Tolosako alkateak herritarrei eskatu die musukua leku publikoetan beti jantzita eramateko, baita inguruekin nahiko tarte zabala egonda ere. Beasainen, berriz, udalak eta ostalariek adostu dituzte orain arte baino muga estuagoak beren jarduerarentzako: mahaian eserita bakarrik kontsumitu ahalko da ostatuetan eta hauetan bezero kopurua erdira murriztuko dute.
Ostegunean, uztailak 9, Ordizian abiatutako COVID-19 agerraldiaren inguruko jarraipen batzordea bildu da Zumarragako Ospitalean eta bertan Osasun sailburuarekin bildu dira Goierriko zenbait udal ordezkari eta Tolosakoa ere bai. Tolosaldeko Atariak zabaldu duenez, azken egunetan Ordiziak fokoaren uberan hiru koronabirus kasu gertatu dira Tolosan eta bertako alkate Olatz Peonek, aipatu bileraren ostean, adierazi du udalak zaintza eta kontrol lanak areagotu egingo dituela, "ezarritako neurriak errespetatu daitezen; edukierak ere kontrolatuko dira eta neurriak betetzen ez badira isunak jarriko dira".
Musukoaren kasuan, gomendioa ondorengoa da Tolosako edozein gune publikotarako: "1,5m-ko distantzia mantendu ezin denean derrigorrezkoa da musukoa erabiltzea. Dena den, une oro erabiltzeko deia egiten zaie tolosarrei babes neurri modura".
Ordiziatik harrikada bide dagoen Beasaini dagokionez, Goierriko Hitzak plazaratu du udalak eta herriko ostalariek adostu dutela tabernetako edukiera erdira mugatzea, nahitaez eserita kontsumitu behar dela eta asteburuetan gehienez ordu biak arte zabalduko dutela. Neurriak zorrotz bete behar direla ere onartu dute.
Gazte lokalei ere arautegia estutu die Beasainek: asteburuetan itxita egon beharko dute eta aste barruan 23:00ak arte, betiere, hamar laguneko edukierarekin.