Sindikatuak elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren alde agertu dira Elika Bilbo ekimen kolektiboan

  • Maiatzaren 15etik 22ra elikadura burujabetzaren aldeko ekimen kolektiboa den Elika Bilbo egiten ari dira, talde hauek antolatuta: Labore Bilbo, Ekologistak Martxan, Bizilur eta GITE-IPES. Honen baitan, gehiengo sindikalak elkarrekin adierazpen bat plazaratu du maiatzaren 19an. Osasuntsu elikatu ahal izatea eskubide dela adierazi dute eta hori bermatzeko bidea elikadura burujabetza dela. Agroekologiaren alde eta "milaka lur eta nekazari espropiatu dituen agronegozioaren eta lurraren artifizializaio etengabea eskatzen duen ereduaren aurka" posizionatu dira sindikatuak.


2022ko maiatzaren 20an - 06:57
Azken eguneraketa: 08:10

Elika Bilbo ekimenaren baitan, maiatzaren 19 eguerdian sindikatu hauek denak elkartu dira eta adierazi dute "gurea egiten dugula elikadura burujabetzaren aldeko aldarria" (manifestua hemen dago osorik irakurgai). Bertan agroekologiaren alde agertu dira.

Elikadura osasuntsua izatea eskubide dela adierazi dute sindikatuek: "Pertsona orok elikadura osasuntsua izateko eskubidea duela aldarrikatzerakoan, bizitzak erreproduzitu eta hauek sostengatzeko eskubide batetaz ari gara. Baserritarren eta arrantzaleen funtzioa elikagaiak ekoiztu eta eskaintzea da, ez industria transformatzailearentzat lehengai merkeak ekoiztea. Edozein herriren eraikuntzarako egiten den oinarrizko ekarpena da hau, eta baita jendartearen behar kolektiboei erantzungo dien jendarte justuago eta berdintsuagoa artikulatzeko".

Osasuntsu jateko eskubidea bermatzeko bidea elikadura burujabetza dela esan dute sindikatuek: "Eskubideak gauzatzeko eta elikadura osasuntsurako proposamen politiko hau nekazaritza, abeltzantza eta arrantza iraunkorrak egiten ditu posible: prozesu agroekologikoetan oinarrituta, bertoko eta sasoiko produktuak pertsona guztientzat eskuragarri direla bermatu eta ekoizpen, biltegiratze, banaketa eta kontsumo katean lan baldintza  duin eta bidezkoen bidez gauzatzen direnak, hain zuzen".

"Lur emankorrak lantzeko aukerarik gabe, ez dago elikadura burujabetzarik"

Zera salatu dute sindikatuek: "Elikadura burujabetzaren aldeko hautu honek ezinbestean milaka lur eta nekazari espropiatu dituen agronegozioaren eta lurraren artifizializaio etengabea eskatzen duen ereduaren aurka posizionatzera garamatza. Berebizikoa da lurraren jabetza publiko eta komunitarioaren aldeko borroka, transgeniko eta agrotoxikorik gabeko lurrak lantzeko eskubidea eta aukera izan dezagun. Lur emankorrak lantzeko aukerarik gabe, ez dago elikadura burujabetzarik".

Gaur egun, Euskal Herrian ere indarrean den eredu intentsiboa "erabat kolapsatuta" dagoela azaldu dute: "Ezinbestekoa da norabidea aldatzea, bai ekoizpen ereduetan bai kontsumo moldeetan".

Sindikatuak agroekologiaren alde

Arrazoi hauek eman dituzte sindikatuek, elikadura burujabetza lortzeko bidean eredu agroekologikoaren alde egiteko:

- "Eredu honek bakarrik bermatzen du lan baldintza duinetan oinarritutako tokiko elikagaien ekoizpena", esan dute sindikatuek. Lurralde-kohesioa eta tokiko ekonomiaren garapena indartzen dituela gehitu dute.

- Biodibertsitatearen kontserbazioa, eta ingurugiroa errespetatzen duen eredu bat da. Oroitarazi dute eredu industrialak CO2 isurien herena eragiten duela.

- "Gizarte justuago bat bilatzen du, lur eta ondare komunalen merkantilizazioan, herri komunitateen militarizazioan zein bereziki lehen sektorean diharduten langile migratu eta arrazializatuen pobretze eta prekarizazioaren bidez Hegoalde Globalaren esplotazio eta sakeoan oinarritzen ez dena".

- Eredu autonomoa da eta krisi energetiko eta ekosozialari aurre egin diezaioke. Oroitarazi dute egungo elikadura ereduak sortzen duela garraioaren laurdena.

- "Genero ikuspegia eta begirada dekoloniala txertatzen ditu".

- "Bizitza zentroan jartzen du eta izaki bizidun guztiontzat bizitza hobeagoa eskeintzen du, hemen zer eta nola ekoitzi eta elikatzeko dugun moduen inguruan erabakitzeko gaitasuna handituz".

Politika publiko agroekologikoak eskatu dituzte sindikatuek

Trantsizio ekosozialaren barruan plan estrategiko bat egin beharra adierazi dute sindikatuek, "euskal elikadura-eredu bat lortzeko helburuarekin. Zentzu honetan, bat egiten dugu Etxaldek proposatzen duen “Elikadura sistema eta nekazal ekoizpen iraunkor baterako bidea” dokumentuarekin.

Nabarmendu dute tokiko administrazio publikoetan egin daitezkeela politika publikoak, zeintzuek sustatuko duten tokiko lurralde ekoizpena.

Adierazi dute ahaleginduko direla administrazioetan pleguen kontratazioetan eragiten, lehentasuna izan dezaten "euskal lurraldean finkatutako tokiko elikagaien ekoizle eta ekoizpen- eta elaborazio-proiektuek".

Baita ere eskatu dute egorari jarraipena egin behar zaiola, "elikadura-eredu nagusiak langileei ematen dizkien lan- eta bizi-baldintzak" ezagutzeko. zentzu horretan jakinarazi dutenez, "langile horietako asko migratuak eta arrazializatuak dira, eta ezkutuko ekonomiaren urraketa bereziko egoeren mende daude, Espainiako Estatuko atzerritarrei buruzko egungo legearen ondorioz".

Elika Bilbo

Bilbon elikadura burujabetza sustatzen duen ekimen kolektiboa da Elika. Aldi berean, kontsumo arduratsu eta eraldatzailea bultzatu nahi du elikaduraren alorrean, janaria ekoiztu eta saltzen duten bertako ekoizleak eta agroekologikoak zainduz. Aste honetan hainbat ekimen deszentralizatu burutzen ari dira, bakoitza talde batek antolatuta, Bilboko auzo hauetan: Deustu, Alde Zaharra, Miribila, Santutxu eta San Frantzisko.

Maiatzaren 22an 13:00ean Plaza Berrian egingo da amaierako ekitaldia. Bertan manifestu bat irakurriko dute, Bilboko era guztietako eragileek elikadura burujabetzaren alde agertuko dituena. Manifestu honek nabarmentzen ditu bertako nekazaritza sustatu beharra, jasangarritasun ekologikoarekin konpromisoa, lurraldearen eta kulturaren defentsa, komertzializazio bide laburrak sustatu beharra eta ekonomia sozial eraldatzailea indartzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agroekologia
2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


2024-04-12 | Estitxu Eizagirre
Esti Besa, ardogintzaz
"Upategietan parakaidisten eredua nagusitu da"

Ardogintza borborka dago: mundu mailan gaineskaintza dagoela-eta, iaz milaka litro erosi zituen Jaurlaritzak destilatzeko. Espainiako Gobernuak diruz lagundu zuen mahats berdea lurrera botatzea. Aurten ere antzeko neurriak hasi dira agertzen. Baina nola iritsi gara egoera... [+]


2024-03-14 | Estitxu Eizagirre
"Amama harro legoke, nahiko luke landareetan izan genuen aberastasun horretara iristea egun gure lurra"

Onintza Enbeita bertsolaria da, kazetaria, parlamentari ohia... eta baratzezaina ere bada. Hiru ahizpek dituzte unibertsitateko ikasketak, eta duela dozena bat urte erabaki zuten etxean beti ezagutu duten baratzeari eta azokan saltzeari berriz ekitea. Mattin Jauregik Egonarria... [+]


2024-03-11 | Estitxu Eizagirre
Herritarren artean hiru hilabetean 70.000 euro lortzea du erronka Amillubi proiektuak

Amillubi proiektua iragan abenduan eman zuen ezagutzera Biolur laborantza ekologikoko elkarteak. Bere abiapuntuko helburua Gipuzkoan (Zestoako Iraeta auzoan) kokapen estrategikoa duten lur emankor batzuk ondasun kolektibo bihurtzea da, lur hauek babesteko eta bertan etorkizuneko... [+]


Eguneraketa berriak daude