Zer bozkatu dugu? Ezer aldatu al da?

  • Atzo ere, hauteskunde eguna. Eta gaur, berriro ere, gertuko etorkizunaz hausnartzeko eguna. Egia esan, ez dakit zer hautatu dugun edota batzuek zer nahi zuten guk hautatzea. Adibidez, Sánchez hautagaiaren hitzetan, azaroaren 10ean ez ziren politikak bozkatzen, gobernua eta desblokeoa baizik.

Garbiņe Biurrun Mancisidor
2019ko azaroaren 11

Bueno, bada, ez dirudi horrela gertatu denik. Ez nuke esango estatuan gobernua erabaki denik, inolaz ere. Eta, aldiz, nire iritziz, politika egiteko bideak seinalatu dira: norberak bereak, noski, baina bide garbiak. Ezin ditut beste erabatera interpretatu atzoko emaitzak.

Alde batetik, parte-hartze datua ez da ona izan, %69,87koa –Euskadin eta Nafarroan oso antzekoa, gainera–, baina ez bereziki txarra ere. Badirudi, beraz, jendea ez dagoela oraindik erabat nazkatuta eta eragina izan nahi duela esparru politikoan.

Jendeak hitz egin du, garbi. Bi bide jarri ditu, beste behin: politika aurrerakoiak eta politika atzerakoiak; intolerantzia eta elkarrizketa; berdintasuna eta injustizia soziala. Eta politika horiek gauzatzeko hautatu ditu alderdiak.

Jendeak hitz egin du, garbi. Bi bide jarri ditu, beste behin: politika aurrerakoiak eta politika atzerakoiak; intolerantzia eta elkarrizketa; berdintasuna eta injustizia soziala. Eta politika horiek gauzatzeko hautatu ditu alderdiak

Hautaketa argia izan da: eskuina eta ezkerra –ñabarduraz ñabardura–, ia berdinduta. Baina bi bide horiek jorratuko dituzten alderdien arteko orekak aldatuta, eskuinaldean bereziki. Horretarako Csek orain arte izan duen konfiantza guztiz galduta eta bere esparrua desagertuta –edota egokituta– bere buruzagia dimitituta eta bere lekuan, PPrengan eta VOXengan ardura jarrita. Ez da txantxetako aukera izan, ez, alde batetik indar politikoei argi hitz egitea eskatzen zaiela adierazten duelako eta, batez ere, ondo mugatutako eremu batean kokatzea. Zer zen Cs?, eskuina ala erdia? Giltzarria ala oztopoa? Jendeak ez du ulertu bere jarrera eta ezta ere PSOErengandik eta PPrengandik mantendu nahi zuen itxurazko distantzia. Gauza bera gertatu zitzaion UPyDri –nahiz eta bere eragina askoz ere txikiagoa izan zen bere garaian– eta gaur, bere buruzagia izan zen Rosa Díez PPrentzat eskatu du botoa. Hau guztia jendeak usaintzen du eta ez du onartzen.

Horrela da, bai. Eskuinean, gauzak argiagoak utzi dituzte atzoko emaitzek. Espainian ez da eskuin bakarra nahi izan, ez da eskuin “normalizatu” bakarra hautatu. Espainian eskuin-muturreko alderdiaren aldeko hautu garbia egin dute 3.640.063 boto-emailek. Zer aurkituko zuten hor? Bada, beharbada, diskurtso garbia eta indartsua, artifizialki astindutako hainbat mamuren aurkako diskurtsoa, Europan ezaguna dena. Bestalde, badirudi Espainiaren handitasuna bultzatu nahi dela, aspaldian ez bezala, baina ongi ezagutzen ditugun ondorioak izango dituena. Baina okerrena zera da, ez dagoela konplexurik gabeko bere aurkako diskurtso nagusirik eta VOXi bakarrik kontrajartzen zaiola benetako ezkerra, beste muturra balitz bezala. Eta ez da horrela, ez dira bi muturrak: baten diskurtsoa ez baita zilegia giza eskubideen ikuspuntutik ere.

Ez dut esango Sánchezen errua denik hauteskundeak deitzeagatik. Azkenean, jendeak libreki bozkatu du. Baina bere errua izango da hemendik aurrera demokraziaren, justizia sozialaren eta giza eskubideen esparrua ondo ixten eta gordetzen ez badu. Dagoeneko jakin beharko luke norekin egin behar duen; ez dauka eta horretarako aukera handirik. 

Garbiñe Biurrun Mancisidor.

 

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Espainiako hauteskundeak 2019 (A10)

Espainiako hauteskundeak 2019 (A10) kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude