Sagardui: "Zuzendaritza-taldeen zeregina da itunduta datorkiena betetzea"

  • "Zentzuzko" kargugabetzeak eta "antolakuntza-aldaketak" egin dira Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren iritziz, "Osakidetzaren eta herritarren mesedetan". Organigramako eskala bakoitzak betebehar jakin batzuk dituela defendatu du sailburuak, eta ESI Donostiako arduradunak ez zetozen bat zuzendaritza nagusiak dituen asmoekin.


2022ko abenduaren 05an - 15:38
Azken eguneraketa: 17:34
Gotzone Sagardui. Irekia.

Bi bilera paralelo izan dira goizean: bata, Osakidetzako zuzendaritzarena, ESI Donostiako zuzendaritza taldearen berregituratzea zehazteko; eta bestea, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta Gotzone Sagardui sailburuaren artekoa. Azken orduotan bi kargugabetze eta gutxienez hiru dimisio izan dira Donostia Ospitalean, eta 28 zerbitzuburuk idazki gogorra helarazi dute Osakidetzaren eta Osasun Sailaren jarduna salatuz: besteak beste, "politika suizidak, bertikalak eta zentralizatuak" dituztela adierazi dute.

Osakidetzak eguerdirako baieztatu du ESI Donostiako zuzendaritza lehenbailehen berregituratuko zela, eta halaxe egin du: Bidasoako ESIko egungo burua, Agustin Agirre, arduratuko da behin-behinean Gipuzkoako zentrorik handiena kudeatzeaz; eta Ana Bustinduy, berriz, mediku zuzendari. Bidasoa Ospitalean hilabete batzuk soilik daramatza Agirrek beharrean: aurrez, Debagoienako ESIan egona da arduradun lanetan, eta bertan kointziditu zuen 2018ko lan-eskaintza publikorako deialdian iruzurrak salatu zituzten hiru anestesiologoekin. Horietako bik beraien kabuz utzi zuten lanpostua, "jazarriak" izan zirelako; lanpostua utzi zuen Roberto Sanchezek iragan udaberrian adierazpen publiko batean salatu zuen Agustin Agirre zela sorgin-ehiza horretako partaide.

Berregituraketa horien berri emanez hasi du agerraldia Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, ordu erdiko atzerapenarekin eta Lehendakariaren ia bi orduko bilera bat izan ondoren. Tarte horretan, dimisio hotsak zabaldu badira ere, halakorik ziurtasunez ukatu eta horretarako aukerarik ere ez du jarri mahai gainean sailburuak, galderei ere iskin eginez. Izan ere, nabarmendu nahi izan du ESI Donostiako zuzendaritza-taldea ez dagoela biluzik eta "aldaketa hauek guztien mesederako" izango direla. Gainera, argi esan du, zuzendaritza-talde berri hauetako kideek partekatzen dutela Osakidetzako goi-kargudunen ikuspegia.

Kargugabetzearen arrazoiak aletu ere egin gabe, ulertzera eman du lehendik ere bertako arduradunekin bazituztela desadostasunak. Baina, edonola ere, azpimarratu du erakunde bakoitzak eginkizun zehatza izaten duela, eta zuzendaritza-taldeen zeregina izan ohi dela itaunduta datorkiena betetzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetzako gatazka
1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Auzitegi Nagusiak berretsi du: geldirik jarraituko du Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatzeak

Osakidetzak jarritako helegitea ez du onartu Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Azaroan gelditu egin zuen Gurutzetara lekualdatze prozesua Arabako epaitegi batek.


2022-12-29 | Lide Iraola
Osakidetzako krisia
ESIko zerbitzuburuek bost eskakizun egin dizkiote zuzendaritzari

Zuzendaritza ospitale barruko kideez osatzea, mahai teknikoa osatzea langileen ordezkaritzarekin, "behetik gorako" lan ebaluazioa, langileen egonkortzea eta Onkologikoaren hitzarmen berriaren inguruan azalpenak jasotzea. Bost puntu horietan ardaztu dituzte... [+]


Sindikatuak protestara itzuliko dira, osasun sistema publikoaren alde

Osakidetzako sindikatu guztiek bat eginda, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute abenduaren 22an zentro guztien atarian biltzeko. Opor garaiaren ondoren, protestak kalera eramatea ere aurreikusi dute.


Oposizioa haserre: nekagarria da Sagarduik galderarik ez erantzutea

Gidoi itxi-itxiarekin agertu da Osasun sailburua Legebiltzarrean, Donostia Ospitaleko egoeraren berri era xeheagoan ematera berez, baina galdera guztiak saihestu egin ditu. Oposizioko alderdi guztiek etengabe salatu dute lotsagarria eta larria dela jarrera hori izatea, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude