Turismoa, Inditex eta pintxoak

  • Nola ez, oraingoan ere, kalean gabiltzanoi gauzak “gaizki” egin ditugula esan digute beren butaka eta bulegoetatik gauzak “ondo” egiten dituzten horiek. Guk salatu dugun errealitate gordinaren inguruko beraien lehen hitza gu kritikatzea izan da, gauzak “gaizki” egin ditugulako. Izan ere, turismoaren arazoa ez da gaurkoa -eta, zer esanik ez, Donostiako Parte Zaharrean-, baina beste horiek isilik egon dira turismoak Parte Zaharra ito duen bitartean.


2017ko abuztuaren 09an - 09:10

Ustez “gaizki” omen dauden pintadak, kartelak, pegatak, parodiak -bost lagun identifikatu zituen Ertzaintzak- eta Ernaik Aste Nagusiko mobilizazioa deitzea nahikoa izan dira, auzo elkarteak bere txostenetan, agirietan edota agerraldietan aspaldidanik esaten zituenak eztabaida politikoaren erdian kokatzeko eta gaur arte isilik zeudenak horretaz hizketan hasteko. Lehen helburua eskuratu dugu auzotarrok, eztabaida martxan jartzea, eta pozten gara.

Izan ere, joan den uztailaren 20an, “Turismorik Gabeko Eguna” ospakizunean, Parte Zaharreko berrogeiren bat gazte eta oraindik jubilatu ez garen bi zahar bildu ginen Plaza Berrian auzoak bizi duen egoeraren aurrean zer egin aztertzeko. Izan ere, turismoaren fenomenoa aspaldidanik da ezaguna Donostian, XIX. mendean zabaldu zenetik aurrera. Beti izan du eragina hiriko bizitza sozialean eta donostiarren bizi-baldintzetan, baina oraingoa bezalako egoerarik eta turista inbasiorik ez dugu sekulan ezagutu. Horretaz aritzeko, gure aulkiak hartu eta hantxe jarri ginen borobilean orain terrazaz beterik dagoen plazaren erdian, bertakoen eta kanpokoen harridurarako.

Zaharron aldetik egin genuen lehen ekarpena, guk ezagutu genuen “Plaza de la Constitución” hura nolakoa zen azaltzea izan zen: Udal Liburutegira begira jarri eta eskuinetik hasita, arkupeen azpian, inprenta txikia, liburu denda, aroztegia, zapata denda, harategia, kakahuete eta patata frijitu denda, egunkariak, koadernoak eta bulegoko materiala saltzen zuen paper denda txikia, arrandegi ederra, aseguru agentzia, lau taberna eta Udal Liburutegia. Terrazarik ez orduan... Bizirik zegoen auzo baten plaza, zalantzarik gabe. Gaur dena taberna eta terrazak dira. Eta Plaza Berrian eman den aldaketa horixe eman da Parte Zaharreko kale guztietan. Auzoa desitxuratu digute, barne kohesio soziala suntsitzen hasteraino. Donostiako Parte Zaharra turismoaren mesedetan itotzen, hiltzen ari dira. Eta gure auzoa soilik balitz...

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak azaldu duenez, badakigu sei mila biztanle eskas dituen gure auzoan -herri koxkor baten neurria da-, ostalaritza zerbitzua eskaintzen duten 210 taberna eta jatetxe daudela (29 biztanleko bat), 53 pentsio, 200 pisu turistiko eta bi hotel (hirugarrena eraikitzen ari dira). Guztira, 1.500 ohe baino gehiago eskaintzen dira gure auzoan (%84 inguru ilegalak), bizilagunen %20a... Eta guk “gaizki” dauden pintadak egin ditugula diote? 

Eta hau Parte Zaharrean gertatu da, baina eskala txikiagoan bada ere, Donostia osoan martxan dagoen prozesuaren emaitza da. Dagoeneko eragina nonahi nabari da, hiri eredu osoa baita auzo guztietan inposatzen ari direna: soziala, ekonomikoa, kulturala, linguistikoa eta, nola ez politikoa. Programa zabalago baten barruan, San Sebastian Donostia bihurtzeko prozesua irauli nahi dute, ezkerreko Euskal Errepublika baten aldeko dinamika indartu aurretik ito eta, horretarako, orain, “turismoa” eta “turistak” indarrez erabiltzea erabaki dute.  “Turist Remenber” kanpaina berriak egin beharko ditugu, ez turista zigortzeko eta ezta ongi etorria emateko ere, baina bai betetzen duen funtzioaz jabe daitezen. 

Auzotarrok eztabaida martxan jartzea lortu dugu. Orain bigarren helburua eskuratzea dagokigu: “turista” eta “turismoa” erdigunean dituzten politika publiko zein pribatu basatiak oztopatu eta “auzotarra” eta “bizitza” erdian izango dituztenak sortzeko presio eta praktika sozialak bideratzea eta, beharrezkoa bada, lege injustuen aurrean ekintza zuzena eta desobedientzia zibila garatzea. Zergatik bete onurarik ekartzen ez dizkiguten erabaki administratiboak?

Ezin dugu indar politiko guztiak edo gehienak pisu turistikoen kopurua mugatzeko, pisu ilegalak dituztenak zigortzeko, politiko fiskala eraldatzeko edo gai hau kontrolatzeko sistema adostu arte zain egon. Indar politikoen akordioaren zain gauden bitartean, etxebizitzen prezioa eta alokairua gora doaz Donostia eta inguru osoan; lanaren prekarizazioa aurrera doa, bereziki ostalaritzan, Ubarretxenak  zapi urte daramatza sektoreko hitzarmenik izenpetu gabe; espazio publikoaren pribatizazioa eta merkantilizazioa zabalduz doa, plazak eta espaloiak pribatizatuz; ostalaritzako UTE eta frankizia mota guztiak indartuz doaz, bertako tabernarien kaltean eta etekinen banaketa oztopatzen dute; komertzio txikia desagertzen edota turismoa begira jartzen ari da; merkatalgune handiak sortzen diren bitartean (Mercadona); gure hizkuntza eta kultura desagertzen ari dira, ingelesa eta kontsumorako kultur eskaintza zabaltzen doan heinean. Bi hitzetan, “turista” eta “turismoa” zentralak bihurtu dira politika publiko eta pribatuetan. Nolabait esatearren turismoa, Inditex eta pintxoak lotzen dituzten politikak nagusitu dira, Euskal Herriarentzat suizidak direnean. Nahikoa da! esateko gaia iritsi da.

Gauzak horrela, mila arrazoi daude Ernaik Donostiako Aste Nagusian antolatu duen manifestaldian parte hartzeko. Ni, behintzat, han izango naiz. Turista eta turismoa ardatz dituzten politikei ez!

Joseba Alvarez, SORTUko kidea eta Donostiako Parte Zaharreko auzokidea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude