Txorimaloei mokoka


2025eko uztailaren 23an - 12:59
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.

Miope bezain itsu, ziurgabetasun garaiak datozkigula errepikatzen ari dira Europako zein itsasoz bestaldeko txorimalo bat baino gehiago. Europa ekialdeko basapiztia menderatu behar omen da,  kosta ahala kosta, Ekialde Hurbileko ankerkeriari mugarik jartzen ez zaion bitartean. Komunikabide gehienek marko mental belizista hauspotzen dutela ikusirik, zuetako bakoitzari galderak egin ditzazuen eskatu nahi dizuet, zeren nik ziurtasuna baitut komunikazio eredu horrek erre duela su har zezakeen ia guztia. Eta, benetan, ez dakit kanpoan baden sendagairik ala gu geu garen benetako gaitza, baina badira ziurra dirudiena zalantzan jartzeko nahikoa arrazoi.

Komunikabide gehienek marko mental belizista hauspotzen dutela ikusirik, zuetako bakoitzari galderak egin ditzazuen eskatu nahi dizuet

Hortaz, nork geldiarazi dezake erokeria hau? Iker Zirion EHUko Nazioarteko Zuzenbideko irakasleak berretsi du militarizazio mentalaren kontua, izan ere, Europako hainbat herrialdetan, hala nola Alemanian, Frantzian, Italian eta Polonian, soldadutza berrezartzea aztertzen ari dira. Irakasleak Naomi Kleinen Shock-aren doktrina aipatzen du egoeraren erantzule gisa. Aipaturiko doktrinak dioenez, neurriz kanpoko mehatxuen edo gertakarien aurrean, norbanakoak kritikarako gaitasuna lausoago izaten du, eta, ondorioz, herritarren otzantasunak muturreko neurriak hartzea ahalbidetzen du.

Konplizeak ala errudunak ote gara? Helmuga jakinik gabeko bide horretan topatu dut ARGIAren Galdera Basatiak podcasta. Iñigo Martinez filosofoak gidaturiko saioan irudimenaren, maitasunaren, edota literaturaren inguruan hitz egiten dute ordu erdiren bueltako tartean. Dudarik gabe, osagai apartak dira zalantzen arteko dantzan murgiltzeko, eta bide batez, trajedun txorimaloei mokokada garratz batzuk emateko, basakeriarik zentzugabeena eteteko. Hori izan liteke propaganda gerrazalearen aurkako erremedioa.

Tira, baina gauza garrantzitsuei begiratuta, gainerakoan, betiko martxan jarraitzen dut. Batetik, badakizue; eta bestetik, zer esatea nahi duzue? Betiko kontuekin bueltaka eta galdera existentzialez josia nabil: nondik gatoz, nora goaz… Eta garrantzitsuetan garrantzitsuena: noiz irabaziko du gure Iñakik lehen mailako txapelaren bat? Horrelaxe, aizue, gustuko erantzunen faltan, galdera egokiak egin nahian.

Aritz Peñagarikano

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude