“Kondairak etengabe gaurkotzen dira, kontatzen diren aldiro”

  • Emaria ez du makala. Hirugarren filma du zazpi urtetan, hau ere euskal mitologian eta fantasiazko munduan murgildutakoa. Gaua-n, inkisizio garaira garamatza: emakumeak dira gaueko protagonistak, haiek izan zirelako fede kristauaren atorrapeko gizonkeriaren biktima. Beldurrezko Zinemaren Astean estreinaldi berezia egin ondotik, azaroaren 14an helduko da Hego Euskal Herriko zinemetara.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gau ilunean, basoan murgildu eta haizeak ahotsa hartzen duenean, honela entzuten da: “Gaua gauekoentzat”.
Iluntasunari, kasuon gauari, lotu ohi zaizkio txartzat hartzen ditugun hainbat ezaugarri: arriskutsua dela, gaiztoa eta itsusia. Baina nire ustez, itxuraz argitsua den horretan aurki daitezke iluntasunik beldurgarrienak, ilunetan ilunenak. Eta kontrara, iluntasunean aurkitu argirik onenak. Filmean, gaua da gizartean ulertuak ez direnen babesleku eta elkargune, eta pelikularen hasieran erakusten dira bi munduak, Gaueko izakiaren kondairetan ageri direnak: “Gaua gauekoentzat, eta eguna egunekoentzat”.

Irudi aldetik, film iluna da. Baina baikortasuna nabari da oro har. Indarra transmititzen du.
Nire filmetan gustatzen zait bestetasunean, munstroen munduan eta iluntasunean murgiltzea, eta aurreiritzia sortzen duten maskaren atzean zu bezalako norbait egon daitekeela ikusaraztea, eta ikusleak horrekin enpatia sentitzea. Lehen esaten nizuna da: iluntasunean badaude argiak.

Filmaren afixa ere indartsua da. Harrapatu egiten du Yune Nogueiras aktorearen begirada sarkorrak, atzean du ilargia, azpian hiru emakume indartsu, sua ere ageri da...
Kattalin (Yune Nogueiras) da gauean murgilduko gaituen ibilgailua. Bere egoera larritik ihes egingo du aurrerantz, askatasunerantz, iluntasuna zeharkatuta. Horixe zen posterrera eraman nahi nuen ideia, eta hala sintetizatu dugu.

David Herranz

Lan ederra egin du Nogueirasek. Argi zenuen berari eman nahi zeniola papera. Zergatik?
Izugarrizko aktore ona delako. Akelarre (2020) filmean ikusi genuen, baita Intimidad (2022) telesailean ere. Uste dut dualismo handia daukala: gorpuztu dezake hauskor itxura duen pertsonaia bat, eta aldi berean ikaragarri boteretsua eta indartsua ere izan daiteke. Eta horrez gain, Kattalinen pertsonaia egitea ere ez da batere erraza. Oso pertsonaia gogorra da, eta beretik asko eman behar du, negar egin eta egoera oso larrian egoten jakin, batik bat emozionalki. Baina baita fisikoki ere. Banekien ongi egingo zuela.

Kattalinek inguruan topatuko ditu hiru emakume indartsu. Aktore puskak horiek ere: Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza.
Eternalak dira. Filmean, sorginak diren ala ez, norberak pentsa dezala ikusi ondoren. Beraiek oso sorginak dira [barre egin du].

Garbitoki batean gauez elkartzen diren izaera diferenteko hiru emakume gorpuzten dituzte, Graxiana, Beltra eta Reme. Gizonik gabe, haien askatasun puntual horretan, alkohola edaten dute eta ipuin beldurgarriak kontatzen dituzte. Kattalinekin egingo dute topo, gau batez etxetik alde egingo baitu senarrarengandik ihesi. Kattalinentzat, hortaz, hiru emakumeak patuaren hiru jainkosa modukoak izango dira. Haien ipuinetara lotuko da, edo, hobe esanda, haien istorioetan agertuko da Kattalin. Ipuin bana kontatuko dute hiru emakumeek.

David Herranz

Argi zeneukan, baita ere, hiru aktore horiek nahi zenituela filmerako.
Bai. Pertsonaiak hasieratik neuzkan argi, eta aktoreak ere bai. Ez nien castingik egin. Baina bai egin genuela juntadizo bat hiruren eta Yuneren arteko kimika ikusteko. Eman nien gidoi zati bat, irakurri zuten, eta sekulako barreak egin genituen, txutxu-mutxuka hasten ziren-eta.

Pisu esanguratsua dute Elena Uriz eta Erika Olaizola aktoreek ere. 
Elenak (Estertxi) izugarri ondo interpretatzen du sorgin kanonikoaren figura, basoan bizi den belarzale sorgina da. Eta Erikak (Maritxu), berriz, oso ondo egiten du Yuneren (Kattalin) kontrapuntua. Sufrimendu eta ilun asko dituen pertsonaia da Kattalin, jazarria dena, eta Maritxu argia da bere bizitzan. Bi lagun dira, eta bataren hutsunea besteak konpentsatzen du. Maritxuk askatasuna ordezkatzen du Kattalinentzat.

"Iluntasunean aurkitu daitezke argirik onenak, eta argietan ilunenak"

XVII. mendean kokatu duzu filma, Urdazubi (Nafarroa Garaia) inguruko fikziozko herrixka batean. Gizonek eta fede kristauak agintzen dute, gogor gainera, inkisizio garaia da eta sorgin-ehiza betean ari dira. Bien bitartean, emakumeek haien artean bilatzen dute babesa, eta desio dute askatasuna. Ideia edo istorio hori zen kontatu nahi zenuena, filma egitera bultzatu zaituena?
Bururatutako zerbaiten inguruan idazten jartzerakoan, edo marrazterakoan, egoerak baino ez ditut irudikatzen. Horiek eramaten naute, gero, pelikulako gaira edo gaietara. Kasu honetan, inkisizio aldia nerabilen gogoan, eta jazarpen gehiena emakumeek pairatu zutenez, istorioak ezin zuen bestela izan.

Errementari (2017) pelikulan, XIX. mendean kokatuta, gizonezkoek eta izaki mitologikoek pisu handia zuten, bai behintzat ondorengo bi filmekin alderatuta. Irati-n (2022), XV.eko gerra sasoia zen, korronte kristaua heldu berria zen –gizonek ordezkatua oro har–, eta horrek talka egiten zuen oihaneko paganismoarekin –emakumeak nagusi–. Gaua-n (2025), aldiz, XVII. mendean, uste dut dena askoz ere gehiago zentratzen dela emakumezkoetan. Ibilbide bat egin duzu?
Ez nuke esango. Ez dut ikusten hiru pelikulen artean ibilbide bat egin dudanik. Film bakoitzak bere izaera duela uste dut, eta bakoitzak bere istorioa kontatzen du.

David Herranz

Zure filmografian gorazarre egin ohi diozu euskal mitologiari, eta film berria aurkezteko prentsaurrekoan egin diozu erreferentzia Joxemiel Barandiaranek dokumentatutako zenbait informaziori. Kondairek itsutzen zaituztela bistan da. Zergatik ipini nahi duzu fokua horretan?
Beti izan naiz fantasia zalea, munstro zalea. Aspalditxotik pentsatzen dut badagoela itxuraz beldurgarria den mundu horren atzean enpatia sentitzeko zerbait. Eta halaxe egiten dut zineman. Atmosferak sortzerakoan, bai bisualki eta bai testura aldetik, beti jo ohi dut barrokora, zikinera eta hotzera. Baina aldi berean zerbait ederra bilatzen dut. Zikina zeharkatuta heltzen gara edertasunera. Gustatzen zait balantze-joko horretan aritzea. Euskal mitologian oso integratua dagoela uste dut. Beti hitz egiten da dualismo bati buruz: txarra dirudiena ez da zertan txarra izan, ezta ona ere itxuraz ona dirudiena. Adibidez, apaizak. Lamiak desagerrarazi zituzten. Tira, enpatiaren zera horretan datza guztia.

Mitologia berrinterpretatzeko asmoz egiten duzu?
Mitologien naturaren parte da etengabe eguneratzen aritzea. Ez da existitzen garai batean eskoratu eta egonkortu den kondairarik. Kondaira oro etengabe gaurkotzen da narratzaile batek gaur egungo filtrotik kontatzen duen aldiro, eta, egiten den aldiro, gure gaurko munduari buruz hitz egiten da. Horregatik dira hain boteretsuak kondaira zahar-zaharrak, greziar mitologiakoak esaterako. Zaharrak badira ere, gaurko gizarteaz hitz egiten dute. 

Fikzioa egiten duzu, baina gertakari historikoetan oinarritzen zara. Non dago muga?
Saiatzen naiz dokumentazio historiko eta fantastiko guztiekin ahalik eta errespetuzkoena izaten. Gustatzen zaizkit, eta errespetua diet. Gero, hori bai, nire logika eta asmoak jarraituta, dena nahastu egiten dut. Marrak lotu eta hutsuneak betetzea da, forma ematea. Eta fikzioa, fikzio den heinetik, inoiz ez da ez zehatza eta ez zorrotza izango guztientzako. Nire bisio pertsonala da pantailara eramaten dena. Garai honetan bizi den pertsona naiz, nire estatus sozialarekin eta nire izaerarekin.

"Frankenstein bat da zinea: piezak hartu eta gezur poetiko bat sortu"

Kritikak jaso izan dituzu?
Bai. Positiboak, gehienak.

Negatiboak ere bai, orduan.
Film honekin oraindik ez. Baina helduko dira. Euskal Herrian denok gara oso historialariak eta oso linguistak, oso jakintsuak.

Zer esango zenioke hau irakurtzen ari denari?
Gomendatuko nioke aurreiritziak etxean uztea, eta ez joatea zinemara ikusi nahi duen hori ikusteko asmoz. Hau da, eskuak eta begiak zabalik joatea, datorrena jasotzeko prest. Gaur egun defentsiban goaz leku guztietara. Ikusle moduan, hainbeste material daukagu eskuartean, non gure jarrera dela ikusi nahi dugun horren bila joatea. Eta sortzaileek haien diskurtsoa eman nahi digute. Dena kontrolpean izan nahi badugu, eta dena ondo hautatuta joaten bagara, sortzaileei ez diegu aukerarik ematen. Nik, nire pelikulekin, nire diskurtsoa eman nahi dut. Artelan poetiko bat da, finean. Kontsumitzeko hezkuntza falta zaigu.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Aktoreez hitz egin dugu lehen, eta alderdi teknikoaz ere galdetu nahi dizut. Lan handia egin duzue. Besteak beste, gauez grabatu duzuelako. Erronka izango zen.
Gauez grabatzea beti da konplikatua, argiztapen aldetik-eta dena baita egun argiz baino zailagoa. Nekatuago egoten gara, baita ere. Baina gaueko eszena bat benetan gauez grabatzearen magia hor dago. Eta leku errealetan izanda, zer esanik ez. Baso erreal baten erdian gauez grabatzean, lortzen da dagoeneko basoan dauden pertsonaiez beteriko koadro bat, eta horrek ez du preziorik. Fama daukat ekipoa beti leku arraro eta zailetara eramaten dudala, aktoreek hotza pasatzen dutela... Baina jendeak maitasunez hartzen du proiektua, eta emaitzan nabari da.

Non ibili zarete grabaketetan?
Albertiako (Legutio, Araba) eta Artikutzako (Goizueta, Nafarroa) basoetan, Igartubeiti baserrian (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa) eta Orozkoko (Bizkaia) beste baserri batean, Elorrioko (Bizkaia) nekropolian eta Letonako (Araba) garbitokian. Platoan eszena bakarra egin dugu, filmaren azken zatia, akelarrea. Plano-sekuentzia konplikatua zen, egoera kontrolatuan egin beharrekoa, figurante askorekin, eta gezurrezko baso bat sortu dugu 170 zuhaitzekin.

Leku ezagunak dira Euskal Herrian.
Ikusgarriak eta interesekoak diren lekuak bilatzen saiatzen gara. Zinea hori da, Frankenstein moduko bat, pieza ezberdinak hartu eta gezur poetiko bat sortzea.

David Herranz

Nerea Torrijos aritu da jantziterian, Izaskun Urkijo arte zuzendaritzan, Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi Mursego musikan... Aktoreen kasuan bezala, alde teknikoan ere talde bikaina izan duzu. Aurrez ere haiekin aritu zara.
Oso burugogorra naiz, dena argi edukitzea gustatzen zait, baina zinea talde lana da. Haiekin ongi funtzionatzen dut. Oso ongi ulertzen dugu elkar.

Herrialde Katalanetan aurkeztu zenuten pelikula, Sitges-eko Zine Fantastikoaren jaialdian, urrian. Harrera ona izan zuen, ezta?
Jendeari gustatu zitzaion, eta kritika ere ona izan zen. Ez genuen lehen aldia Sitgesen, eta kontziente naiz geroz eta lupa handiagoarekin begiratzen nautela. Urduri ginen. Baina uste dut azterketa gainditu genuela. Ea orain Euskal Herrian. Niretzat plazarik inportanteena hauxe da, eta ez etxekoa delako soilik: gure historiari eta ikonografiari buruzko beste film bat da. Nahiko nuke jendeak bere egitea. 

"Fikzioa, fikzio delako, ez da inoiz zehatza eta zorrotza izango"

Aurtengo udazkena gogoangarria izango da euskal zineman. Azken hilabete eta erdian estreinatu dira Maspalomas eta Karmele filmak, Jone, batzuetan, Donostiako Zinemaldian egon zen Zeru ahoak telesailak ere harrera ona izan du, eta azaroaren amaieran estreinatuko da Aro berria. Hil honen erdian dator Gaua. Dokumentaletan ere badago emaria. Nola ikusten duzu euskal zinea?
Mahai gainean dago euskal zineari buruzko gogoeta. Beti egon da, egia esan. Uste dut ezberdindu behar dela: ez da gauza bera euskarazko zinea eta Euskal Herrian ekoiztutako zinea.  

Propio aipatu ditut euskarazko pelikulak. 
Ez dago besterik: borrokatu behar dugu euskarazko zine gehiago egoteko. Ezin dugu aurtengoarekin konformatu.

Aurtengoa ez da beste urtetan ikusi. Ez kantitatez, ezta kalitatez ere.
Beste urtetan baino uzta oparoagoa eduki dugu, bai, baina iaz ez genuen apenas izan. Eta ea datorren urtekoa nola datorren, horri ere erreparatu beharko zaio. Egoera ez da ona, nahiz eta aurtengoak engainatu dezakeen. Geroz eta autore euskaldun gehiago ari dira agertzen, hori hala da, baina oraindik asko falta zaigu. Ezin gara erlaxatu: sortzaileok jarraitu behar dugu sortzen, eta ikusleak segitu behar du ikusten. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Eguneraketa berriak daude