Tubacexeko grebalarien aurkako epaiketa azaroaren 10era atzeratu da, baina batek akordioa lortu du

  • Akusatuetako batek 4 hilabeteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa onartu du. Beste auzipetua, ordea, azaroaren 10ean itzuli beharko da epaitegira bere errugabetasuna defendatzeko.


2023ko urriaren 13an - 08:15
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ostegunean Tubacexeko bi grebalarik epaiketa zuten Gasteizko Justizia Jauregian, baina bi ordu baino gehiago itxaron ostean, bertan behera geratu da. Dena den, langileetako batek fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin akordioa lortu du eta 4 hilabeteko espetxe zigorra -ez da kartzelan sartu behar, ez baititu aurrekaririk eta bi urte baino gutxiagoko zigorra da- zein isun ekonomikoak onartu ditu. Zehazki, 4.340 euro eta 490 euroko kalte ordainak jasoko dituzte bi ertzainek eta 30 eguneko 5 euroko zigorra ere izango du. 

Nabarmendu beharra dago auziperatu horren kontrako bi akusazio zeudela, 14 hilabeteko espetxe zigorrekoa fiskaltzaren aldetik eta 3 urte eta 10 hilabetekoa akusazio partikularraren aldetik. Atentatua eta lesio delituak leporatzen zizkioten.

Epaiketa bertan behera

Beste grebalaria, ordea, azaroaren 10ean itzuli beharko da Gasteizko epaitegira 14 hilabeteko kartzela zigorrari aurre egiteko. Bere kasuan, fiskalak argudiatu du ezinbesteko bi lekuko -alegia, langilea atxilotu zuten bi ertzainak- ez dituztela deitu "akats" baten ondorioz.

Auzipetuaren abokatuak, ordea, oso haserre erantzun dio eskaerari, bere ustez, ez baita akatsik egon, baizik eta fiskalak ez duela bere lana ondo egin: "Ez dago agenteen zenbakietan transkripzio okerrik. Gertatu dena da ez dituztela deitu. Duela urtebete baino gehiago hasi zen prozesua eta denbora egon da soberan epaiketa prestatzeko".

Edonola ere, epaileak onartu du fiskalaren eskaera eta bertan behera utzi du epaiketa.

Aipatu beharra dago hau Tubacexeko grebari lotutako bigarren epaiketa atzeratua izango dela. Izan ere, hiru gaztek irailaren 18an zutena bertan behera geratu zen huts egite administratibo baten ondorioz.


Irakurri gehiago: Langile borroka Ekonomia
Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...