Urruñakoa indarkeria matxista kasu bat dela ziurtatu dute


2019ko ekainaren 20an - 09:31
Hilketa matxistak gaitzetsiz, 2016an egindako elkarrateratze bat (Argazkia: Ipar Euskal Herriko Hitza)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Astelehenean, Urruñako (Lapurdi) etxe batean hilik agertu ziren senar-emazteak. Beren alabak aurkitu zituen hilotzak, eta larrialdi zerbitzuei deitu. Donibane Lohitzuneko Poliziak kasuaren gaineko ikerketa abiatu bezain pronto nagusitu zen hipotesi bat: indarkeria matxista kasu bat izan zitekeela. Ziurtatu denez, hala da. 83 urteko gizonak 81 urteko emakumea hil zuen tiroz, eta ostean bere buruaz beste egin.

Lapurdi, hilketa matxista kopuruagatik nabarmendua

Mayo Nervi du izena bere bikotekidearen eskuetan hildako emakumeak, eta indarkeria matxistak 2019an Euskal Herrian hildako lehen emakumea da. Berriaren indarkeria matxistaren maparen arabera, 2003az geroztik 99 emakume eta 11 adin txikiko hil ditu indarkeria matxistak. Proportzioan, Lapurdin gertatu dira hilketa matxista gehien: hildako bost emakumetik bat bertan hil dute. Mayo Nervi 2003az geroztik Lapurdin hildako 23. emakumea litzateke. Lapurdira begira, azpimarratzekoa da ondoko datua ere: hilketaren ostean erasotzaileen herena ahalegindu da bere buruaz beste egiten.

Hilketa gaitzesteko mobilizazioak

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hilketa matxisten aurkako protokoloa aktibatu du. Ostiralean, ekainak 21, manifestazioa deitu dute Urruñan bertan eta elkarretaratzeak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Urruñako manifestazioa 18:30ean abiatuko da Herriko Etxearen paretik; elkarretaratzeei dagokienez, Bilbon 19:30ean egingo da Arriagan, Iruñean 20:00ean Udaletxe plazan, Donostian 18:30ean Bulebarrean eta Gasteizen 19:00etan Korreos plazan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
Eguneraketa berriak daude