Donostia Ospitaleko zerbitzuak "indartuko" dituela hitzeman du Sagarduik presioen aurrean

  • Minbiziaren aurka egiteko CAR-T terapia abian jarriko du Osakidetzak urte eta erdi barru; non eta Donostia Ospitalean soilik eskainiko da zerbitzua. Horregatik, zentroak erreferentzia galdu baino, irabazi egingo duela jakinarazi du Sagarduik. Dena den, oposizioko alderdi guztiek azpimarratu dute Osakidetzaren gainbehera. 

Gotzone Sagardui sailburua, gaur goizean Eusko Legebiltzarreko ganberan azalpenak ematen. (Argazkia: Eusko Legebiltzarra)

2022ko abenduaren 16an - 10:25
Azken eguneraketa: 14:14

Ostiral goizean, Eusko Legebiltzarreko kontrol-saioa zabaltzeko, bost minutu zeuzkan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bere alderdi EAJk egin dion galderari erantzuteko, bueltan beste galderarik egiteko aukerarik gabe, gainera, baina sailburuari nahikoa egin zaio hiru minutu pasatxorekin. Kargugabetzeen inguruan, esaterako, orain arte esandakotik ez da harago joan; ohi bezala ziurtatu du, Donostia Ospitaleko "zuzendaritza-berrantolaketak" ez duela pazienteen osasun-zerbitzuan eta kalitatean eraginik izan.

Aldiz, osasungintzako alor-teknikoari erreparatuta, gezurtatu egin ditu osasun-langile eta zerbitzuburuek salatzen zituzten zerbitzu-teknikoen lekualdatzeak. "Gainera, alderantziz da", gaineratu du Sagarduik, Donostia Ospitalea bihur nahi baita "terapia aurreratuen zentro espezializatua", minbiziaren aurkako borrokan behintzat. Iñigo Urkulluk joan den astelehenean egindako iragarpenari jarraikiz, berretsi du bertan instalatuko dela prontoterapia zerbitzua, 60 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eginda, eta bertan eskainiko da CAR-T terapia-zerbitzua ere, minbiziaren aurkako "erreferentea", Sagarduiren iritziz.

Oposizioa: bat eginik eta zorrotz

Oposizioko alderdi politikoei ez die balio izan Sagarduiren azalpen laburrak, eta Iñigo Urkullu lehendakariari zuzenduta, guztiek azpimarratu dute Osakidetzaren gainbehera; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, harago joanda, "zerbitzuaren pribatizazioa" ere salatu dute. Koalizio abertzaleko bozeramale Maddalen Iriartek azpimarratu du, ez dela Sagarduik dioen bezala "Donostia Ospitaleko kasua", baizik eta arrakala gehiago dituela Osakidetzak, adibidez, Bidasoan, Zumarragan edota Tolosaldean.

Sailburu guztien lana era argian eskertu du Iñigo Urkulluk, eta horrela apaldu dira beraz dimisio- edo kargugabetze-hotsak ere. Hain zuzen ere, PP-C's koalizioak soilik eskatu du esplizituki ganberan halakorik.

Lehendakariak erantzun ditu oro har oposizioaren galdera gehienak, baina berrikuntza handirik gabe. Aste honetan Vocento talde-mediatikoaren foro batean esandako kontu berak errepikatzera mugatu da: "Osakidetza hazkunde-krisi batean dago, eta Osakidetzaren gobernantza-eredua ez da aldatu; nik konfiantza osoa dut haiengan eta jarduteko moduan".

Urkullu: "Ez diozue barkamenik eskatu Jon Darpóni"

Osakidetzako 2018ko lan-eskaintza publikorako deialdian irregulartasunak salatu eta epaiketa zabaldu zen garai hartan, Jon Darpón sailburu ohi jeltzalea ere aulkian eseri eta zigortua izatear egon zen. Duela urtebete jaso zen Gasteizko epaitegieren auto judiziala, berari buruzkoa, eta inputatuen aulkitik kendu zuten. Urkullu lehendakariak, urtebete beranduago, Legebiltzarreko alderdi guztiei esan die "barkamen mezurik ez duela entzun". 

Izan ere, EH Bilduk "azken hamarkadako politiken ondorio" dela esan du Osakidetzak gaur egun bizi duen krisi-egoera, eta hain justu ere, oraintsu bete dira 10 urte lehendakari kargua hartu zuenetik Iñigo Urkulluk. Testuinguru horretan jarri du mahai gainean Darpónen izena, baita Nekane Murgarena ere.

Bada, harridura sortu badu ere lehendakariak Darpóni erreferentzia egiteak, bide bera hartu du geroago Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ere. 

Astelehenean itxi nahi du gatazka

Donostiako Ospitaleko krisia lehertu zela bi aste igaroko dira datorren hilaren 19a heltzerako, eta badirudi Gabonetako opor-garaira urak bare heldu nahi duela Sagardui sailburuak. Astelehen goizean, azalpenak era xeheagoan emateko agerraldia eskatu du Osasun Batzordean, eta paraleloki, ESI Donostian, Osakidetzako goi-zuzendaritzaren bisita izango dute: Rosa Pérez zuzendari nagusia ospitaleko zuzendaritza berriarekin eta osasun-langile ordezkaritza batekin batzartuko da. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetzako gatazka
1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Auzitegi Nagusiak berretsi du: geldirik jarraituko du Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatzeak

Osakidetzak jarritako helegitea ez du onartu Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Azaroan gelditu egin zuen Gurutzetara lekualdatze prozesua Arabako epaitegi batek.


2022-12-29 | Lide Iraola
Osakidetzako krisia
ESIko zerbitzuburuek bost eskakizun egin dizkiote zuzendaritzari

Zuzendaritza ospitale barruko kideez osatzea, mahai teknikoa osatzea langileen ordezkaritzarekin, "behetik gorako" lan ebaluazioa, langileen egonkortzea eta Onkologikoaren hitzarmen berriaren inguruan azalpenak jasotzea. Bost puntu horietan ardaztu dituzte... [+]


Sindikatuak protestara itzuliko dira, osasun sistema publikoaren alde

Osakidetzako sindikatu guztiek bat eginda, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute abenduaren 22an zentro guztien atarian biltzeko. Opor garaiaren ondoren, protestak kalera eramatea ere aurreikusi dute.


Oposizioa haserre: nekagarria da Sagarduik galderarik ez erantzutea

Gidoi itxi-itxiarekin agertu da Osasun sailburua Legebiltzarrean, Donostia Ospitaleko egoeraren berri era xeheagoan ematera berez, baina galdera guztiak saihestu egin ditu. Oposizioko alderdi guztiek etengabe salatu dute lotsagarria eta larria dela jarrera hori izatea, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude