Gertaeren kronologia: Zer ari da gertatzen Donostia Ospitalean?

  • Onkologikoa Osakidetzan saretu nahiak zeresana du kargugabetze, dimisio eta protesta olde honetan. Osakidetzaren jarrera "zentralizatu eta bertikala" salatu dute Donostia Ospitaleko profesionalek, uste baitute ez dela entzuten beraien iritzia zerbitzua kudeatzeko orduan, "egoera konpontzen saiatzen dena" kaleratua izan ohi baita.


2022ko abenduaren 07an - 06:42
Azken eguneraketa: 09:04

Osakidetzak kudeatzen du Donostia Ospitalearen alboan dagoen Onkologikoa, baina batak ez du besterako sarbidea bideratzen; hau da, Onkologikora jo beharra duenak, hala eskatzen duenak, zuzenean jo dezake bertara, eta ez du zertan ohiko kontsultatik pasa. Dena den, aurrera begira, Osakidetzaren, Osasun Sailaren eta beraz, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da Onkologikoak kudeaketa propioa izateari uztea eta aipaturiko kasuan, esaterako, Osakidetzak bideratzea pazientearen Onkologikorako kontsulta. Osakidetzako goi-kargudunen plan honekin ez zetorren bat Donostia Ospitaleko aurreko zuzendaritza-taldea.

Bestalde, Osasun Sailaren asmoa ere bada Gurutzetako Ospitalea izatea osasun-zentrorik espezializatuena, eta beraz, erreferentea. Horren ageriko, kirurgia zerbitzua Basurtutik Gurutzetara lekualdatzeko proiektua –etenda dago prozesua Gasteizko epaile baten aginduz, nahiz eta Jaurlaritzak planarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi–. Oro har, osasun sistema publikoaren gainbehera eta zerbitzuaren pribatizazioa ere hizpide dira azken hilabete eta urteotan; ESI Donostiako 28 zerbitzuburuk salatu duten gisan, giza-baliabideak "beheranzko joeran" dira.

Egunez egun, zer gertatu da Donostia Ospitalean azken egunotan?

Abenduaren 1ean, ostegunean, Osakidetzako zuzendaritzak kargugabetu egin zuen Itziar Pérez ESI Donostiako zuzendari gerentea. Hasiera batean, publikoki argudiorik eman gabe, baina Pérezek lankideei ohar bidez jakinarazi zienez, zuzendaritza nagusiarekin bat ez etortzeagatik gertatu zen.

Abenduaren 2an, ostiralean, Osakidetzak bigarren pertsona bat kendu zuen kargutik: Idoia Gurrutxaga, ESI Donostiako zuzendari medikua. Ordu gutxira, Adolfo Begiristain kirurgia arloko zuzendariordeak dimisioa aurkeztu zuen, salatuz, "jarrera diktatoriala" duela Osakidetzak. Hain zuzen ere, Osasun sailburuak eta Osakidetzak  "irizpide politiko eta laguntasunagatik" hartzen dituztela erabakiak adierazi zuen EiTBn.

Abenduaren 5ean, astelehenean, dimisioa aurkeztu zuen Maite Martínez zuzendariorde medikuak, "kargugabetze bidegabeak" seinalatuz.

Egun horretan bertan, Donostia Ospitaleko 28 zerbitzuburuk idatzi gogorra helarazi zuten Osakidetzaren eta Osasun Sailaren jardunaren aurka. Hain justu, "politiak suizidak" uzteko exijitu zieten.

Dokumentu horren eskutik iritsi ziren erreakzio gehienak. Azalpenak exijitu zituzten sindikatuek, eta salatu zuten Osakidetzak jarrera berbera mantentzen duela Mahai Sektorialeko bileretan: "Bertikalak dira eta ezinezkoa da negoziatzea".

Oposizioko alderdi politikoek, berriz, dimisio hotsak luzatu zituzten. Azalpenak exijitu eta sailburuaren premiazko agerraldia eskatzeaz gain, bai EH Bilduk eta baita PP-C'sk ere, sailburuaren dimisioa edo kargugabetzea eskatu zuten.

Arratsaldean heldu zen Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren prentsa-agerraldia, ordu eta erdiz Urkullu Lehendakariarekin batzartuta egon ondoren. Kargugabetzeak guztiz logikoak zirela eman zuen ulertzera, Osakidetzako goi-zuzendaritzak agindutakoa betetzea delako zentro-zuzendarien zeregina. Kargugabetzeen arrazoiak ez zituen aletu sailburuak, kazetariek dozena erdi galdera eginda ere.

Sagardui sailburuak, agerraldi horretan iragarri zuen ESI Donostiako zuzendaritza-taldea berrantolaketa prozesuan zegoela. Ziurtzat jo zuen zerbitzua ez dela kalteturik irtengo, ordurako Agustin Agirrek hartua baitzuen zuzendari kargua, behin-behinean bada ere. Sailburuaren hitzetan, "konfiantzazkoek" hartu dute kargu: bada, 2018ko Lan Eskaintza Publikorako deialdian iruzurrak salatu zituen langiletako batek, Roberto Sánchez anestesiologoak salatu du, egoera "jasanezina" egin ziola Agustin Agirrek, orduan Debagoienako ESIan zuzendari zela.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetzako gatazka
1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Auzitegi Nagusiak berretsi du: geldirik jarraituko du Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatzeak

Osakidetzak jarritako helegitea ez du onartu Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Azaroan gelditu egin zuen Gurutzetara lekualdatze prozesua Arabako epaitegi batek.


2022-12-29 | Lide Iraola
Osakidetzako krisia
ESIko zerbitzuburuek bost eskakizun egin dizkiote zuzendaritzari

Zuzendaritza ospitale barruko kideez osatzea, mahai teknikoa osatzea langileen ordezkaritzarekin, "behetik gorako" lan ebaluazioa, langileen egonkortzea eta Onkologikoaren hitzarmen berriaren inguruan azalpenak jasotzea. Bost puntu horietan ardaztu dituzte... [+]


Sindikatuak protestara itzuliko dira, osasun sistema publikoaren alde

Osakidetzako sindikatu guztiek bat eginda, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute abenduaren 22an zentro guztien atarian biltzeko. Opor garaiaren ondoren, protestak kalera eramatea ere aurreikusi dute.


Oposizioa haserre: nekagarria da Sagarduik galderarik ez erantzutea

Gidoi itxi-itxiarekin agertu da Osasun sailburua Legebiltzarrean, Donostia Ospitaleko egoeraren berri era xeheagoan ematera berez, baina galdera guztiak saihestu egin ditu. Oposizioko alderdi guztiek etengabe salatu dute lotsagarria eta larria dela jarrera hori izatea, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude