"Urtetako prekarietatea" salatuz, greba iragarri dute Tolosako Asuncion klinikako langileek

  • ELA eta LABeko enpresa batzordeak zuzendaritzaren "aldebakartasuna" gaitzetsi du; TOPAk jakinarazi du, lau mediku espezialistak klinika utzi dutela.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko azaroaren 30an - 08:38

Azken zazpi urteotan puztutako burbuila lehertzear da Tolosako Asuncion klinikan. Langile batzordeak grebak eta lanuzteak iragarri ditu datozen asteetarako, klinikako zuzendaritzaren "aldebakartasuna" eta langileen egoera "prekarioa" salatzeko. Horrela, lehen mobilizazioa datorren larunbatean izango da, abenduaren 2an, Trianguloa plazako elkarretaratzean.

ELA eta LAB sindikatuetako klinikako langileak komunikabideen aurrean agertu dira eta, besteak beste, azaroan zuzendaritzarekin izandako bilera izan zuten hizpide: "Negoziazio mahaira deitu gintuzten eta, azaldu, enpresak ez duela negoziatzeko asmorik; informazio bilera baino ez zela izango". Horrela, Asuncioneko buruek soldaten igoera %1ekoa izango dela jakinarazi zieten langileei, 2016ko KPIa %1,6koa izan zen arren. Sindikatuek "aldebakartasunez jokatzea" egotzi diote zuzendaritzari eta, salatu, azken zazpi urteotan galera ekonomiko handiak izan dituztela, soldatak izoztuta edukitzeagatik: "Oinarrizko soldatan 3.000 eta 5.000 euro arteko galerak izan ditugu", azaldu dute Ainhoa Ortizek (LAB) eta Isabel Descalzok (ELA).

Gatazka, ordea, hileroko ordainsarien igoeraz harago doa. Langile batzordeak salatu duenez, "urtean 1.670 orduko lan-jarduna" osatzen dute: "Oso urrun gaude asteko 35 orduetatik eta, 2010. urteaz geroztik, ez dute murriztu Asuncion klinikako langileon lan-jarduna".

Horrekin batera, "pertsonal falta, kontratazioetako irregulartasuna eta lan-kargaren handitzea egunerokotasunean" bizi dituztela nabarmendu dute, gaineratuz, "prekarietate sistematikoan" bizi direla.

Gaur egun, Asuncion klinikak 65.000 herritarri zerbitzu ematen die; Tolosaldeko 28 herriekin batera, Legorreta eta Andoain ere hartzen ditu. 330 langile baino gehiago aritzen dira bertan, eta kontzertazio bidez funtzionatzen du ospitaleak: Inviza S.A.ren –klinika kudeatzen duen enpresa– eta Osasun Sailaren arteko hitzarmen ekonomiko baten bitartez, alegia.

Datuok mahai-gaineratuz, Asuncioneko langile batzordeak azaldu nahi izan du, "klinikako zerbitzuak gainbehera" doazela, eta mediku traumatologoekin gertatu berri dena plazaratzeko baliatu dute agerraldia. TOPA koordinakundeak berriki jakinarazitakoaren bidetik, Asuncioneko 4 traumatologok klinika utzi dute: "Ez dituzte ordezkatu, nahiz eta, gaur egun, klinika horretan, traumatologiako 6,5 espezialistak aritu beharko luketen. Ondorioz, itxaron-zerrenda luzatzen ari da, eta traumatologiako larrialdi kirurjikoak Donostia Ospitalera bideratzen ari dira egunotan".

ELAk eta LABek izen-abizenak jarri nahi izan dizkiete egoeraren arduradunei, eta fokua jarri diete Jesus Gomez Montoya Invizako buruari eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari: "Egoera honen ardura beren gain hartzeko eskatu nahi diegu. Asuncion klinika kontzertatua da, eta 65.000 pertsonaren osasuna klinikaren esku dago. Horregatik, Montoya arduraduna da, eta Darpon konplizea".

Kolpea mahai gainean

Arazo eta eztabaida errenkada horrek krisi egoera eragin du langileen artean eta, azaroaren 20ko langile batzarrean erabakitakoa aitzat hartuz, mobilizazio eta lanuzteak iragarri dituzte. Larunbatean bertan ekingo diote salaketa-agendari, eta elkarretaratzea egingo dute, 12:30etik 13:30era, Trianguloan.

Abenduaren 13an, 4 orduko lanuztea egingo dute, 08:00etatik 12:00etara, eta elkarretaratzea 15:15etik 16:15era bitarte. Abenduaren 20an, berriz, egun osoko greba deitu du langile batzordeak, eta kotxe karabana egingo dute, abenduaren 27an, 18:00etatik 19:00etara bitarte. Azkenik, bi eguneko greba egiteko asmoa azaldu dute, datorren urtarrilaren 8an eta 9an.

Soka luzea

Soka luzea da Asuncion klinikako langileen soldatena. 2013. urteko maiatzean, Inviza-k soldatak jaisteko asmoa iragarri zien langileei; batez beste, hileroko ordainsariak %4,2 eta %7 artean murriztu nahi zituen zuzendaritzak. Argudiatu zutenez, erabakiaren atzean zegoen, Asuncion klinikaren eta Osasun Sailaren arteko hitzarmenaren beherakada ekonomikoa.

Negoziazioek huts egin zuten, eta langileek salaketa jarri zioten Invizari, enpresaren "fede txarra eta soldatak jaisteko argudio falta" medio. Horrenbestez, 2013ko urria hasieran, epaileak langileen aldeko ebazpena idatzi zuen, Asuncion klinikako langileen baldintzak lehengora bueltatzeko aginduz.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek, mende erdia bete berri

Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen dela nabarmendu du LABek 50. urteurreneko ospakizunean.


Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan

500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Eguneraketa berriak daude