Unionismoa atzera Euskal Herrian, baina...

  • Bigarren parteak ez dira oso maitatuak izaten arte guztietan. Politikan ere ez. Emaitzek déjà vu-tik gehiago dute berritik baino, baina badira pozteko pare bat arrazoi. Batetik, neofaxismoak Espainian izan duen goraldia gurean 1.300 boz gehiago eta zero ordezkari baino ez da. Bestetik, Euskal Herriaren erabakimena ukatzen dutenen indarra txikiagoa da. Unionismoak behera egin du. PSEk, PSNk eta Navarra Sumak jaitsi dutena PPk igo duenaren antzekoa da, baina Ciudadanosek jaso duen zaplazteko orokorrak balantze unionista negatiboan utzi du hemen. Hala, Euskal Herriko ultraeskuindarren –PP, C’s eta Vox– ordezkaritzak kongresuan 23tik bikoa izaten jarraitzen du, eta biak Navarra Sumakoak.


2019ko azaroaren 11n - 11:42

Hasteko aipa dezagun Marmotaren Eguneko ohiko osagaia: EAJ. Hemen eta munduan gertatzen dena gertatzen dela, hauteskundeak irabazteko makina hori oso ondo olioztatuta dagoela erakutsi du enegarren aldiz. Eta gainera, Bizkaian bezala, gizentzea esku-eskura utziz gero.

Katalunian ezagun egin duten “jugada mestra” bat egin du Iñigo Errejonek. Baita Euskal Herrian ere. Euskal Herrian Bizkaian bakarrik aurkeztu dira eta Txema Urkijo buru duen Más País Más PNV bilakatu da. Podemosen inguruko bozka zatitu izana baliatu du, ohi legez, eskuinetik, ezkerretik, goitik eta behetik arrantzatzen dakien klaseko azkarrenak. EAJk Bizkaian lortu duen laugarren eserleku horri esker, aspaldi ikusi gabeko ordezkaritza zabalena izango dute autonomistek Madrilen: zazpi parlamentari. Boto garapenaz ari garela, datu bat: Podemosek zortzi ordezkari eta 428.000 boz lortu zituen Euskal Herrian 2016ko hauteskundeetan. Hiru urte igarota, erdia dira Iglesiasen lagunak: lau parlamentari eta 236.000 boz.

Hautagaitzak ugaldu baino sigla berberen azpian aurkeztea eraginkorragoa dela erakutsi du navarrismoak berriz ere. Barkosen gobernuaren ostean, ondo ikasita du lezioa, eta UPN, PP eta C’s-en Navarra Sumak erraz irabazi ditu hauteskundeak.  Horri gehituz gero, Vox-en 1,2 puntuko igoera (Geroa Bairen gainetik geratuz) eta Erriberan neofaxistek lortutako emaitza onak –Tuteran %13 eta Corellan %12–, hobeto ulertzen da zergatik oraindik orain euskalduna izatea erresistentzia ariketa den Nafarroan. Erresistentziarako fitxaketa berri bat joango da Altsasutik Madrilera: EH Bilduko Bel Pozueta, PSNren kaltetan. Ezker abertzaleak 2011tik ez du ordezkaritzarik lortu Nafarroan, eta gainera orduko emaitza onak bi puntutan hobetu ditu. EH Bilduren igoera orokorraren pizgarri nagusia nafarrak izan dira.

Gipuzkoan eta Araban Marmotaren Eguna. Dena berdintsu. Nafarroan bezala, Araban, EH Bilduren eserlekua zen zalantza bakarra. Eta emaitza ere independentisten aldera lerratu da. Besaulki bat berotzeko Segoviara ihes egin ostean, Marotok lortutakoari 500 boz eskas gehitu dizkio Marimar Blanco hautagaiak. Urrun geratu dira, Iñaki Ruiz de Pinedok 2.600 gehiago bildu baitu, PPrekiko arrakala gehiago handituz.

Laburbilduz, alderdien proposamenetan ezezik, emaitzak ere oso bestelakoak dira Euskal Herrian, baita Espainiari begirako hauteskundeetan ere. Gure bizitzen gain erabaki nahi dugunontzat, oraingoan Kataluniak hauspotuta, errepresio hotsak dira Ebrotik behera, PSOEtik VOXera. Eta Espainiako emaitzek utzitako enegarren eskumaratze orokorrak, zer bide uzten du balore demokratikoetan sakondu nahi dugunontzat? Zer dugu adosteko Madrilen euskaldunek eta katalanek, guretzat gordetako ziegen barroteen edo abiadura handiko trenen geltokien koloreaz aparte? Hemendik bost ala zazpi ordezkari bidalita ere…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako hauteskundeak 2019 (A10)
2019-11-17 | Inma Errea Cleix
Politikariak gu gara

"Politikari guztiak berdinak dira”. Esaldi hori aditzen dudan bakoitzean, egonezinak kolpatzen nau. Norbaitek bere burua apolitikotzat jo edo munduko hiritar gisa aldarrikatzen duela entzunda nabaritzen dudan egonezin berak.  

Beste klase bateko erranaldiekin... [+]


Syriza sindromea

Ez da harritzekoa, kanpaina honetan, Syriza greziar alderdiaz eta Tsipras lehendakari ohiaz aipamen batere ikusi/entzun ez izana, nahiz eta pisu handia izan duen, nik uste, greziar eskarmentu hark. Nahita ahazturik jendearen aurrean, baina presente, oso, kanpaina diseinuetan... [+]


2019-11-17 | Juan Mari Arregi
Pentsioak eta berdintasuna blindatu

Azaroaren 10eko Espainiako hauteskundeetan jaurtitako promesak betetzeko ordua iritsi da.


Eguneraketa berriak daude