ARGIA.eus

2020ko ekainaren 01a

Txinak 2020an Barne Produktu Gordinaren igoera-helburu barik funtzionatuko du

  • Pekinen Alderdi Komunistaren biltzar nagusiaren irekieran Li Keqiang lehen ministroak egin du iragarpena: Txinako administrazioak lehenbiziko aldiz bere buruari Barne Produktu Gordinaren helbururik markatu gabe arituko dira 2020. urtean zehar, COVID-19ak eragin duen ziurgabetasun egoera honetan jarduteko modurik egokiena delakoan. Hamarkada luzez gertatu ez bezala, aurtengo lehen hiru hilabeteetan Txinak bere ekonomia jarduera %6,8an murrizten ikusi du.

ARGIA @argia
2020ko maiatzaren 22a
Txinako Alderdi Komunistaren biltzar nazionala ostiral goiz honetan abiatu da Pekinen, Xi Jinpiang buru dela. (Argazkia: Xinhua)

Joan den otsailetik koronabirus epidemia dela eta atzeratutako biltzarra ostiral honetan hasi du Txinako Alderdi Komunistak, herrialdearen jardura politiko eta ekonomikoa arautzen duen bilkura garrantzitsua. Horren irekierako saioan egin du iragarpena Li Keqiang lehen ministroak: “Aurten gure ekonomiak zenbat hazi behar duen helburu zehatzik ez dugu markatu. Arrazoia da gure herrialdeak aurrean dauzkala hainbat faktore aurreikuspen hori egitea zailtzen dutenak, COVID-19 pandemiak eta ekonomiaren eta salerosketen mundu mailako giroak ziurgabetasun handikoak direlako".

1990ean lehenbizikoz egin zuenez geroztik Txinak urtero markatu ditu Barne Produktu Gordinaren hazkunde helburuak, eta 2020rako %6 haztea zegoen aipatuta. Urtarriletik herrialdea estraina eta ondoren mundua astindu dituelarik COVID-19 izurriteak, lehen ministroak esan du inkognita gehiegi dauzkan helburu hori zehazki izendatzen baino ahaleginak enpleguak egonkortu eta jendearen bizi maila segurtatzen emango dituela.

Li Keqiangek onartu du 2020ko lehen trimestrean %6,8 egin duela behera BPGk Txinan eta oraingo hiru hilekoan are gehiago murriztuko dela. Horren oinarrian dauden faktoreak aipatu dizkio biltzarrari: hornidura kateetako eta nazioarteko komertzioaren etenak, lehengaien merkatuen bolatilitatea eta Txinan bertan kontsumoak, inbertsioek eta esportazioek jasan duten beherakada.

BPGaren hazkunde helburuak abandonaturik, lehen markatu du aurten iritsi behar dela inflazioa %3,5 handitu, hirietan 9 milioi lanpostu berri sortu eta langabezia %5,5era mugatzera, herritarren irabaziak hazkunde ekonomikoarekin parekatzera eta landa eremuetan txirotasuna ezabatzera.

Xi Jinping presidentea buru daukan biltzarraren hasierak ezusteko bat ere ekarri die nazioarteko begiraleei: abian jarriko duela lege berri bat Hong Kong derrigortzeko nazio segurtasunerako legedia onartzera, alegia, hiri-estatu horretan hainbeste liskar eragin dituen legedia.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Koronabirusa  |  Ekonomia  |  Txina

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude