Hauteskundeak baino gehiago

  • PSOE eta Podemosen arteko akordioa gorabehera, berriro bozkatzera eraman nahi izan gaituzte gobernuaren osaketa alderdi independentisten esku zegoelako. Ez gaitezen engaina, Espainiako egoera ez da gobernua osatu ezinean sortutako blokeo politikoa, ez hori bakarrik bederen: estatu egitura dago krisian. Horri erreparatuta aztertu behar dugu hauteskundeen ondorena.


2019ko azaroaren 11n - 13:23

PSOE eta Podemosen arteko akordioa gorabehera, berriro bozkatzera eraman nahi izan gaituzte gobernuaren osaketa alderdi independentisten esku zegoelako. Ez gaitezen engaina, Espainiako egoera ez da gobernua osatu ezinean sortutako blokeo politikoa, ez hori bakarrik bederen: estatu egitura dago krisian. Horri erreparatuta aztertu behar dugu hauteskundeen ondorena.

Alderdi abertzaleek lortutakoa ez da makala, are gehiago estatuko foko mediatikotik at egonda. EH Bilduko Bel Pozuetaren ahotsa kongresura iristea ere aparteko aipamena merezi duen aldaketa da. Alta, emaitzak oso onak izan badira ere, egoera bere osotasunean behatuta badaude alarma guztiak pizteko arrazoiak. Kataluniako prozesu subiranistak frankismoaren osteko bigarren estatu erreformaren atarian jarri gaitu, eta Espainiako alderdi nagusiak horretarako agertokia prestatzen dabiltza. Hautestontziek ere horren zantzuak ematen dizkigute.

Gobernua osatu ezina baino arazo sakonagoa du estatuak, eta blokeo egoera aitzakia eta aukera paregabea da aspaldi egin nahiko lituzketen doiketak egiteko, 78an lotu ezin izan zituztenak 

Batetik, Espainiako Estatu ereduari eusteko nahitaezko gonbidatua da VOX. Lan zikina egitera etorri da. Lortutako emaitzak kezkagarriak izanagatik, ez dezagun ahaztu muturreko eskuina ez dela gonbidatu berria Espainian. Hor egon da azken berrogei urteetan, katamalo demokratikodun alderdien baitan. Aldaketa dakarrena da hori esplizitatu egin dela eta VOXek inolako erreparo gabe azaltzen dituela proposamen autoritario eta atzerakoiak: Espainiaren batasuna eta espainiar arraza supremazista guztiaren gainetik. Alabaina, oinarri horiek beroiek dira beste alderdiek ere muinean dituztenak. Hori garbi ikusten da VOXen zuriketan eta bere aldarrikapenei aurre egiteko duten ezintasunean. Eta are garbiago Euskal Herria edo Kataluniarekin duten jokamoldean. Eskuak burura daramatzagu alderdi independentisten ilegalizazioa haizatu dutelako, PP eta PSOEren gidaritzapean jada gurean behin eta berriro ilegalizatu ez balira bezala. VOXen muturreko posizioek lan diskurtsibo eta ideologikoa egiten diote Espainia orain arte gidatu duen bikoari.

Bestetik, autonomien estatuaren porrotak bere isla du alderdi erregionalista, subiranista eta independentisten gorakadan. Eta Espainiako gobernagarritasuna alderdi independentisten esku egotea Madrilgo metropoliko talaiatik oso deserosoa da. Are, onartezina. Hauteskunde deialdia ezin dugu bestela ulertu.

Hori horrela, berriro ikusiko ditugu ezkerreko gobernu bat osatzeko elkarrizketak, eta bere bidea egin dezaketen arren oso litekeena da hurrengo hilabetetan Espainiako Estatuaren lemazain diren alderdi handi bien arteko konponketak indarra hartzea, betiko presio-iturriek bultza egitea PP eta PSOEk elkar hartu dezaten. Gobernua osatu ezina baino arazo sakonagoa du Estatuak, eta blokeo egoera aitzakia eta aukera paregabea da aspaldi egin nahiko lituzketen doiketak egiteko, 78an lotu ezin izan zituztenak. Hauteskunde-legea aldatzea da horietako bat, lurraldeetako alderdi txikien ordezkaritza gutxituz. Halaber, nazio gabeko estatuen eskumuturrak estutu eta barroteak loditzeko neurriak ere agendako lehenengo puntua izango lirateke.

Hurrengo hilabetetako mugimenduetan ezin dugu ardatz hori begi bistatik galdu. Nahiz eta une honetan egoera frustazio-iturri izan, ukaezina da Kataluniak Espainia zartatu duela. Mugimendu horrek aldaketa ekarriko du, eta aldaketa hori negua baino ilunagoa ez izateko Euskal Herritik datorren presioa ere ezinbestekoa izango da. Zenbait adierazpen entzunda badirudi EAJ ere horretaz jabetzen hasi dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako hauteskundeak 2019 (A10)
2019-11-17 | Inma Errea Cleix
Politikariak gu gara

"Politikari guztiak berdinak dira”. Esaldi hori aditzen dudan bakoitzean, egonezinak kolpatzen nau. Norbaitek bere burua apolitikotzat jo edo munduko hiritar gisa aldarrikatzen duela entzunda nabaritzen dudan egonezin berak.  

Beste klase bateko erranaldiekin... [+]


Syriza sindromea

Ez da harritzekoa, kanpaina honetan, Syriza greziar alderdiaz eta Tsipras lehendakari ohiaz aipamen batere ikusi/entzun ez izana, nahiz eta pisu handia izan duen, nik uste, greziar eskarmentu hark. Nahita ahazturik jendearen aurrean, baina presente, oso, kanpaina diseinuetan... [+]


2019-11-17 | Juan Mari Arregi
Pentsioak eta berdintasuna blindatu

Azaroaren 10eko Espainiako hauteskundeetan jaurtitako promesak betetzeko ordua iritsi da.


Eguneraketa berriak daude