Txertatu gabe Covid-19a gainditu duten horiek: pandemiaren pagatzaile ahaztuak

  • Covid-19 pandemia bigarren urtea osatzear dela, begira jarriz gero ea zertaz eztabaidatu dugun, ia biziaren alde guztiak jorratu ditugu lantokian bezala lagunartean, etxean edo geure buruekin disputan. Ia gai denak eta kasik pertsona klase guztiak… salbu eta bat: Covid-19a harrapatu eta txertatuta egon barik gainditu dutenak.


2021eko azaroaren 19an - 00:36
Covid-19a pasa dutenek, baldin eta txertatu nahi ez badute, gero eta gehiagotan derrigorrezkoa den pasea behar duten bakoitzean antigeno edo PCR testa egin -eta pagatu- beharra daukate, bi edo hiru eguneko 'tregua' laburra eskaintzen diena. Argazkia: Marta Pérez.

Bitxia da munduko Homo sapiens guztiak birus berri bati aurre egiten ari zaizkion garaiotan inork ez kontutan hartzea nor eta birusaren erasoa gainditu dutenak Lurrak edo Gaiak gizakiari eman dion erremintarik zaharrenarekin: berezko immunitatearekin. Ez ote daukagu ezer ikasteko horiengandik, heredatzeko, begiratzeko, zabaltzeko?

2021eko negua iristearekin ohartu gara belaunaldi berriko txertoak ez zirela uste bezain txerto (“Txertoaren eraginkortasuna %59ra murrizten da bigarren dosia hartu eta lau hilabetera”, dio lehen orriko hizki handienean La Vanguardia-k azaroaren 18an) eta bi banderilla jarri zizkigutenoi eskaintzen digute hirugarrena, esan nahi baita derrigortuko digutela hamabost egun barru, nork daki. Omen, txertoak ahalmena fite galtzen du. Eta, galdetzen dut, nola ote doakie immunitatea guk ez bezala Covid-19a bai harrapatu eta naturaren indarrekin gainditu zutenei?

Hauek, txertatu ez badira, leprosoetan leprosoenak dira. Ez txertoaren aldekoek ez kontrakoek, inork ez ditu defendituko. Edo orain arte behintzat ez ditu inork aipatu ere egin. Eta aipatu beharko genituzke. Gutxienez bi aldetatik.

Norberaren osasunaren aldetik: Covid-19a pasatu dutenek arrisku gehiago ala gutxiago dute gaixotzeko txertatzea onartu dugun gehienok baino? Honek, berentzako bezala gainerakoontzako dakartzan ondorio guztiekin: ospitaleratzeko arrisku handiagoa ala txikiagoa, osasun sistemarentzako garestiagoak ala merkeagoak, eta abar.

Gizartearen osasunaren aldetik: Covid-19aren olatu berri baten aurrean nork dakarkio kutsatzea zabaltzeko arrisku handiagoa gizarteari, Covid-19a txerto barik pasa dutenek ala txertatu garenok? Nork transmititzen du gehiago edo gutxiago birusa?

Hona ekarri dut artikulu hau (Politics is derailing a crucial debate over the immunity you get from recovering from Covid-19) urriaren 19an publikatua osasun publikoko albisteak jorratzen dituen Stat aldizkarian. Sinatzailea Lev Facher da. Lev Facher Stat web aldizkariarentzako ari da Washingtondik, osasun politikaz eta zientziaz informatzen. 2016an hasi zenetik Stat-en, luze-zabal idatzi du Covid-19 pandemiari AEBetako gobernuak emandako erantzunaz, opioideen krisiaz eta farma-industriak Kapitolioan daukan eraginaz.

Politika alferrik galtzen ari da Covid-19a gainditzeak ematen duen immunitateari buruzko eztabaida erabakigarria

Lev Facher

Zientzialarien artean eztabaida gutxi dago honetaz: Covid-19az gaixotu diren pertsonek gutxienez maila bateko babesa garatu dute etorkizunean berriro kutsatzearen kontra.

Baina zehazki zenbaterainoko babesa daukaten eta honek zenbat denboran irauten duen, horretan datza Covid-19aren inguruko azken eztabaida AEBetan. Joan den hilabetean [artikuluak 2021ko urriaren 19ko data darama] unibertsitateko langileek, atleta profesionalek eta parlamentari kontserbadoreek argudiatu dute salbuetsita egon beharko luketela gero eta zorrotzagoak diren txertatzeko aginduetatik zeren eta, zientifikoki esanda, ez baitute txerto beharrik: jada babesten ditu beren gorputzen erantzun immune propioak.

Eztabaida hau, ordea, benetan oso ezberdina da koronabirusaren kontrako borroka zulatu duten beste gatazka politikoetatik. Hidroxiklorokina edo ivermectinari buruzko argudio konspirazio-kutsukoetan gertatzen denaren oso bestela, immunitate naturalaren kontzeptuak badauzka euskarritzat oinarri arrazionalak eta datuak. Alabaina, beste eztabaidetan bezala, hau ere partiduen arteko liskar bihurtu da, begien bistan utziz nola AEBetako politikak izorratu duen prozesu zientifikoa, ezinezko bilakatu arte ñabardura asko behar dituzten eztabaidak.

“Zaila da jakitea datuek azkenean zer erakutsiko duten, eta zaila da jakitea zertan bukatu duen tiroketak”, esan du Wendy Parmet-ek; Parmet zuzenbide irakaslea da Northeastern Unibertsitatean eta asko dauka idatzita gobernuak ezarritako berrogeialdien eta txertaketa derrigortuen legezkotasunaz. “Eskuineko jendea garrasika ari denez, ezkerreko jendeak dio ezetz. Gurpil zoro, beldurgarri eta pozoitu horretan murgilduta gaude oraintxe bertan”.  

Oraindik ez dago kontsentsu zientifikorik Covid-19tik sendatu den pertsona batek bereganatzen duen immunitate naturalaren indarraz edo iraupenaz, edo zenbateraino aldatzen den pertsona batetik bestera.

Abuztuan, AEBetako Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Zentroak (CDCP) zabaldutako ikerketa batek erakusten zuen Covidez kutsatu ostean txertoa hartzeak babes handiagoa ematen duela, soilik koronabirusaz kutsatu izanak ematen duena baino. Datuen arabera, Covid-19a pasatako jende ez txertatuen berriro kutsatzeko arriskua bi aldiz handiagoa da gaixotu ostean osoki txertatutakoek dutena baino. Horrek eraman zuen Rochelle Walensky CDCPko zuzendaria amerikarrei erregutzera: “Jada Covid-19a pasatu baldin baduzue, mesedez hala ere txerta zaitezte”.

Alabaina, ikerlariak gero eta gehiago ari dira ohartzen immunitate naturalak emandako babesa sendoa izan daitekeela.

Abuztuan, beranduago, Israelen egindako ikerlan batek zera erakutsi zuen: Covid-19a pasa eta sendatutakoek berriro kutsadura sintomak erakusten dituztela 27 aldiz gutxiagotan osoki txertatutako jendeek baino, nahiz eta adituek ohartarazten zuten datuok ez zirela erabat definitiboak, posible zelako kontutan ez hartu izana kanpoko faktoreak, adibidez, lehendik pertsona bakoitzak eduki zitzakeen osasun arazoak.

Immunologiako printzipio oinarrizkoetako bat da gaixotasun kutsagarri batez eritzeak gorputzari ematen diola babesa etorkizunean gaixotasun bera harrapatzearen kontra, esan du Marcus Plesciak, AEBetako Estatu eta Eskualde mailako Osasun Funtzionarioen buru medikuak. Seriotan hartu behar dira –esan du– Covid-19a harrapatu eta sendatu direlako berentzako txertoak alferrikakoak direla uste duten pertsonak,  eta ez tratatu konspirazionistak bailiran.

“Aztertu beharreko gauza benetan arrazoizkoa da, horregatik iruditzen zait zuzen jokatu beharko genukeela ulertu ezin dutenekin ea zergatik txertatu behar duten beraiek jada Covid-19 frogatu bat eduki baldin badute. Nire ustez, noski, huts egitekotan zuhurrena da jendea txertatzea baita jada Covida pasa baldin badute ere”.

Orain arte, ordea, ez enpresaburuek eta ez gobernuak ez dituzte jada gaixotasuna pasatakoak salbuetsi txertatzeko derrigortasunetik. Eta modu orokorragoan, immunitate naturala kontutan ez hartzeak sutan jarri ditu eskuineko politikariak.

Rand Paul senataria izan zen 2020an koronabirusa harrapatu zuen lehenbiziko parlamentari garrantzitsuetakoa eta uko egin dio txertatzeari, argudiatuz immunitate naturalari esker ziztada beharrik ez duela batere. Aste luzez Ohioko parlamentari errepublikarrek sustatu zuten proposamen bat txertatzeko aginduetan salbuetsi zitzaten immunitate naturala zeukatenak, nahiz eta azkenean ez zen lege bihurtu. Eta Allen West Texaseko gobernadore izateko hautagaiak berrikitan gogortu zuen txertoen kontrako bere diskurtsoa, argudiatuz –baita ospitalean zegoen ere– eskuratu berria zuen immunitateagatik txertatzea alferrikakoa zuela.

Bidenen administrazioak eta AEB osoko osasun publikoko arduradunek ez dute sartu nahi izan immunitate naturalaren eztabaidan. Oso bestela, txertaketaren sustapenak aurrera darraien bitartean eskari horiei ezikusia egin diete edo mesprezatu dituzte.

Plesciarentzako , ordea, gaiari aurre egiteko ordez horri ezikusia egiteak esan nahi du aukera bat galtzea pandemian zehar galdu den konfiantza berreraikitzeko. “Honetan aukera bat dago liskarretatik harago joateko”, esan du. “Bi aldeek zor dute gai hau seriotasunez hartzea”.

Zientzia alde batera utzita, inposiblea gerta daiteke Covidez gaixotutako jendea txertatze agindutik kanpo uztea bideratuko lukeen politika bat antolatzea. Alde batetik, ebidentzia oso handiek erakusten dute AEBetan baimendutako hiru txertoak ziurrak direla eta eraginkorrak eta ondorioz politikak erabakitzen dituztenek arrazoi indartsu gutxi dauzkate amerikarrei txertaketatik kanpo geratzen errazteko.

Beste aldetik, kutsatua izan zarela frogatzea zail gerta daiteke, kontutan hartuta antigorputz test ziurrak eskuratzeko mugak eta ia seguru Covid-19z gaixotu ziren jende asko sekula ez zutela test batez diagnostikatu  ere egin. Eta antigorputzak dauzkatela demostratu lezaketen jendeek, edo aurretik test positiboa jaso zutela frogatu dezaketenek ere, ezingo lukete esan zehazki zenbateraino den sendoa beren immunitate sistema, edo hau zenbateraino ahuldu zaien.

Parmetek dioenez, hain zuzen horrexegatik antolatzen dira lege gehienak halako sare zabal bat bailira: argi eta garbi, gobernuentzako ez da praktikoa edo ez die pena merezi salbuespen guztiak idaztea, batik bat ez dagoenean bortxazko arrazoi bat.

“Lege gehienek behar baino gehiago harrapatzen dute”, esan du. “Legeek ez dituzte salbuespen guztiak barne hartzen. Umeek eskolara joan beharra daukate baita genio sortu badira ere, dena baldin badakite ere. Legeek ezin dute perfektu izan eta, zalantzarik gabe, ezin dira izan perfektuak pandemia baten hasieran”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude