Urruñakoa indarkeria matxista kasu bat dela uste du Poliziak

  • Bikote bat hilik aurkitu dute etxebizitza batean. Poliziaren arabera, lehen ikerketa zantzuen arabera indarkeria matxista kasu bat litzateke.


2019ko ekainaren 18an - 11:03
Indarkeria matxisten kontrako mobilizazioa (Argazkia: Ipar Euskal Herriko Hitza)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bikotearen alabak aurkitu zituen astelehenean hilotzak, Urruñako (Lapurdi) etxebizitza batean. Donibane Lohitzuneko Poliziak abiatutako ikerketaren lehen zantzuen arabera, indarkeria matxista kasu bat litzatzeke: ikertutakoaren arabera, gizonezkoak hil du emakumea, eta ostean bere buruaz beste egin. Emakumeak 81 urte zituen, eta gizonak 83.

Senar-emazteen alabak aurkitu zituen gorpuak astelehen goizean, eta berak deitu zien larrialdi zerbitzuei. Bordelera (Okzitania) eraman dituzte gorpuak, eta ostegunean egingo diete autopsia. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak ez du ikerketaren gaineko informaziorik eman nahi izan, eta autopsia egin ostean argibide gehiago eman ahalko dituela esan du. Polizia hasia da testigantzak jasotzen.

Poliziaren hipotesia baieztatuz gero, Mayo Nervi indarkeria matxistak 2019an Euskal Herrian hildako lehen emakumea litzateke. Berriaren indarkeria matxistaren maparen arabera, 2003az geroztik 98 emakume eta 11 adin txikiko hil ditu indarkeria matxistak. Proportzioan, Lapurdin gertatu dira hilketa matxista gehien: hildako bost emakumetik bat bertan hil dute. Lapurdira begira, azpimarratzekoa da ondoko datua ere: hilketaren ostean erasotzaileen herena ahalegindu da bere buruaz beste egiten. Urruñakoa indarkeria matxista kasu bat izatekotan, Mayo Nervi 2003az geroztik Lapurdin hildako 23. emakumea litzateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
Eguneraketa berriak daude