Robert Caparen aurpegi ezezaguna

  • 1937ko uztailaren 26a, El Escorial (Madril, Espainia). Goizaldea da, eta bezperan larri zaurituta eramandako emakume gazteak azken hatsa eman du El Goloso ospitale ingelesean. Historiara Espainiako 1936ko gerrako enfrentamendurik odoltsuenetakoa bezala pasako zen Bruneteko batailaren azken orduetan, errepublikarrekin batera erretiradan zihoala, tanke batek harrapatu zuen istripuz. Frontean egoera gaiztotu ahala bertatik alde egiteko gomendioei muzin eginda, azkeneraino eutsi zion bere egitekoari: gertakariak dokumentatzea. Kamera eskuan, munduari –eta bereziki nazismoaren eta faxismoaren indartzea bizitzen ari zen Europari– bere gordinean erakutsi nahi zion faxismoaren egiazko aurpegia, Espainian burutzen ari zen sarraskia bistaratuz. Baina nola diren gauzak, gertakariak gertutik izozteko gudu-zelaian korri egiten zuen azeri gorri txikia ezagun bazen ere bizirik zela, zendutakoan haren izena irentsi zuen argazkiak saltzeko erabilitako Robert Capa goitizenak. Ez baita gauza jakina argazkilari famatuaren atzean bi gazte gordetzen zirela: Endre Ernö Friedmann eta orri hauetako protagonista Gerda Taro. Bere heriotzaren 85. urteurrenean, fotokazetaritzan aitzindari izandako emakumearen izena, ibilbidea eta obra berreskuratu nahi izan ditugu.

Gerda Taro soldadu errepublikarraren atzean, lanean. 1936an Endre Ernö Friedmannek Cordobako frontean ateratako argazkiak ongi islatzen du zeukaten lan egiteko moldea, gertakariak bertatik bertara jarratuz.

2022ko abuztuaren 02an - 04:23

1910eko abuztuaren 1ean jaio zen Gerta Pohorylle –hala zuen jaiotzezko izena Gerda Tarok–, Alemaniako Stuttgart hirian. Hantxe finkatu ziren Galitziatik (garaiko Austria-Hungaria) migratu zuten gurasoak, eta bertan hazi zen neskatoa, familia juduan eta burgesa zen ingurunean, nahiz eta nagusitu ahala oso bestelako baloreekin lerratuko zen, langile mugimenduarekin bat eginez. 1929an, familiak negozioa Leipzigera lekualdatzea erabaki eta hara joan ziren bizitzera. Stuttgarten hasitako merkataritza ikasketei jarraipena eman zien bizitoki berrian Tarok, eta Gaudig Schule-ko ikasle ezkertiarren artean aurkitu zuen bere tokia. “Nazionalsozialisten indartzeak eta antisemitismoaren gorakadak bizkor politizatzea eragin zuten. Hitlerren aurkako fronte bateratuaren alde egiten zuten Ikasle Sozialisten Sindikatuarekin eta SAPD Alemaniako Langile Sozialisten Alderdiarekin lotutako taldeekin egin zuen harremana”, dio Taroren bizia ikertu duen Irme Schaber-ek Stadtarchiv Stuttgart-eko dokumentuetan. Garai horretan ezagutuko zuen gerora bikotekide izango zuen Georg Kuritzkes ere, Leninen Suitzako erbestealdian haren harreman sarearen parte izandako Dina Gelbke komunistaren semea. Schaberek Gerda Taro. Fotoreporterin (Gerda Taro, fotokazetaria) liburuan azaltzen duenaren arabera Gelbkek beso zabalik hartu zuen gaztea, Bertolt Brecht eta Kurt Tucholsky bezalako ezkerreko intelektualen aterpe izan ohi zen etxeko ateak parez pare irekiz. Helena Janeczek-ek, La ragazza con la Leica (Leicadun neska) Taroren biografia fikzionatuaren bidez, behin baino gehiagotan garamatza Kuritzkesen txapitulara, bertatik bertara jarraitzeko adiskide taldeak han izaten zituen eztabaida politikoak.

Izan ere, bazen zer eztabaidatu garaiko Alemanian. AEBetan eztanda egindako 1929ko krisi ekonomikoaren desmasia hedatua zen, Weimarreko Errepublikaren azken urteak ziren, eta gizarte alemaniarrean indarra hartzen zebilen Alderdi Nazionalsozialista; nazismoaren mamua geroz eta handiagoa zen. Susmo txarrek aditzera eman bezala, 1933ko urtarrilaren 30ean Adolf Hitler boterera heldu zen, eta hilabete eta erdi eskasera, martxoaren 18an, SA milizia paramilitarrak Pohorylletarrenean egin zuen agerraldia, Taro atxilo eramateko Schutzhaft alegatuz (epaileen interbentziorik eta ezer leporatu beharrik gabe edonor atxilo eramateko erabili zuten kontzeptu juridikoa, oro har juduak, jazarritako gainontzeko sektoreetako pertsonak eta politikoki aurkari izan zitezkeenak atxilo eramateko erabilia). Zündapp motozikleta batera igota, hirian zehar nazien aurkako propaganda banatzen aritzen zen Taro KPD Alemaniako Alderdi Komunistako Alfred Schmidt “Sas”-ekin batera. Hainbat tokitan jasoa dagoenez horrexegatik espetxeratu zuten. Nazionalitate bikoitza izanik –I. Mundu Gerraz geroztik, poloniar hiritar bilakatu ziren gurasoak eta seme-alabak–, Poloniako enbaxadak esku hartu zuen kasuan, Taro aske utz zezaten lortuz. Hainbat irakurketen arabera, Alemania naziaren hastapenak izanik oraindik, nazioartearen aurrean itxurak mantentzeko interesak salbatu zuen, ordurako jendea kontzentrazio-esparruetara bideratzen hasiak baziren ere. Sas ere atxilotu zuten, Taro baino zeozer lehentxeago, eta lortu zuen hark ere kontzentrazio-esparruari iskin egitea, baina ez definitiboki: 1941ean berriz atxilotu zuen Gestapok, eta Sachsenhausen kontzentrazio-esparrura bideratu; 1943an exekutatu zuten.

Apirila hasiera zen Taro espetxetik atera zenerako, hilaren lehenean naziek juduen komertzioen aurkako Judenboykott-a egin eta gutxira. Bistan zen Alemanian geratzea ez zela aukerarik onena judu antifaxista batentzako, beraz alde egitea erabaki zuen. Ihesaldian Ruth Cerf laguna izango zuen bidai-lagun. Janeczekek jasotakoaren arabera, Cerfi nazi bihurtutako miresle batek eman zion ahalik bizkorren alde egiteko abisua. Udazkenarekin batera abiatu ziren Frantziara, eta ez askoz beranduago, Taroren familiak ere Serbiara ihes egin zuen. Ez zekiten ez zutela berriz elkar ikusiko; aurreratu bezala, Taro Espainiako 1936ko gerran hilko zen, eta haren familia naziek akabatuko zuten Jugoslavia inbaditzean.

Paris, argazkilari ibilbidearen abiapuntua

Parisko Port Royal plazako ostatu batean aurkitu zuten aterpea bi gazteek. Prekarietatean bizitzea egokitu zitzaien, logela elkarbanatuz eta ateratzen zitzaizkien lanen bidez lortutako sosekin kostata eginez aurrera. Besteak beste, haurtzain eta Renè Splitz psikoanalistaren mekanografo gisa aritu zen Taro, eta idazkari eta modelo gisa Cerf. Biziraute horretan aurkitu zuten tarterik inguruetako brasserie eta kafetegietan sozializatzeko ere ordea, eta horien bueltan eta SAPD alderdiaren Parisko ingurunean joan ziren osatzen harreman sarea, lagun zahar eta berriz osatua, horietako asko erbestealdian zeudenak. Tartean ziren Fred eta Lilo Stein, estualdi ekonomikoak tarteko, denboraldi batez Tarori aterpea emango zion bikotea. Etxe hartan egin zuen argazkilaritzara lehen hurbilpena, argazkilaria zen Fredi –oraindik ez gerora bilakatu bezain ospetsu– esku bat botatzen hasi zitzaionean. Rue Caulaincourt-eko argazki laborategi hartan errebelatuko zen, hainbat argazkirekin batera, Taroren argazkilaritzarekiko pasioa ere.

Madrilen egindako egonaldietako batean, Tarok Carabanchel auzoko dinamitariei ateratako argazkia.

Zoriak argazkilaritzarekiko bokazioa garatzea nahi balu bezala, 1934an ezagutu zuen argazkilaritzan sakontzen jarraitzea erraztuko zion gazte hungariarra: Endre Ernö Friedmann. Jatorri judukoa berau ere, zituen aurrezki apurrekin eta Leica I kamerarekin egin zuen Pariserako bidea, eta argazkilari gisa enkargatzen zizkioten lanei esker lortzen zuen diru sarreraren bat edo beste. Bere jaioterrian Dephot agentziarentzako lanean aritua zen, eta haren fundatzaile Simon Guttmanek egindako eskari batek batuko zituen Taro eta Friedmannen bideak. Suitzako aseguru konpainia batentzako iragarkiak enkargatu zizkioten, eta horretarako gorpuzkera atletikoa, begi urdinak eta ile horia zeukan modeloa aurkitu behar zuen. Kafetegi batean zegoela, ezaugarri horiek gorpuztuta ikusi zituen emakume batengan. Harengana gerturatu eta lan eskaintza egin zion, argazkiak ateratzeko hitzordua eginez Montparnasse parkean. Hein batean diru sarreren beharrak bultzatuta, onartu egin zuen Ruth Cerfek eskaintza, ustezko argazkilari hartaz fio ez bazen ere. Etxera bueltan, hitzorduak eragiten zion ezinegona adierazi zion Tarori, eta adiskidea berarekin joateko prest agertu zen. Hala ezagutu zuten elkar Taro eta Friedmannek, bikotekide harremana bilakatuko zen adiskidantzari hasiera emanez.

Tarok bizkor bereganatuko zituen kideak argazki kameraren maneiuaz erakusten zizkionak, eta argazkilaritzatik bizitzeko ideia pisua hartzen joango zen bere baitan. 1935eko udazkenean elkarrekin bizitzera joan zen bikotea. Ordurako hasia zen Taro argazkilaritzan bidea ireki nahian, eta urrian lana lortu zuen Alliance Photo agentzian. Ez zen argazkilariarena eskaini zioten lanpostua ordea, baina materian sakontzen jarraitzeko aukera gisa baliatu zuen. “Argazkilari artean aritu izanak eta hizkuntzen gaineko jakituriak –bereziki ingelesak, frantsesak eta alemanak– ahalbidetu zioten gazteari Alliance agentzian lana lortzea, non bezeroekin negoziatu eta argazkien legendak idazten zituen”, azaltzen du François Maspero-k L'Ombre d'une photographe, Gerda Taro (Gerda Taro. Argazkilari baten itzala) liburuan. Gertu zuen argazkilari profesionalen mundura igaroa: urte erdiren buruan, 1936ko otsailean, lortu zuen bere lehen fotokazetari akreditazioa ABC Press-Service agentzia holandarraren eskutik. “Agiri horrek bere Frantziako egoera erregularizatzea ez ezik, iraunkortasunez fotokazetari bezala aritzea ere ahalbidetuko dio”, dio Fernando Olmeda kazetariak Gerda Taro, fotografa de guerra (Gerda Taro, gerra argazkilaria) liburuan.

Espainiako 1936ko gerraren ondorioz umezurtz geratutako haurra, umezurtz-etxean sopa jaten, Taroren kameraren objektiboari begiratzen dion bitartean.

Lorpenak lorpen, eta biak argazkilari akreditatu izanagatik ere, enkarguak eta dirua urri ziren. Zerbait falta zitzaien argazkilari gisa bizi ahal izateko, eta zerbait hori alter ego bat izan zitekeela otu zitzaion Tarori; hala jaio zen Robert Capa. Ero xamarra eman zezakeen arren, plana sinplea zen: Robert Capa izenari zegokion pertsonaia sortuko zuten, argazkilari estatubatuar prestigiotsua, eta beraiek haren ordezkari gisa aurkeztuko ziren argazki agentzien eta hedabideen aurrean. Hala beren argazkiak salduko zituzten delako Capa haren izenean, askoz garestiago gainera, eta beren jatorria zein errefuxiatu estatusa ezkutuan mantenduko zuten. “Egunkarietako zuzendariek, baita geure bandokoek ere, nahiago lukete hil zuri caché-a bi zentimo igo aurretik, errefuxiatu antifaxista koitadu halakoa. Baina Europa guztiko beau monde-an barna ibili ohi den estatubatuarraz hitz egiten diezunean, ezin diote hura ezagutzeko gogoari eutsi”, diotso Tarok lagunari La ragazza con la Leica liburuan. Janeczek idazleak birsortutako elkarrizketa bada ere, adierazten du Robert Capa sortzeko arrazoiaren funtsa.

Falta zitzaien guztiaren irudikapena zen pertsonaia sortu zuten: aberatsa, arrakastatsua, mugarik gabeko bisadun pasaporteduna. Historia ere sortu zioten: Kaliforniako almibarretako fruta produktore nagusia izandako familian jaioa, saldu egin zuen herentzian jasotako kontserba negozioa, eta diru faltarik ez izan arren, argazkilaritzara dedikatzea erabaki zuen, ez aspertzeko. “Ez du diruagatik lan egiten, noski, baina fundamentuzko kapitalista denez gero, ez zaio burutik pasa ere egiten inori ezer oparitzea”, jarraitzen du Tarok Janeczek idatzitako lerroetan. Arrakasta bermatzeari begira, Caparen ordezkari gisa aurkezteko bere izena ere moldatu zuen Tarok, Gerta Pohorylle izatetik Gerda Taro izatera igaroaz –esamesak dio Greta Garbo eta Frank Cappa izan zituztela inspirazio iturri–. Planak funtzionatu egin zuen, eta nola gainera; beren azken egunetaraino etenik izango ez zuten enkarguak jasotzen hasi ziren aldizkari grafikoen partetik. Epe laburrean Capak toki esanguratsua egina zuen garaiko frantziar prentsa ezkertiarrean. Bere egiazko nortasuna ageriko egin zenerako hain zuen sona lortua, inor gutxiri inporta izan zitzaiola.

1936ko gerraren lehen lerroko testigu

Taro eta Friedmannen ibilbide profesionalaren inflexio puntua Espainiako 1936ko gerran emango zen ordea. Bertan egindako lanak bilakatuko zuen ezagun nazioarte mailan Robert Caparen izena, eta Taroren kasuan gertakari horietan oinarrituko da bere obra ia guztia. 1936ko uztailaren 17an eta 18an Espainian altxamendu militarra gauzatu zen Errepublikaren Gobernuaren aurka. Estatu kolpe saiakera indargabetu zuten errepublikaren aldekoek, baina matxinatu frankistek atzera egin beharrean gerra abiatu zuten, nazioarteko begiradak Espainiako Estatuan iltzatuz. “Totalitarismoengatik mehatxatuta ikusten zen ororen ispilua zen Espainia, eta gertatzen ari zena jakiteko era bakarra prentsa bidez zen. Fotoerreportajeak, albistegi zinematografikoekin batera, informazio grafikoaren iturri funtsezkoena ziren. Testuinguru horretan heldu ziren Espainiara André eta Gerda, helburu zehatzarekin: gertatzen ari zenaren irudiak eskaintzea, Errepublikaren Gobernuaren aldean kokatzen zituen konpromiso politikoarekin”, diote Ada Simon historialariak eta Emilio Calle idazleak Clío aldizkariko 46. zenbakian argitaratutako Una fotógrafa bajo el fuego (Argazkilari bat su azpian) erreportajean.

BARTZELONA | Ezkerretara, bi ume barrikada baten gainera igota, CNTko txapela soinean dutela. Erdian, miliziano bi Fronte Popularraren auto barruan, kanpoan dauden bi kiderekin hizketan. Eskuinetara, emakume milizianoak hondartzan instrukzio saioa egiten.

Lehenbizikoz, aldizkariaren enkarguz abiatu ziren Espainiako Estaturantz Taro, Friedmann eta bien adiskide David Seymour “Chim”. Abuztuaren 5ean lur hartu zuten Bartzelonako aldirietan, hegazkinak izandako arazoen ondorioz ezinbesteko lurreratzea egin ostean. Defentsarako prestakuntza lanetan murgilduta zegoen Kataluniako hiriburuan emango zituzten lehen egunak; ordukoak dira sindikatuen eta ezkerreko alderdien egoitza bilakatutako eraikin eta hotelen argazkiak, Aragoiko fronterantz doan trenera igotako milizianoenak, edota hondartzan instrukzio saioa egiten ari diren PSUC Kataluniako Alderdi Sozialista Batuko emakume milizianoenak.

aldizkariak emakume milizianoen argazkiekin argitaratutako erreportajea.

Bartzelonako egonaldiari akabera emango diote hilabete erdialdera, Aragoiko fronterantz abiatzeko lehenbizi, Madrilgora gero, eta Toledora ostean. Esan daiteke hein handi batean fronteetan, gatazkaren lehen lerro horietan egindako lanak nabarmendu zuela Capa, gerrako fotokazetaritzaren aitzindari nagusienetako gisa pasatzeraino historiara; izan ere, jakin zuten nobedadea ziren 35mm-ko argazki kamerek gerra jarraitzerako orduan eskaintzen zizkieten aukerak antzematen eta baliatzen. Ez askoz lehenagora arte gerrako argazkiak tripodedun argazki kamera handiekin ateratzen ziren, distantziatik eta enfrentamenduak behin amaitutakoan. 35 mm-ko Leica eta Rolleiflex kamera bana gainean, Tarok eta Friedmannek erabat irauli zuten eredu hura, argazki kamera konpaktuen moldaerraztasuna baliaturik distantzia laburretik jarraitu baitzituzten gertakariak, erabat berritzailea zen ikuspuntutik. Arreta arriskua saihestean eta kliskagailua sakatzean jarrita zutela, egin ahala eta ohartzeke, gerra fotokazetaritza modernoaren oinarriak ezarri zituen bikoteak. “Zure argazkiak behar bezain onak ez badira, behar bezain gertu ez zaudelako da”, dio gaurdainoko oihartzuna lortu duen Caparen aipuak.

Fotokazetaritza egiteko molde horren adibide da Milizianoaren heriotza, Caparen argazki ezagunenetarikoa –ezagunena ez bada–. 1936ko irailaren 5ean Cordoban (Andaluzia) ateratako argazkia da, zeinetan miliziano anarkista bat ageri den ustez tiroak jo duen unean izoztuta. Ustez, argazkiaren egiazkotasunaren polemika iturri izan baita: eszena muntaia den ala ez, Cerro Murianon ala Espejon ateratakoa den edota argazkia Tarok ala Friedmannek atera zuen, hainbat dira argazkiaren gaineko eztabaidak. Edozelan ere, kontsentsu faltak ez du ekidin argazkia ikoniko bilakatzea. Maletan bildutako karreteen artean etorkizunean hainbesteko sona hartuko zuen irudia zeramatela imajinatu ere egin gabe ziurrenik, Parisera lehen itzulera egin zuten.

ALMERÍA | Frankistak Malagan sartu ostean, ihesari eman zioten herritarrak. Ihesaldian, faxistek bonbardatuak izan ziren, eta hainbat izan ziren bidean hildakoak.

1937ko otsailean, gerraren jarraipenarekin segi asmoz, berriz abiatu ziren gatazka eremura. Andaluzia izango zen beren lehen geralekua. Frankistak Italiako armadaren babesarekin Malagan sartu berri ziren, eta jendea bertatik ihesean zihoan. Errefuxiatu oldea jasotzen ari zen Almeriara abiatu ziren Taro eta Friedmann, hegoaldeko frontean barrena ibili ziren, eta ostean iparralderantz bidea hartu frankistak setiatzen ari ziren Madrileraino. Ordukoak dira, adibidez, Ciudad Universitariako lubakien argazkiak. Data horien bueltan, bide ezberdinak hartuko dituzte: Parisera bueltatuko da Friedmann, eta Madrilen geratu Taro, Ce Soir egunkari belgikarrarentzat lanean. Urruntzearen arrazoiak ez dira soilik logistikoak, plano emozionalean ere aldentze garaiak dira bikotearentzako; pentsatzekoa denez, askotarikoak izanen ziren arrazoiak, baina bakarra errepikatzen da bateko eta besteko dokumentuetan: antza, Friedmannek berekin ezkon zedin eskatu zion Tarori, eta hark ezezkoa erantzun. Ordurako hasiak ziren zenbait lan “Reportage Capa & Taro” bezala sinatzen, eta aldentze une horretatik aurrera “Photo Taro” sinadura erabiltzen hasi zen Taro, besteak beste Ce Soir, Regards eta Volks-Illustrierte-rentzako egindako lanetan.

Guadalajarako batailako errepublikarren garaipenari buruzko erreportajea Taroren argazkiekin, Regards aldizkarian.

Friedmann gabe abiatutako bidean, Intelektual Antifaxisten Aliantzak birjabetutako jauregia izan zuen bizitoki denboraldi batez Tarok. Rafael Alberti idazlea kamerekin iritsi berria zen SESB-etik, eta argazki tailerra eraiki zuen egoitzaren beheko solairuan. Tarok bere jakintza elkarbanatu zuen harekin. Gisako keinuekin, are esplizituagoa zaigu errepublikarrekiko zuen atxikimendua –Schaberen arabera, Errepublikari emana zion bere argazkiak propagandarako erabiltzeko baimena ere–. Martxoa erdialdean hiria atzean utzi zuen Guadalajarako batailaren jarraipena egiteko. Errepublikarrek matxinatuak garaitu zituzten martxoaren 23an, eta gertakarien gainean Tarok egindako erreportajea argitaratu zuen apirilaren 8an Regards-ek.

Maiatza akaberan bildu ziren berriz Taro eta Friedmann, elkarrekin lan egiteko. Berriki Valentzian egona zen Taro, maiatzaren 15eko bonbardaketak eragindako triskantza dokumentatzen, eta Bilboko kaleetan eta Sollubeko magaletako batailan egon berria zen Friedmann. Navacerrada zuten hurrengo helmuga, Madril eta Segovia artean; penintsularen iparraldeko frontean bizi zen tentsioa jaitsi asmoz –Bilbo frankisten eskutan erortzear zen– errepublikarrek matxinatuen aurka abiatutako Segoviako erasoa dokumentatzera zihoazen. Berritasunik ere bazuten esku artean gainera: Time Inc. enpresa estatubatuarrak ahalbidetutako B&H Eyemo bideokamera, The March of Time albistegietarako irudiak jasotzeko. Batak argazkiak atera bitartean, filmatu egiten zuen besteak. Bataila hartan girotu zuen gerora For Whom the Bell Tolls eleberria Ernest Hemingway-k, errepublikarren kontrolpean zetzan Navacerradako portuaren eta matxinatuen kontrolpeko La Granjaren arteko inorenak ez ziren lurretan, zehazki.

VALENTZIA | Goian, jendea Valentziako gorputegiaren ateetan. Behean, bonbardaketak hildako pertsonen hilotzak gorputegian.

Segoviatik berriz jo zuten Madrilera. Ordukoak dira munizio fabrikako langileei ateratako argazkiak, edota Carabanchel auzoko dinamitariei ateratakoak. Elkarlanean, hilabete erdi eskasean ez zuten deskantsurik hartuko: besteak beste, Pavol Lukács jeneralari Valentzian egindako hileta dokumentatuko dute, eta berriz bisitatuko dute Cordoba. Andaluziar lurretan, Time Inc.-en eskariz ia hiru hilabete lehenago jazotako gertakariak erreproduzitu eta jaso zituzten bideoan: Tchapaiev batailoiak apirilaren 5ean La Granjuela nola bereganatu zuten eszenifikatu zuen eurentzat.

Uztailaren 4a orduko Valentzian ziren biak, Kulturaren Defentsarako Idazleen II. Nazioarteko Kongresuaren inaugurazioa dokumentatzeko. Handik, Kongresuarekin batera Madrilerantz norantza hartu zuen Tarok, eta Parisera itzuli zen Friedmann. Uztaila erdialdera, azken urtebetean egindako osteretan azkena egingo zuen Tarok Parisera, eta besteak beste, burutzera helduko ez zen planak itxi zituen lotuta kidearekin; Japoniak inbaditutako Txinara joatea adostu zuten, gerra hura ere dokumentatzera. Madrilera egingo zuen hurrengo bidaiatik, baina, ez zen berriz bizirik itzuliko.

Bruneteko bataila

Frankistek Madril eta penintsulako iparraldea estu hartuta zeuzkatela abiatu zen 1937ko uztaila –Bilbo frankisten atzaparretan erori berria zen ekainaren 19an, eta Santanderrekin (Kantabria) berdina gertatzear zela aurreikusi zitekeen–. Testuinguru horretan, Madrilen gaineko presioa ahuldu eta frankisten iparraldeko operazioa trabatu eta atzeratu asmoz, uztailaren 6an errepublikarrek ofentsiba abiarazi zuten Bruneten (Madril), Brigada Internazionalen babesarekin. Denborarik galdu gabe bertaratu zen Taro, eta errepublikarren garaipenaren testigu bilakatu; eguerdirako mendean hartuta zeukaten Brunete, eta hurrengo egunean askatu zuten faxisten atzaparretatik ondoko herria, Villanueva de la Cañada. A Brunete et a Villanueva de la Canada, villages reconquis. Un reportage photographique sensationnel de Taro (Brunete eta Villanueva de la Canada, berreskuratutako herriak. Taroren argazki erreportaje aparta) iragarri zuen Regards-ek.

BRUNETE | Ezkerreko argazkia erabili zen jendarteari egiaztatzeko errepublikarrek Brunete faxisten eskuetatik askatu zutela. Eskuinetara, goian, ustez Bruneteko Udaletxearen atarian, errepublikaren aldeko soldadu bat "Viva Russia" eta mailua eta igitaia margozten paretan, "Arriba España" dioen Falangearen pintaketa zirriborratu ostean. Behean, errepublikar soldaduak fusilak eskuan, eskuak altxata dituzten beste soldadu batzuei apuntatzen; errenditutako frankisten bandokoak dira, ondorioztatzekoa denez.

Gertakarion aurrean, Franco jeneralak iparraldeko operazioa pausatu eta Brunetera errefortzuak bidaltzea erabaki zuen. Ondorioz, hurrengo egunetan intentsitatez igotzen joan zen bataila, eta hilaren 12rako errepublikarrak ezin aurrera eginda geratu ziren. Matxinatuak Alemania eta Italiaren babesarekin ari ziren, Kondor Legioa eta Italiako hegazkin bonbaketariak airean zebiltzan; ilun begiztatzen zen zeruertza. Uztaileko bero sargoria atze-oihal, egoera gordinduz joango zen orduen eta egunen igaroarekin, eta uztailaren 18an frankistek azken egunetan prestatutako kontraerasoa abiatzeak sarraskiari bide emango zion. Egun solte batzuk Parisen bisitan pasa ostean, berriz hartu zuen Bruneterako bidea Tarok, batailaren azken fasea bere krudeltasun osoz dokumentatzeko. José Manuel Serrano Esparza fotohistorialariak bataila hartan Tarok egindako bidea berreraikitzeko ariketa egin du El rectangulo en la mano blogean, eta bertan azaltzen duenez, egoera belztu ahala behin baino gehiagotan gomendatu zioten Tarori handik erretiratzeko; fotokazetariak, baina, azkenera arte eutsi zion. Munduari erakutsi nahi zion Munduari erakutsi nahi zion Espainian ez esku-hartzeko nazioarteko akordioa Errepublika laguntza armaturik gabe uzten ari zela, kolpistek nazien eta italiar faxisten babes militarra zeukaten bitartean.

BRUNETE | Soldadu errepublikarrak atseden hartzen.

Serranoren kontakizunaren arabera, hilaren 23an erabaki zuen Tarok Brunete atzean uztea. Bertan geratzea arriskutsuegia zen, hain zen beltza egoera. Azken egunetan ondoan izandako Ted Allan kazetariarekin eta errepublikar soldatu talde batekin herritik aldendu zen, eta kilometro bateko distantziatik jarraitu zituen gertakariak; bonbardaketa uneetan lubakian gordeaz eta ahal zuenetan bertatik ateraz, gertatzen ari zena dokumentatzen jarraitu zuen. Hala eutsiko zioten hilaren 25eko eguerdian ofizial errepublikarrek alde egiteko agindu arte. Matxinatuek Brunete ia osorik hartua zuten, ospa egiteko unea iritsi zen. Taro eta konpainia bost kilometrora dagoen Villanueva de la Cañadarantza abiatu ziren, abiazio faxista zeruan bueltaka zebilen bitartean. Hala deskribatzen du Serranok momentuko izu giroa: “Errepidea eta ondoko landa eremua tropak daramatzaten ibilgailuz betetzen hasten dira; frenetikoki doaz ihesean, izuak hartuta. Batzuk errepidetik doaz, baina errepidea eta landa banatzen dituen ezpondatik doanik ere bada, eta horrek are kaos handiagoa eragiten du. Mundu guztiak nahi du salbu atera, errepide bazterrean zaurituta eta hilik dauden soldadu errepublikarren irudiak katalizatutako paroxismo klimaxaren baitan”.

Allanen testigantzan oinarrituz Serranok kontatzen duenez, bi kazetariek lortu zuten Villanueva de la Cañadara heltzea, eta bertan larri zaurituta aurkitutako soldadu bat tanke batera igo zuten, berau gertuko etxe batean inprobisatutako larrialdi postu batera eramateko. Han zirela, El Escorialera norantzan zihoan auto bat begiztatu eta gidariari har zitzan eskatu zioten. Autoak, baina, hiru zauritu zeramatzan atzekaldean, eta hortaz ointokira igota abiatu zuten ihesaldia. Kasik salbu zeudela gertatu zen ezbeharra: bat-batean, abiazioaren erasoari iskin emateko saiakeretan kontrola galdutako T-26 tanke errepublikarra agertu zitzaien bidean, autoa kolpatuz. Taro eta Allan hegan atera ziren, eta tankeak azpian harrapatu zuen lehena. Larri zaurituta eraman zuten El Escorialeko El Goloso ospitale ingelesera, baina ordu batzuen buruan hilko zen, uztailaren 26ak argitu baino lehen. Gerra bat jarraitu eta egiteko horretan hildako lehen emakumezko kazetaria bilakatua zen. Allanen arabera, bere karreteen inguruan galdegin zuen hil aurretik.

BRUNETE | Goian, errepublikar bat bonbardaketek eragindako hondakinen artean. Behean, kamioi bat sutan, eraso baten ondoren. Egunak pasa eta Bruneteko batailak aurrera egin ahala, irudi gordinak nagusitzen dira Tarok jasotako argazkietan, faxisten oldarraldiaren isla.
Martiri antifaxista izendatua izatetik, ahanzturara

Soinean identifikazio agiririk ez zuela iritsi zen ospitalera, eta hil ondotik Rafael Alberti eta María Teresa León Goyri-ri deitu zieten, hilotza errekonozitzera pasa zitezkeen galdeginez, inork hala egin ezean hobi komunera bideratu beharko baitzuten gorpua. Hala jaso ditu Albertiren hitzak liburuan Masperok: “Beheko solairuko gela huts batera pasarazi zigutenean, han begiztatu genuen Gerda Taro, Robert Caparen kidea; geuk bezalaxe, ukigaitza zela uste zuen neskato polita. ‘Txikiturik baina bizirik heldu zen –esan zigun erizaina zela uste dudanak–. Ebakuntza anestesiarik gabe egin behar izan genion, ez baitzitzaigun geratzen. Ordurako ezin zuen hitz egin. Zigarro bat eskatzeko keinua egin zuen, eta zigarroari amorruz haginka eginez hil zen, ebakuntzaren erdian”.

Bikoteak inprobisatutako egurrezko hilkutxa batean garraiatu zuen gorpua Madrilera, agur duina emateko. Leónek prestatu zuen gorpua, bandera errepublikar eta guzti, eta Aliantzaren egoitzako lorategian beilatu zuten; “soldadua bailitzan, egiazki eta eskuzabaltasunez horixe izan baitzen gure Errepublikaren defentsan”, Albertiren hitzetan. Ostean, Madriletik Valentziara garraiatu zuten gorpua, Errepublikako Gobernuaren egoitzara, ohorezko agurra egiteko. Handik Parisera eraman zuen Paul Nizan filosofo eta idazleak. PCF Frantziako Alderdi Komunistak martiri antifaxista izendatuta, abuztuaren 1ean hileta egin eta lurperatu zuten, bizirik balego 27 urte beteko zituen egunean. “Milaka pertsonek jarraitu zuten hilkutxa Père-Lachaise hilerriraino, eta hileta Espainiako Errepublikaren aldeko mitin bilakatu zuten”, dio Schaber-ek.

VALENTZIA | Herritarrak ezkerreko ukabila altxaturik, hildako Pavol Lukács jeneralari agur gisa. XII Brigada Internazionaleko burua zen Lukács.

Tamainako aitortzek ez dute libratu ahanzturaren kondenatik ordea. Gaur gaurkoz, bere heriotzaren 85. urteurrenean, ez baita gauza jakina XX. mendeko argazkilaritzaren izen prestigiotsuaren atzean bigarren pertsona bat ere gordetzen zela, Endre Ernö Friedmannetaz gain. Friedmannek Robert Capa sinadura erabiltzen jarraituko zuen hil artean, eta Taroren obraren zati handiak sinadura berbera izateak ez zuen lagundu haren ikusgaitasunean. Baina horrez gain, Radio 3-ko Efecto Doppler irratsaioan azpimarratu zuten bezala, arrazoi politikoak ere gordetzen ziren Taroren izenaren gainera lurra jaurtitzeko: “Ez zen gomendagarria Gerda Taroren izenari, komunismoari hain lotua, protagonismoa ematea faxismo urteetan, ezta gerora ere, Gerra Hotz garaietan” –adibidez, 1942an, Frantzia okupatuta zeukatela, naziek haren hilobiko hitzak ezabatu eta Alberto Giacomettik egindako eskultura hautsi zuten–. Ausartuko nintzateke esatera logika patriarkalak egin zuela gainontzekoa: Gerda Taro historiara pasatzekotan, Robert Caparen bikotekide gisa pasatzea eta ez beronen funtsezko zutabeetako bat bezala.

“Miseria anonimoen istorioa kontatzeko beharrizana daukat”, hala omen zioen orriotako protagonistak. Ironikoki, ahanztura zokoratua izanagatik, hein handi batean berak ere amaitu du miseria anonimo baten protagonista izaten. Hala bada, besteren zoritxarra ezagutarazten egindako lanaren ordain apal gisa, lerro hauek. Bere heriotzaren 85. urteurrenean, Gerda Taro eta bere obra itzaletik argitara eramateko eginkizunean oraindik bide dezente baitago egitear.


 

2018an Taroren azken argazkia izan litekeena argitaratu zuen Twitter bidez John Kiszely izeneko erabiltzaileak, jatorri hungariarreko Janos Kiszely medikuaren semeak. Irudian haren aita ageri da, Espainiako 1936ko gerrara Brigada Internazionaletako mediku gisa joana, zauritu bat artatzen; sudurretik eta ahotik darion odola garbitzen ari zaio hila dirudien emakumeari.

Txioaren erantzunetako batek argazkiko emakumea Gerda Taro izan zitekeela iradoki zuen, eta Kiszelyk argazkiaren atzealdean idatzita zegoena ezagutaraztean, hipotesiak indarra hartu zuen. “Frente Brunete junio 1937 (en Torrelodones). Mrs. Frank Capa of Ce Soire of Paris, killed at Brunete” (Bruneteko frontea, 37ko ekaina, Torrelodonesen. Pariseko Ce Soir-eko Frank Capa anderea. Bruneten hila). Hilabeteak, izendapenak eta kokapenak ez dute kointziditzen. Halere, lehen biak errakuntzaren ondorio izan daitezke, eta kokapenak ez dauka zertan oker egon; Brunete en la memoria (Brunete oroimenean) elkarteko ikerlari Sven Tuytens eta Ernesto Viñas-ek Públicon adierazitakoaren arabera, anbulantziek egiten zuten El Escorial eta Madril arteko ibilbidean zegoen Torrelodones, eta posible da behin hildakoan gorpua bertara lekualdatu izana. “Argazkiak hala adierazten duela dirudi, Kiszely doktoreak daraman amantalak kirofanokoa baino gehiago gorputegikoa baitirudi (…) (zaurituaren) eskuen posizioak eta arropa odoleztaturik ez egoteak adieraz dezake Madrilera lekualdatzeko prestatzen ari zirela gorpua”.

 

1995ean, 1936ko gerran ateratako eta hainbat hamarkadaz desagertuta egondako 4.500 negatibotik gora agertu ziren Maleta mexikarra izendatutako hiru kaxatan. Taro, Friedmann eta Chim-en argazkiak ziren, desagertutzat jotakoak. 1939an, naziak Frantzia okupatzear zirela, hiru argazkilariek elkarbanatzen zuten Parisko Froidevaux kaleko Atelier Robert Capa-tik atera zuen eduki hori guztia Imre Csiki Weisz-ek. Laguna ez ezik, Atelierreko laguntzaile ere bazen Csiki, eta ihesari eman aurretik –hura ere hungariar errefuxiatu judua baitzen– material grafiko historikoa salbatzeko saiakera egin zuen. Kasik 60 urte beranduago, Mexiko Hirian antolatutako Robert Caparen erakusketa bat ikusten ari zela, paretako argazkiei herentzian jaso eta etxean zituen hiru kaxetakoen tankera hartu zien Benjamin Tarver izeneko bisitariak. Erakusketako antolatzaileak zur eta lur geratu ziren etxean gordeta zuena erakutsi zienean: parez pare zuten galdutzat jotako altxorra. 2007an International Center of Photography-ri esleitu zizkion negatiboak.

Negatibo horietako asko Robert Capa izenez sinatuak daude, baina 800 inguruk Taroren sinadura daramate. Valentziako eta Cordobako fronteetan, Navacerrada eta inguruetan, eta Bruneten ateratako argazkiak dira. Lagin aberatsa osatzen dute argazkilariaren lan egiteko modua aztertzeko, eta Robert Capak sinatutako argazkien artetik bereak izan daitezkeenak identifikatzen laguntzeko.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2022
Rafael Poch de Feliu (Geopolitikan aditua)
"Gerra nuklear batek irekiko lizkiguke begiak, akaso"

Kezka sumatzen zaio Rafael Poch de Feliuri elkarrizketan. Diosku, besteak beste, gerra nuklearraren arriskua erreala dela, gainbeheran dauden inperioek sarraskiak egiteko joera historikoa dutela eta Mendebaldean bide horretatik goazela, Txinaren eta AEBen artean akordiorik ezean... [+]


Durangoko herejeak
Disidentziaren mendetako aztarna

Durangaldean XV. mendean sortu zen heresiari erantzunez, Espainiako inkisizioak hango herritarrak –batez ere emakumezkoak– hamarkadatan eta mendetan jazarri zituela diote ikerketa berrienek. Kasuak agerian utzi du botere erlijioso eta politikoak disidenteen beldur... [+]


2022-08-18 | Peru Iparragirre
Henry David Thoreau
Bizitzaren muinaren bila


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


Eguneraketa berriak daude