Tamainak axola du, Filipinetan

  • Filipinetako Rodrigo Duterte presidenteak adierazi du Lapu-Lapu heroi nazionalaren estatua handiagoa eta altuagoa izatea nahi duela, Fernando Magallaes konkistatzaile portugaldarrarenak baino. Mundu Biraren espedizioan Joan Sebastian Elkanoren nagusia izan zen Magallaes, hil zuten arte. Filipinetan ere Elkanoren mundu biraren V. mendeurrena ospatzen ari dira, baina konkistatzaileen aurkako erresistentzian azpimarra jarriz.


2022ko urtarrilaren 21an - 14:24
Azken eguneraketa: 15:32

Gaur egun, Lapu-Lapuk 20 metroko altuera duen estatua du bere omenez, eta Fernando Magallaesek, berriz, garaiera handiagoko monolito bat. Bi monumentuak elkarrengandik hurbil daude, Mactan santutegian, 1521ean Mactan gudu ezaguna gertatu omen zen lekuan. Bataila horretan jatorrizko herritarrek aurre egin zieten Magallaes eta Elkanoren espedizioko konkistatzaileei. Espedizioko buru Magallaes orduan hil zuten, Lapu-Lapu buruzagiaren eskutik, filipinarren kontakizun ofizialaren arabera betiere, beste historialari batzuek datu hori zalantzan jartzen baitute. Edonola ere, gaur egun Filipinetan Lapu-Lapu heroi nazionala da.

Astelehenean Filipinetako presidente Rodrigo Dutertek adierazi du Filipinetako heroi nagusiaren omenezko estatua Magallaesena baino handiagoa izatea nahi duela: "Errespetatzen dut edonoren iritzia edo erabakia, baina oso deserosoa egiten zait Lapu-Lapuren estatua txikiagoa izatea". Inquirer hedabideak jaso duenez, Karlo Nograles Kabineteko idazkari eta jarduneko bozeramaileari egin dio Dutertek bere eskaera Filipinetako Batzorde Historiko Nazionalari bideratzeko. "Printzipio kontuengatik, ez dut nahi gure heroi nazionala inbaditzaileen azpitik egotea", esan du.

Balentriak hemen, kritikak han

Espainiako Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan "Elkanoren balentria" ospatzen ari dira azken urteotan. Horregatik, aurtengo irailaren 6a jaiegun izendatu du Eusko Jaurlaritzak, Elkanok eta gainerako gizonek Sevillako Sanlucar de Barramedara heldu ziren egunarekin bat. Filipinetan ordea, mendeurrenaren ikuspegia bestelakoa da. Europar konkistatzaile zurien bizipena zentroan ipintzen duen Mendebaldeko ikuspegi horrekiko oso kritiko agertu da Filipinetako herritar asko.

Horren adibiderik argienetako bat izan zen Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak, EiTBk eta Espainiako Gobernuak diruz lagundutako "Elkano, lehen mundu bira" filmaren harira. Angel Alonso pasaitarraren zuzendaritzapean, Debulitoon eta Barton Films ekoiztetxeen eskutik sortutako filmak lehorreratze ezin okerragoa izan zuen Filipinetan. Kritikaren oinarria hauxe da: Espainiako Inperioaren kolonialismoaren lehen protagonistak –Elkano eta Magallaesen espedizioko kideak– heroi gisa aurkezten ditu umeentzako animaziozko filmak.

Filmari boikota egiteko deiak ugaldu ziren "historia manipulatu eta filipinarrekiko errespetu faltagatik". Presio hori dela eta, Filipinetan filmaren banaketaren ardura zuen ekoiztetxeak atzera egin zuen, zinemetatik kendu eta gobernuak historialarien talde bat osatu zuen Elkanoren filma Filipinetako zinemetan eskaintzeko modukoa zen aztertzeko.

Dutertek bestelako proposamen "polemikoak" egin ditu. Adibidez, 2019an herrialdeari izena aldatzea proposatu zuen. 1543an Felipe II.a Espainiako Enperadorearen omenez inposatu zioten Filipinak izena uhartediari. 1521ean Magallaes eta Juan Sebastian Elkanoren espedizio militarrak hasi eta Zumarragako Lopez de Legazpi konskistatzaileak burutu zuen Espainiako Inperioaren morrontza Filipinetan, ia lau mendez uhartedia kolonia izatera zigortu zuena. Rodrigo Duterte presidente ultraeskuindarrak "zantzu kolonial hori ezabatzeko", Maharlika izena proposatu du herrialdearentzat, espainiarren etorreraren aurretik erabilitako malaysierazko hitza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude