Zer da kale borroka?

  • Martxoaren 11n “Errepresioari autodefentsa” dinamikak manifestazioa zuen deituta Iruñean. Deialdiaren helburua, hilabete oso baten ekimenari amaiera ematea eta Euskal Herrian herri mugimenduen aurka gertatzen ari diren errepresio kasuen salaketa egitea zen.


2017ko martxoaren 20an - 08:25

Beraz, komunikabide gehienek esan zutenaren kontra, manifestazioa ez zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitu, eta ez zen amnistiaren aldekoa izan. Kontua da askoz errazagoa dela edozein gauza kriminalizatzea lehenagotik lana aurreratuta baduzu. Baina ez da ezer gertatzen, boterea daukanak bitarteko ugari erabil ditzakeelako bere gezurrak jendearen begien aurrean egi bihurtzeko. Dena da ATA eta listo, ATA existitzen ez bada ere.Existitzen dena Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua da.

Edozein kasutan, poliziak manifestazioa galarazteko saiakerak aspaldi ikusten ez genituen bezalako enfrentamenduen irudiak utzi zizkigun, eta irudi horiek era guztietako iritziak, nahiz eta espero genezakeen moduan, instituzioen alfonbren gainean ibiltzen ohituta dauden guztiek indar gehiena manifestarien aurka erabili zuten, bakea eta normalizazioari buruzko hitz panpox bezain faltsuak botaz.

Lau atxiloketa eta hiru espetxeratze utzi zizkigun poliziaren errepresioak, denak adin tarte berekoak eta herri berekoak. Eta hemen susmagarriak ez dira gazteak, susmagarria den bakarra da kaputxadun mordoaren artean eta sortuta zegoen kaosarekin, atxilotutako guztiak lagun kuadrila bat ematen duena izatea, eta ez talde heterogeneoago bat. Ondorioa: poliziaren beste muntaia baten aurrean gaudela, eta ez dela egia gazte hauek istiluen erdian atxilotu zituztenik. Hori ez dago sinesterik! Taberna batean, edo kotxerako bidean harrapatuko zituzten seguruenik.

Puntu honetara iritsita, gustatuko litzaidake gogora ekartzea zertarako erabili den, ikuspuntu politiko batetik, kale borroka izenez ezagutu den fenomenoa, azken egunetan altxatutako hainbat ahotsi erantzuteko (pentsatzen dut Iruñeko manifestazioan gertatu zena, kale borroka deitu dioguna baino, enfrentamenduak izan zirela, nahiz eta dena herri borrokaren barnean sartu dezakegun).

Kale borrokaren bitartez, berarekin ados egon ala ez, herriak gazteriaren aurkako razzia polizialak salatu ditu; borroka mota honekin herri honek kuarteletako ziega ilunetan torturatuak izaten ari zirenen oihu urratuak entzunarazi ditu; molde honen bitartez herriak bere haserrea erakutsi du gerra zikinaren erailketengatik eta presoen borrokaldiak harresien alde honetara atera ditu kartzelaren opakotasunean geldi ez zitezen. Kale borrokaren bitartez estatu biolentzia neurrigabearen aurrean beste alde batera begiratzen zutenen kontzientziak astinduak izan dira, eta ikusi nahi ez zuenak ere ikusi behar izan du, une batez baino ez bada ere, mundu honetan haien zilborra baino zerbait gehiago existitzen dela; kale borroka Estatu espainolaren jarduera politikoa eta errepresiboa baldintzatzeko ezinbesteko tresna izan da. Eta uste dut, gustatu ala ez, orain esan dudan guztia zerbait objektiboa dela, borroka molde horrekin ados ala bere kontra egonda.

Ez dira hainbeste urte pasatu Alfredo Perez Rubalcabak, garai hartan Espainiako Gobernuko Barne Ministroa izanik, ETAren su etenaren amaierari erantzuteko Euskal Herrian hiru zifretara helduko zen atxiloketa kopura burutuko zuela iragarri zuenetik. Hiru zifra horiek ez ziren 100 atxiloketa izan, atxilotuen kopurua, hilabete gutxiren buruan, 200era iritsi baitzen. Eta ez legoke txarto ikustea ere, ze herrietan, ze ordenetan eta zer leporatuta sartu ziren poliziak, horrela atxiloketa horien inguruko irakurketa egin ahal izateko. Atxiloketen helburua Ezker Abertzalearen belaunaldi berriak kolpatzea zen, hau da, mugimenduaren oinarriak apurtzea eraikin osoa eror zedin.

Poliziak Segikoak izatea leporatzen zien gazteak atxilotu eta torturatu zituen Euskal Herri osoan zehar, han eta hemen eta era indiskriminatuan, baina lehenago, 2007an hasita, kale borrokako ekintzak ohikoak ziren herri eta eskualdeetan sartu ziren, herri bakoitzean 10 eramanda, haien artetik bi edo hiru kale borrokan ibiltzen zirenak izango zirela pentsatuta (Gasteiz, Lea-Artibai, Uribe Kosta, Donostialdea, Oarsoaldea, Barakaldo, Iruñerria).

Laburbilduz, Rubalcabak erabaki zuen oso erantzun sendoa eragin zezaketen operazioak burutu aurretik, lehenengo kale borroka suposatzen zuen erantzun ildoa ezabatu behar zutela errepresioa modu askoz ere lasaiagoan aurrera eraman ahal izateko. Kale borroka ez zen, beraz, Estatuarentzako errepresiorako aitzakia merkea, azken garaietan ikusten ari garen moduan horretarako aitzakiarik ez duelako behar, baizik eta kale borroka Estatuaren egonkortasunerako arazo garrantzitsua zela. Soilik horrela uler daitezke 90eko hamarkadatik aurrera horretan parte hartzeagatik ezarritako zigor neurrigabeak.

Iruñeko istiluetara itzulita, ikusten ari garena zera da: atxiloketen, poliziaren jardueraren eta adierazpen askatasunaren urraketaren aurkako diskurtsoa baino, herri mugimenduaren aurkako diskurtso erasokorra darabiltela garai batean herria sutan jartzeko gonbitea egiten zutenek.

Poliziari aurre egin zietenen aurka egiteko manifestarien adina erabili da, gainontzekoek eraikitzen dutena deuseztatzeko helburua zutela esan da,gehiengoaren kontra doazela, diskurtsorik ez daukatela, alternatiba bat eskaintzeko gai ez direla, deitzaileek botata utzi dituztela atxilotuak, irudiak iraganekoak direla. Hain zuzen ere historikoki PNVrik garratzenak Ezker Abertzalearen aurka erabilitako argudio berberak. Soilik falta izan zaie esatea gazte hauei atari batean ematen dietela dirua liskarretan parte hartzeagatik.

Manifestarien jarrera infantilizatzeko joera da nagusi, eta horretarako manifestazioaren inguruan dagoen edozer deskalifikatzeko saiakera dago, atxilotuekiko elkartasunetik hasita. Deitzailea Amnistiaren Aldeko Mugimendua izan ez zen arren, honen aurka zentratu da erasoa gehienbat. Zentzu horretan esan beharra dago Amnistiaren Aldeko Mugimendua atxiloketak gertatu ziren une beretik saiatu dela senideekin harremanetan jartzen, telefonoz ere harremana egitea lortu duela, eta senide eta lagun batzuekin hitzordua jarri eta gero, hauek ez zirela agertu. Ezetz asmatu nor dabilen honen atzetik?

Infantilizazio saiakera honekin jarraituz, badago atxilotuak engainatuak izan direla iradokitzeko joera bat. Eta iradokizun hori badator, hain zuzen ere, urtetan zehar gazteriaren burua berotzen ibili direnen partetik. Hiru preso gehiago egonda zer irabazten den galdetzen duten berberek, haien hitz eta erabakiekin ehunka pertsona kartzelarako bidean jarri dituztenak dira. Eta hor ere badago ezberdintasun bat, eta da ez nik ezta nire ingurukoek ere ez dugula sekula inor gu joan ez garen leku batera bidali. Kritikatzen gaituzten askok ezin dute gauza bera esan.

Senideei esaten zaie euren semeentzako babesa nahi izanez gero, jarrera
politiko jakin bat hartu behar dutela. “Nire semeak ez zekien”, “ekintza
kulturaletan hartzen du parte!”, “era guztietako biolentziak gaitzestearekin bat dator” Baina zertaz ari gara? Zuen semeak oso jatorrak dira biolentziaren
aurka daudelako, gainontzeko manifestari guztiak, ordea, zer dira zuentzat?

Baten batek esan du horrelako borroka moldeek preso gehiago eragitea besterik ez dutela lortzen. Eta nik erantzuten diot helburua presorik ez egotea baldin bazen nahikoa genuela borroka ez eginda. Baina hemen eztabaida beste bat da. Benetan da posible presorik eragiten ez duen borroka eraginkorrik burutzea? Hala bada, gustatuko litzaidake jakitea noiz eta non eman den, eta oraindik mantentzen dugun eskubide apurretatik zein lortu dugun lehenago gorriak ikusi gabe. Gustatuko litzaidake jakitea non lortu den bide instituzional hutsetik eraikitako garaipenik. Gustatuko litzaidake jakitea ere desobedientziaz hitz egiten dugunean norbaitek jarri ahal didan desobedienteentzako ondoriorik izan ez duen esperientzia bakar baten adibidea. Desobedientziaren garaia omen da, eta Iruñean inori baimenik eskatu gabe manifestatzea desobedientzia praktikara eramatea izan zen, bere ondorio guztiekin.

Beste kontu bat da borrokatzen ditugun helburuek tamainako bidesaria ordaintzea merezi digun, baina hor hasten den eztabaida beste bat da, eta batzuek ez dute eman nahi izango daramatzaten mozorroak agerian gelditu daitezkeelako. Honekin jarraituz, eta kartzelan daudenei egiten zaizkien presioen artean, herri honetan denetarik ikusi ahal izan dugu presoen senideen partez. Oso aspaldi publikoki haien semearen jardueraz arnegatzen zuten guraso batzuen gutuna ikusi genuen El Pais-en publikatuta, ia-ia haien semearen guraso izateari uzten ziotela esanez. Polizia Nazional baten semea ikusi dugu kartzelan sartzen ETAkoa izatea leporatuta. PSOE, PNV eta PPkoen seme-alabak ikusi ditugu herri honen alde borroka egiteagatik kartzelan sartzen, eta inoiz ez zaigu burutik pasatu haien senideengan gelditzen zenik presoen ordezkaritza politikoa.

Oraingo honetan barrukoenganako presioa ez dator atxilotuak preso ikusi nahi dituztenen partetik, kalean libre ikusi nahi dituztenen partetik baizik. Horretarako senide eta atxilotuen beldurra erabiltzen da, duintasun jarrerak mantenduz gero haien irteera zailagoa izango dela esaten zaie, eta horrelako gezur bat oinarri hartuta, atxiloketak salatzea baino borroka molde jakin batzuen aurka egitea helburua duten manifestazio isiletara pasatzen gara.

Senideei esaten zaie euren semeentzako babesa nahi izanez gero, jarrera politiko jakin bat hartu behar dutela. “Nire semeak ez zekien”, “ekintza kulturaletan hartzen du parte!”, “era guztietako biolentziak gaitzestearekin bat dator” Baina zertaz ari gara? Zuen semeak oso jatorrak dira biolentziaren aurka daudelako, gainontzeko manifestari guztiak, ordea, zer dira zuentzat? Putakume galantak ala? Zuen diskurtsoaren zein lerrotan egiten diozue kritika poliziari? Jarrera onartezina iruditzen zait. Inoiz ez zait gustatu haien seme-alaben jokaerak gainontzeko lagunen “influentzia txarren” eraginagatik justifikatzen dituztenak. “Nire seme-alabak zintzoak dira baina auzokidearenak pieza galantak!”.

Ni neu kartzelan egon naiz kale borrokan aritzeagatik, eta inoiz ez zitzaidan burutik pasatu ardura beste inori pasatzea, inoiz ez nuen esan beste batzuen jardueragatik nengoela preso edo beste batzuen jarduerak nire askatasuna lortzeko traba bihurtzen zirenik. Inoiz ez nuen esan inork engainatu ninduenik, eta inoiz ez nuen eskatu nire askatasunaren aldeko kale borrokako ekintzarik egin ez zitezen nire egoera pertsonalari kalte egiten ziolako, gure aurka zegoen eskaera fiskala bakoitzarentzako 33 urteko kartzelakoa baldin bazen ere.

Inoiz ez nuen nire erabaki militanteen gaineko jarrera auto-gupidatsua hartu, eta inoiz ez nuen onartu nire alboan zeuden gainontzeko militanteekiko tratu ezberdintasunik. Ez nuen onartu “odol delituak” dituen eta “banku bat erretzea bezalako txikikeria” egin duenaren arteko banaketa interesatua. Denok ginen borroka berberaren ordezkari, bere adierazpide ezberdinetan. Denok ginen militante politiko kontzienteak.

Azken hausnarketa bat egin nahiko nuke. Azken egunetan entzun ditugun kritiken artean badago bat bereziki amorratzen nauena, eta hori da kale borroka inork ulertzen ez duen jarduera bat dela dioena. Laburki bada ere azpimarratu nahiko nuke estatuen biolentziari aurre egiteko pairatu dugun porrota ez dela poliziala ezta militarra izan. Pairatu dugun porrota politikoa izan da. Poliziak ez du ez borroka armatuarekin ezta kale borrokarekin ere bukatu,

inoiz ez duelako hauek asimilatzeko gaitasunik izan. Hainbeste urtetan gure ordezkari politikoen papera jokatu dutenak ez dira gai izan gehiengo bati azaltzeko hemen zegoena ez zela estatu demokratiko bat biolento batzuei aurre egiten, baizik eta estatu faxista bati aurre egiten zion herri bat. Gaur poltronak okupatzen dituztenek ez zuten zegokien lana behar bezala egin eta horregatik pairatu dugu horrelako porrot ideologikoa. Denbora luzez nahi gabe egindako akatsa zela pentsatu izan dut, baina orain badakit akatsik ez dela egon eta gure lubakiak prestatzen zituzten berberak bizkarra ematen ari zitzaizkigula gerran murgilduta geundenean ere.

Sendoa Jurado Garcia /  Kale borrokagatik preso ohia

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude