Elkartasuna eta boikotaren beharra zabaldu dute hiriburuetan dozenaka mila lagunek

Zuzeneko jarraipena
  • Urriaren 15ean Palestinaren aldeko eguna da Hego Euskal Herrian, eta hainbat sindikatuk eta mugimendu herritarrek mobilizazioak, lanuzteak eta grebak deitu dituzte. ARGIAk bat egin du Palestinaren aldeko greba eta lanuzteekin. Hemen aurkituko dituzue egunaren jarraipena eta Palestinako azken berriak.

    Grebak eta lanuzteek jarraipen zabala izan dute industrian eta hezkuntzan, eta zenbait enpresatan produkzioa eten behar izan da. Hiriburuetako manifestazioetara dozenaka mila pertsona elkartu dira, aldarri argiekin: "Israeli boikot, Palestina askatu".

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

2025eko urriaren 15ean - 20:36
Gakoak
Nazioarte mailako greba orokorra galdegin du Palestinarekin Elkartasunak

Israel Palestinan egiten ari den "kolonizazioaren kontrako borroka" ez dela amaitu adierazi du Palestinarekin Elkartasunak bere irakurketan. Argi kritikatu dute zenbait agintarik "irtenbidetzat" jotzen duten bi estaturen aukera: "Genozidioa gelditzeko eta Palestinaren askatasuna erdiesteko, lurralde osoaren deskolonizazioa, preso palestinarren askapena eta errefuxiatuen itzulera bermatu behar dira. Ez dago Israelgo entitate kolonialarekin elkarbizitza posiblerik". Era berean, Palestinarekin Elkartasunak egin ohi duen moduan, palestinar erresistentziari babesa adierazi diote.

Azkenik, asteazken honetako lanuzte partzialean atarikoan iragarri moduan, nazioarte mailan greba orokorra antolatzeko premia nabarmendu du Palestinarekin Elkartasunak. "Euskal sindikatu gehienek, Palestinaren aldeko mugimenduak Euskal Herrian greba orokorra antolatzeko egindako deiari erantzun beharrean, CCOOk eta UGTk deitutako estatu mailako lanuzte partzialera batzeko deia egin dute, Ipar Euskal Herrian deialdirik egin gabe".

Gedar

 

Israel "isolatu beharra" azpimarratu du Gernika-Palestinak

"Ezer ez duenak, begi onez ikusten du nolabaiteko akordioa egon izana". Hori esanez abiatu du irakurketa Gernika-Palestinak, eta Palestinak libre izan behar duela aldarrikatu. "Jarrai dezagun Palestinaz hitz egiten bigarren plano batean geratzeko arriskua errotik uxatzeko".  

Horrez gain, ekinbide politikoan, Israel "isolatu beharra" azpimarratu dute, birritan esanda. Maila diplomatikoan isolatu, komertzial eta kulturalean, kirol mailan, instituzioetan, unibertso akademikoan... Orain, "urgentziazko neurriak" aplikatu behar direla nabarmendu dute, hala nola laguntza humanitarioa biderkatzea, presio militarra desagerraraztea, sektore zaurgarrienen zaintza lantzea eta oinarrizko zerbitzuen hornidura berreraikitzea. "Babestu hitzak gakoa izan behar du", adierazi dute, eta letra larriz, "Euskal Konpromisoa" osatzeko konpromisoa agertu dute.

Hernaniko elkarretaratzea.

 

Palestinarekin Elkartasunak errepide mozketak egin ditu, eta Polizia bertan da

Gasteizen lehenik, Lovaina inguruan errepidea itxi dute manifestariek. 

Palestinarekin Elkartasuna

Iruñean gero, hiriaren bihotzean trafikoa eten dute manifestariek. 

Espainiako Poliziak manifestazio desegin du, eta gomazko pilotak jaurti ditu; hala salatu du Palestinarekin Elkartasunak 19:25ean.

Donostian, Jose Antonio Agirre zubia moztu dute manifestariek. Duela hamar minutu jakinarazi dutenez, Ertzaintzak bi manifestari atxiki ditu taberna batean.

Palestinarekin Elkartasuna

Bilbon, uneotan, bi estatuen irtenbidearen "iruzurra" ari dira salatzen, eta erresistentzia palestinarraren alde ari dira oihu egiten.

Palestinarekin Elkartasuna

 

Abian dira Palestinarekin Elkartasunak deituriko arratsaldeko manifestazioak

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu dituzte. Eserialdiak egiten ari dira eta Polizia gerturatzen eta kargu hartzen ari dela jakinarazi dute.

Donostian, esaterako, Ertzaintzak "manifestazioa desegin" duela esan dute, eta bi manifestari atxiki dituztela.

110.000 pertsona batu dira Palestinaren elkartasunezko manifestazioetara

110.000 pertsona baino gehiago elkartu dira, LAB sindikatuaren arabera, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako sindikatuen manifestazio nagusietan. Eguerdiko manifestazio jendetsuez gain, arratsalderako ere deituta daude lanuzteak eta manifestazioak. Hemen deialdi guztiak:

 

Lanuztea “erabatekoa” izan da industriako enpresa garrantzitsuenetan, txikiagoa beste sektoreetan

Sindikatuek egindako lehen balorazioaren arabera, industriako enpresa handi askotako langileek bat egin dute lanuztearekin, zenbait kasutan jarraipena "erabatekoa" izan da gainera. Aldiz, beste sektoreetan, komertzioan eta enpresa txikietan kasu, eragina ez da hainbestekoa izan. 

 

Donostian, manifestazioaren zutabeak ez du amaierarik

Manifestazio hau Askatasunaren Hiribidearen amaierara heltzen ari zenean (eta bi norabideak hartuta), azkenak oraindik ez ziren atera Boulevardetik.

 

Bilbon hamarnaka mila lagun ari dira Palestinaren askatasuna aldarrikatzen

Bizkaiko hiriburuko manifestazioa oso jendetsua izaten ari da, bertan da Maria Ortega lankidea:

Araban lanuzteek "jarraipen oso zabala" izan dute, eta milaka lagun batu dira manifestazioetara

Hezkuntzak izan du jarraipenik altuena. STEILASen arabera, oro har %60-70eko jarraipena izan du, eta haur eskoletan %80koa.

"Indar erakustaldi" gisa deskribatu du LABek lanuzteen jarraipena, "oso zabala" izan baita. Enpresa batzuetan erabateko jarraipena izan da, eta produkzioa eten behar izan dute. Beste batzuetan ere, nahiz eta ez izan erabateko jarraipenik, ekoizpena etetea eragin dute Palestinaren aldeko lanuzteek.

Zigor Olabarria kazetaria ari da Gasteizko mobilizazioen jarraipena egiten. Jendez lepo zegoen Andre Maria plaza manifestazioa hasi aurretik, milaka lagun elkartu baitira:

Donostian, Boulevarda da mobilizazio guztien gune neuralgikoa oraintxe bertan

Lander Arbelaitz lankidea ari da Donostiako mobilizazioen berri ematen:

 

Gaur geure eguna baita

Josebe Blanco artzainaren iritzi-artikulua: "Gaur, ongi merezia lukete, bada, Palestinako emakume nekazari eta abeltzainek gure greba orokorra. Sustraietatik oihu egingo lukeen greba orokorra litzateke geurea. Gaur geure eguna baita. Zuek jakin ez arren".

Marko propiotik, hobe

Naroa Elortzaren analisia: "Urriaren 15a ez da izan marko propioa aldarrikatzeko eguna, difuminatu delako Espainiako mobilizazioekin. Baina urriaren 16tik aurrera, marko propioaren aldeko borroka berreskuratu behar genuke".

 

Israelek Rafah pasabidea ireki du eta hitzemandako 600 kamioiri utziko die Gazan sartzen

Gazako zerrenda Egiptorekin lotzen duen Rafah pasabidea zabaltzea eta egunean laguntza humanitarioko 600 kamioiri Gazan sartzen uztea hitzemana zuen Israelek, baina asteartean mehatxu egin zuen 300 kamioi soilik utziko zuela sartzen eta Rafah pasabidea ez zuela zabalduko. Mehatxua egitean Hamasi leporatu zion bahituen artean hilda zeuden 28 gorpuetatik soilik lau itzuli izana. Hamasek astearte iluntzean Gurutze Gorriaren esku jarri zituen beste lau gorpu, asteazken goizean familiek identifikatu dituztenak.

Langile eta proiektu burujabeak palestinarren bizitzen alde

ARGIA parte den Olatukoopek dei egin du mobilizazioetara batzera, sionismoarekin harremanak etetera eta ekimenak eta proiektuak antolatzera.

 

Israelgo armadak gutxienez bederatzi palestinar hil ditu su-etena hasi zenetik

Igandean indarrean sartu zen su-etenaz geroztik, armada sionistak hiltzen jarraitu du. Gutxienez bederatzi palestinar hil eta beste hiru adin txikiko zauritu dituzte. Droneekin tirokatuta hil dituzte lehenak, eta besteak Al-Shifa ospitaletik gertu zeuden lehertu gabeko munizio israeldarragatik zauritu dira.

 

AEG-PSIko langileek, greba orokorra

Miñaoko (Araba) parke teknologikoan dagoen AEG Powe Solutions Iberia enpresako langileek deia luzatu diete gainerako langileei, "Israelgo Estatuarekin harremanak hausteko greba orokorrarekin" bat egin dezaten, esanez sindikatuek deituriko lanuzteak ez direla "nahikoak". 

Enpresa horrek bateriak eta kargadoreak ekoizten ditu CAF enpresarentzat Israelgo tranbia egiteko.

Enpresa handietako txandetan lanuzteak jarraipen zabala izaten ari dira

Palestinaren aldeko lanuzteek enpresetan jarraipen zabala izatea aurreikusten zuten sindikatuek, eta hala izaten ari da. Gainera, mobilizazioak lantokietan bertan hasi dira, hiriburuetan egingo diren manifestazio handien atariko. 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarekin elkartasuna
Eguneraketa berriak daude