"Politika suizidak" uzteko exijitu diote Osakidetzari Donostia Ospitaleko 28 zerbitzuburuk

  • "Arduradunoi ez digute inoiz horrelako entzungorrik egin", salatu dute Donostiako ESIko 28 zerbitzuburuk, hainbat kargugabetze eta dimisioren testuinguruan. Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun Sailburuari leporatu diote jarrera "zentralizatu eta bertikala" izatea. Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute hitzik egin momentuz. Oposizioko alderdi guztiek exijitu dituzte Osasun Sailaren adierazpenak; EH Bilduk, bide batez, auzitan jarri du Sagarduiren etorkizuna.

     


2022ko abenduaren 05an - 09:57
Azken eguneraketa: 13:26
Osakidetza- Euskadi.eus

Aspaldiko krisirik larrienean murgildu da Osakidetza. Aurrez ere ageriko desadostasunak izan arren, arrakala zabaldu eta soka gehiago tenkatu da Osakidetzaren zuzendaritzak ESI Donostiako zuzendari gerente Itziar Pérez kargugabetu ondotik. Haren atzetik, ostiralean bertan, Donostia Ospitaleko zuzendari mediku Idoia Gurrutxaga ere kargutik kendu zutela jakinarazi zuten, eta ordutik, gutxienez beste bi dimisio ere izan dira. Asteburuan, Pérezek ohar bateratua bidali zien ospitaleko langileei, eta lan-taldearen babesa jaso du; horren ageriko, 28 zerbitzuburuk gaur kaleratu duten manifestua.

"Sekulako aldrebeskeria egin du Osakidetzak", diote oharrean, eta "sektarismoa eta trakeskeria" leporatu diote zuzendaritzari. Salatu dutenez, Osakidetzaren barne-ataleko arduradunen ahalmena murrizten ari da zuzendaritza zentrala, eta goi-kargu horiek irizpide politikoen arabera hautatzen dira, "ez trebetasun eta merituen arabera". Gauzak horrela, "politika suizidak" uzteko exijitu diote zuzendaritzari, eta horren gainetik dagoen Osasun Sailari eta Eusko Jaurlaritzari. Gaineratu dute, politika egiteko nahirik ez dagoela zerbitzuburuen idatziaren atzean, baizik eta "leialtasuna eta konpromisoa" dutela osasun zerbitzu publikoarekiko, urteetan ekarpen tekniko eta profesionalak egin dituzten gisan.

Donostiako ESIa zuzendaritza-talderik gabe geratu da, eta gaur goizean jakinarazi dute, Bidasoako ESIko burua, Agustin Agirre, arduratuko dela behin-behinean Gipuzkoako zentrorik handienaren kudeaketaz. Donostia Ospitalean, 400.000 herritar inguruk jasotzen dute arreta.

Azalpenak exijitu dituzte

Zuzenki eta esplizituki esan gabe ere, Gotzone Sagarduik sailburu karguan jarraitu beharko lukeen ala ez eztabaidara atera du EH Bilduk. "Ez dugu ulertzen emaitzarik ematen ez duen sailburu bat nola mantentzen duen karguan Eusko Jaurlaritzak", adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak premiaz eginiko agerraldian, eta gaineratu, honek ezin duela horrela jarraitu; "azalpenak eman behar dira". Osakidetzak "lasaitasuna, bakea eta konponbidea" behar dituela uste du koalizio subiranistak, eta "suteak eta polemikak baino" ez dira sortzen gaur egun. EH Bilduren iritziz, gobernantza-eredu baten ondorio dira krisi-egoerak, eta ez kasualitate hutsa.

Legebiltzarreko ganberan izan da bestelako mugimendurik ere: PPk Gotzone Sagardui osasun sailburuaren "premiazko agerraldia" eskatu du, eta Elkarrekin Podemoseko bozeramale Miren Gorrotxategik berriz, sareetan, "Osasun Saila buruak mozten ari dela" salatu du.

Bestalde, ezagun da sindikatu eta agintariek osatzen duten Osakidetzako Mahai Sektorialak ez duela aspaldian fruiturik eman; are, aspaldian ez dira eseri partaide guztiak mahaiaren bueltan. SATSE erizainen sindikatuak Euskadi Irratia-n jakitera eman duenez, Donostia Ospitalean lehertu den krisiak "antzekotasun handiak" ditu Mahai Sektorialean gertatzen denarekin: "Jarrera berbera mantentzen dute; bertikalak dira eta ezinezkoa da negoziatzea". ELAk, esaterako, Mitxel Lakuntzaren ahotan jarrita, "autoritarismoa" salatu du eta LABek berriz, gobernantza-eredua hondatzen ari direnaren ondorio dela azpimarratu du.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetzako gatazka
1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Auzitegi Nagusiak berretsi du: geldirik jarraituko du Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatzeak

Osakidetzak jarritako helegitea ez du onartu Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Azaroan gelditu egin zuen Gurutzetara lekualdatze prozesua Arabako epaitegi batek.


2022-12-29 | Lide Iraola
Osakidetzako krisia
ESIko zerbitzuburuek bost eskakizun egin dizkiote zuzendaritzari

Zuzendaritza ospitale barruko kideez osatzea, mahai teknikoa osatzea langileen ordezkaritzarekin, "behetik gorako" lan ebaluazioa, langileen egonkortzea eta Onkologikoaren hitzarmen berriaren inguruan azalpenak jasotzea. Bost puntu horietan ardaztu dituzte... [+]


Sindikatuak protestara itzuliko dira, osasun sistema publikoaren alde

Osakidetzako sindikatu guztiek bat eginda, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute abenduaren 22an zentro guztien atarian biltzeko. Opor garaiaren ondoren, protestak kalera eramatea ere aurreikusi dute.


Oposizioa haserre: nekagarria da Sagarduik galderarik ez erantzutea

Gidoi itxi-itxiarekin agertu da Osasun sailburua Legebiltzarrean, Donostia Ospitaleko egoeraren berri era xeheagoan ematera berez, baina galdera guztiak saihestu egin ditu. Oposizioko alderdi guztiek etengabe salatu dute lotsagarria eta larria dela jarrera hori izatea, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude