duten seriean agertu ondoren–. Gainera, bere aurreko lanen aldean, Ilunpeko zelataria honetan nabarmenagoa da fantasiaranzko joera, idazleak esperimentatzeko lizentzia handiagoak hartu ditu. Lasai egon daitezke haren jarraitzaile sutsuenak, dena den: abenturak, elkarrizketa biziak eta suspenseak ez dute hutsik egin oraingoan ere.

Beste Iruñeko idazle bat susmagarrien zerrendarako: ezaguna da Jon Alonsok genero honekin daukan zaletasuna, bai maila praktikoan –Zintzoen saldoan eta Hiri hondakin solidoak eleberriek (Txalaparta) erakusten duten bezala–, baita maila teorikoan ere –ez baitzuen debalde idatzi Beltzaren koloreak (Susa) saiakera, segur aski mota honetako eleberriei buruz gurean egin den hausnarketarik artikulatuena–. Ba pistolero hau itzuli egin da jaun-andreok, eta inork espero ez zuen lekutik egin du: Amaiur bat urtero (Amaiur Gaztelu Elkartea / (H)ilbeltza) idatzi du, Baztanen grabatzen ari diren film bat abiapuntu duena.

Pelikula, berez, amodiozko istorio gartsu bat da, duela 500 urteko Amaiurko setioaren garaian kokatua. Baina Eros-en eskutik laster agertuko da Tanatos: ustekabeko heriotza batek nobelako gertakariak azkartuko ditu, intrigaz beteriko istorioari bide emanez. Zinema-giroko eleberri beltza, beraz, Alonsok genero honetan idazten duenean batere bridatzen ez duen umore-senaz lagunduta.

Mota guztietako krimenak eta kontu-garbitzeak ikusi dituzten hiru idazleren lanekin hasi dugu artikulua, baina ez pentsa gazteak asunto txukunagoetan dabiltzanik. Andoni Agirrezabalak 24 urte ditu eta Etxe berdea (Erein) du lehenbiziko nobela. Biologia ikasteko Bilbon igaro zituen urteetan gerturatu zen literatur mundura eta opera prima honek duela urte batzuetako gertakari tragikoak ditu abiapuntu.

2005eko urriaren 29ra eramango gaitu: zenbait hilketa izan ziren herri batera. Polizia etorri zen, ikertzera-edo, baina fundamentu handirik egin gabe itzuli zen etorritako bidetik. “Sendabiderik onena errutina izango zela”, esanez alde egin zutela jakingo dugu nobelaren hasieran. Itxitako kasua? Ez herriko aguazilarentzat. Gehiago ikertuko du eta lan hori da irakurleak orain esku artean daukana: Etxe Berdean gertatu zenari buruzko lekukotasunak, found footage estiloan aurkeztuak, ahots ugariz eta kontakizun biziz osatutako nobela honetan.

Durangon aurki daitezkeen nobela beltzen kasua erabat itxi aurretik, pista oso on bat ere eman nahi genizueke, den-den-dena nondik datorren argitzeko: azkenaldian atrako txukun samarren bat egin duzuelako-edo patrika bero samar baldin baduzue, Igela argitaletxearen Sail Beltza erabiliz zuritu dezakezue diru hori

Abiapuntu erabat diferentea daukan nobela da urte honen hasieran Txalaparta argitaletxeak publikatu zuen Agur, maitea, ikusi arte, Massimo Carlottok idatzia eta Koldo Bigurik euskaratua. Idazle italiar honen bizitza bera da nobela beltza, egia esan: hemeretzi urte zituela, Lotta Continua ezker muturreko taldeko militante zenean, labankadaka hil zuten ikasle baten gorpua aurkitu zuen. Eta horren berri emateko poliziarengana jo zuenean, berari leporatu zioten hilketa. Hortik aurrera, deserria, kartzela eta ia 20 urte iraungo zuen kalbario judiziala bizi izan zuen, absolbitu zuten arte.

Ezker muturreko militante ohia da Giorgio Pellegrini nobelako protagonista ere. Hego Amerikan zenbait urte igaro ondoren, Italiara itzultzea erabaki du, baina ez du barrote artean bukatu nahi. Horregatik, aspaldiko kamaradak salduko ditu. Direnak eta ez direnak egingo ditu gizartearen goiko esferetan sartu ahal izateko: ustelkeria, kritika soziala eta indarkeria barra-barra aurkituko ditu irakurleak, Baztango Udalaren (H)ilbeltza Bekari esker argitaratu den nobela honetan.

Durangon aurki daitezkeen nobela beltzen kasua erabat itxi aurretik, pista oso on bat ere eman nahi genizueke, den-den-dena nondik datorren argitzeko: azkenaldian atrako txukun samarren bat egin duzuelako-edo patrika bero samar baldin baduzue, Igela argitaletxearen Sail Beltza erabiliz zuritu dezakezue diru hori. Txipiroi tinta baino ilunagoak diren 25 nobela, generoan barneratzeko fundamentalak. Eta euskaraz: Dashiell Hammett, Jim Thompson, Raymond Chandler, Bill S. Ballinger, Horace McCoy... Banaka eros daitezke, baina behin liburuekin trafikatzen hasita, sail osoa etxera eramateko tentazioa ere izango du batek baino gehiagok. 125 euro kostatzen da: sos horiek lortzeko norbait akabatu eta Landakoko parkinean botata utzi behar baduzue, ba... nik? nik ez dakit ezer, gorpua hor zegoen iritsi nintzenerako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2022
2022-12-12 | ARGIA
"Aurreikuspenak beteta eta pozik" eman diote amaiera 57. Durangoko Azokari

Balorazio positiboa egun dute Durangoko Azokaren antolatzaileek: giroaz eta bisitari zein salmenta kopuruaz kontent agertu dira. Hurrengo azokari jarri diote data jada: 2023ko abenduaren 6tik 10era gauzatuko da 58. edizioa.


Durangoko Azoka. Bidaiko 5. eguna.
Ipuin batean bezala

Zer da zailagoa, irakurlea adi mantentzea 300 orrialdeko luzera daukan istorio bakarrean ala lauzpabost orrialdetan zerbait gogoangarria kontatzea? Nobela ala ipuina, ipuina ala nobela: hau irakurtzen duzunerako Durangoko Azokan irabazteko ezer gutxi geratzen denez,... [+]


Aldirietako trena. Helmuga: Durango

Hainbeste liburu publikatu da aurten ere Durangoko Azokara begira, Landakon itsu-itsuan sartuz gero galtzea erraza dela. Hiri ezezagun bateko estazio batean bezain erraza. Lasai, zerbitzu publikoa emateko gaude hemen: generoka antolatutako bost linea aurkezten dizkizugu,... [+]


Durangoko Azoka. Bidaiko 4. eguna.
Komiki-azoka ere bada Durangokoa

Komikia leku bila dabil Durangon, baina asuntua ez dago oso erraz. Bi problema nagusi ditu, nik uste: lehenbizikoa, genero gutxietsia izan dela, zenbaiten begietan bineta eta bunbuiloak irakurtzea kasik ez irakurtzearen pareko zerbait izateraino. Eta bigarrena, gure egoera... [+]


Neomak taldea
"Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, perreoan amaitzen dugu jende artean"

Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.


Eguneraketa berriak daude