Bileratik altxatu da Maderas de Llodioko zuzendaritza, langileen eskakizunei “ezezko borobila” emanda

  • Astelehenean bilera egingo dute langileen ordezkariek Eusko Jaurlaritzako Industria sailarekin Laudioko Udaletxean. 

Greba mugagabean eta mobilizazioekin jarraitzen dute Maderas de Llodioko langileek. Aiaraldea.eus

2025eko azaroaren 13an - 10:55
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Modu gorabeheratsuan amaitu da gaur Maderas de Llodioko langileen ordezkariek zuzendaritzarekin izandako bilera. Enpresa Batzordeak jakinarazi duenez, Garnica multinazionalaren ordezkaria mahaitik altxatu da bileraren erdian, beharginen proposamenei "ezezko borobila" eman ostean. 

Atzo egin zuten langileen asanblada, eta bertan zehaztutako lau puntuak eraman dituzte gaurko bilerara:

  • Enplegua Erregulatzeko Espedientea kentzea. 
  • Derrigorrezko kaleratzerik ez egotea.
  • Ekoizpena mantentzea.
  • Enplegua mantentzea. 

Baina, salatu dutenez, enpresak ez die baiezkorik eman puntu horietako bati ere ez, eta honako kontraproposamen hau egin du:

  • Enplegua Erregulatzeko Espedientea ez kentzea.
  • 17 kaleratuak berronartzea, enpresatik joateko prest dauden beste horrenbeste boluntarioren truke betiere. 
  • Lan-karga nahikoa bideratzea geratuko liratekeen langileek lana izateko. 
  • 2026an kaleratze gehiagorik ez egitea eta, ekoizpena jaitsiko balitz, aldi baterako espedientea ezartzea. 
  • Greba mugagabea bertan behera berehala uztea. 

Enpresa batzordetik zehaztasun gehiago eskatu diete konpainiako ordezkariei, baina hauek uko egin diote horri. Proposamena hurrengo bilerara idatziz ekartzea ere exijitu dute beharginek eta, nabarmendu dutenez, une horretan altxatu da zuzendaritzako kidea negoziazio mahaitik. Gauzak hala, "arduragabekeriaz" jokatzea leporatu diote sindikatuek enpresari. 

Bilera Jaurlaritzarekin astelehenean

Maderas de Llodioko langileek 54 egun bete dituzte gaur greba mugagabean, eta mobilizazioekin jarraitzen dute. Datorren astelehenean Herriko plazan bilduko dira 15:30ean. Izan ere, Enpresa Batzordeko kideak Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bilduko dira ordu horretan Udaletxean.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2025eko azaroaren 5
Gorka Perez de Mendiola. Lorezaina sei hilabetez greban
"Grebaren amaiera bidearen hasiera besterik ez da"

Eguneraketa berriak daude