Hala adierazi dio izenik eman nahi izan ez duen ertzain batek Berria egunkariari. Uztailaren 8koa ez, baina asteburuko festa bazetorrela bazekien Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, eta “Udalak ez zuen ezer egin eragozteko”, dio ertzainak.
Uztailaren 8an, selektibitate ondorengo festan bildu ziren 1.500-2.000 gazte Zarauzko malekoian, taberna gunean. Ertzainak dio ezustean harrapatu zituela jaiak, eta Ertzaintzak eta udaltzainek kanporatu zituztela gazteak. Horren ondoren, astebururako jaia antolatuta zegoela jakitun ziren Ertzaintza eta udaltzainak eta Berria-rekin hitz egin duen ertzainak dio Ertzaintzak operatiboa prestatuta zuela.
Ertzainak dio Zarauzko Udalak eragotz zezakeela festa. Eibartik, Elgoibartik, Debatik, Mendarotik eta beste hainbat tokitatik autobusak eta trenak baliatu zituzten Zarautza joateko. Jendea jai gunetik kanporatzea ia ezinezkoa egin zitzaiela dio ertzainak eta goizeko seiak arte tabernak irekita egon zirela. Udalak 3:00ak arteko muga ezarria zuen tabernetan eta ondoren Eusko Jaurlaritzak muga 23:00etan jarri zuen. Ertzainak Berria-ri esan dio udala tabernak 6:30ak arte irekita mantentzen saiatu zela, baina Jaurlaritzak agindua betearazi duela. Ertzainak herriaren ezaugarri nagusia ekarri du gogora: “Badakigu zer dagoen Zarautzen: turismoa eta… Denak segitu behar du horrela”.
Berria egunkariak adierazi du Udalak ez dituela haren galderak erantzun, gai horretaz aritua dela argudiatuta.
Zarautzen 2.700 test inguru egin dituzte, Gipuzkoako foku nagusietako bat bihurtu ondoren. 80 pertsonak positibo eman dute PCR proban. Udalak dio ez dela kutsatze komunitariorik izan Zarautzen, ezta berragerraldirik ere.