Faxismoari nola aurre egin eta nola irabazi, herenegun, gaur eta etzi


2022ko abuztuaren 19an - 12:54
Irudia: Paula Estévez

"Halako batean milaka eta milaka pertsona lerratu ziren, modu masiboan, faxismorantz. Babesleku bihurtu zen politikoki etxegabe zeudenentzat, deserrotu sozialentzat, existentziaz gabetuentzat eta desengainatuentzat”. Horrela mintzatu zen Clara Zektin faxismoaren masibotasunaz 1923ko ekainaren 20an Internazional Komunistaren Batzorde Exekutiboaren Hirugarren Osoko Bilkuran, Mussolini Italiako Gobernura iritsi zenetik urtebete ere igaro ez zela.

Ehun urte joan dira geroztik, eta Italiako faxismo hartatik edan zuten bestelako ideologia eta erregimen politiko erreakzionarioen jaiotza, garapena eta gainbehera ere historia liburuetan, eta pairatu eta borrokatu zituen jendearen eta haien ondorengoen memorietan gordeta geratu da.

Ehun urte atzera egitea, gaur egunetik, ariketa zaila eta interesgarria da. Orduko testuetan murgiltzean kontuz ibili behar da gaur egun ezagunak iruditzen zaizkigun gertakariak eta ikuspegiak topatzean gauza bakoitza bere garai historiko eta politikoan kokatzearekin. Baina beti da aberasgarria jatorrizko iturrietara jotzea, orain historia gisa irakurtzen duguna egunerokotasun zutenen hitzetan irakaspenak bilatzea.

Faxismoaren oihartzunak iristen zaizkigu oraindik ere, are gehiago krisi garaiotan. Faxismoarekin antzekotasunak izan ditzaketen pentsamoldeak eta ikuspegi politikoak ez dira ezohikoak, faxismo osteko ideologia erreakzionarioak edo horiek gaur egun aldarrikatzen dituzten neofaxismoak ugari baitira.

“Faxismoa babesleku bihurtu zen politikoki etxegabe zeudenentzat, deserrotu sozialentzat, existentziaz gabetuentzat eta desengainatuentzat”
Clara Zetkin

1920ko hamarkadan asko idatzi zen, nola ez, faxismoaren inguruan. Asko hura modurik zehatz eta zuzenenean aztertzen ahalegindu ziren, haren aurka egin eta irabazi ahal izateko. Gero gertatutakoa historia da eta, hain zuzen ere, horregatik da funtsezkoa ezagutzea. Clara Zetkinek 63 urte inguru zituen Italian faxismoa gailendu zenerako, eta ibilbide esanguratsua egina ordurako. 21 urterekin egin zuen bat Alemaniako mugimendu sozialistarekin, 1878an. Urte horretan, Alderdi Sozialdemokrata legez kanpo utzi eta sozialismoaren alde mintzatzea zigortzen zuten legeak sartu ziren indarrean herrialdean. 1891n emakume langileei zuzendutako SPDren Die Gleichheit (Berdintasuna) egunkarian editore lanetan hasi zen eta 1907an emakume sozialisten nazioarteko mugimenduaren sorreran paper garrantzitsua bete zuen.

1914an, SPDk gerrako kredituak onartu zituen, herrialde barruko bake sozialerako adierazpena eginez. Errealitatean, baina, beste herrialdeetako langileen aurkako gerra adierazpena zela salatu zuen Zektinek, Rosa Luxemburg haren gertuko kidearekin eta alderdiaren ezkerreko ildoko beste hainbatekin batera. Alemaniako Alderdi Komunistaren muinean egon zen Liga Espartakista mugimendu klandestinoan aritu ziren.

Zetkin Weimarko errepublikako Reichstageko parlamentaria izan zen 1920tik aurrera KPDren izenean, eta 1921etik aurrera Internazional Komunistako batzorde exekutiboko kidea. Egin zituen lanen artean dago hasieran aipatu dugun Internazional Komunistaren Batzorde Exekutiboaren Osoko Bilkurarako idatzitako ebazpena, eta faxismoari buruzko beste testu batzuk.

Mike Taber eta John Riddell historialariek Zetkinek faxismoari buruz idatzitako testuak bildu eta liburu txiki bezain mamitsua osatu dute: Faxismoaren aurka borrokan. Nola aurre egin eta nola irabazi. Maialen Berasategi Catalanek ekarri ditu euskarara Zetkinen testuak eta Taber eta Riddellen sarrera eta azalpenak, eta Katakrakek argitaratu ditu. Horrela diote editoreek liburuaren sarreran: “Hitz gutxi daude faxismo hitza bezainbeste erabiltzen direnak eta era berean hain gutxi ulertzen”. Ulermen horretan sakontzeko balio dute liburuan jasotzen diren Zetkinen testuek.

Lehen Mundu Gerraren osteko Italian zegoen krisi sozial betean topa daiteke faxismoaren jatorria. Benito Mussolinik sustatutako Fasci Italiani di Combattimento delakoa proletalgo antolatuaren garapenaren kontrako erreakzioa izan zen. Garai hartan, Errusiako Iraultza gertu izanik, Internazional Komunistako kide zen Italiako Alderdi Sozialista botere politikoa hartzetik gertu egon zitekeelako ustea zabalduta zegoen. Indar militante handiarekin, aurrerapausoak ematen ari zen Italiako langile mugimendu iraultzailea. 1920ko irailean milioi erdi langilek, metalgintzako beharginen bideari jarraituz, Italiako fabrikak hartu zituzten, ekoizpena fabrika kontseiluen arabera antolatzen hasi ziren, eta hainbat lekutan Guardia Gorriak antolatu zituzten okupatutako fabrikak babesteko. Greba eta okupazio horiek trenbideetara eta bestelako sektoreetara hedatu ziren eta nekazari txiroak ere lurrak okupatzen hasi ziren. Taber eta Riddell historialarien arabera, itxura iraultzailea hartzen ari zen egoeraren aurrean beldurtuta eta zer egin ez zekitela geratu zen Italiako klase kapitalista eta gobernua.

Hilabete inguru iraun zuen egoerak, baina, azkenean, Italiako Alderdi Sozialistak eta haren mendeko sindikatuak kapitalistek desesperazioz egindako promesen truke fabrikak husteko erabakia hartu zuten. Kapitalismoaren amaiera gertu ikusten zuten langileek fabrikak utzi behar izan zituzten hala, Taber-ek eta Riddell-ek kontatzen dutenez, eta, hain zuzen ere, mugimendu horren porrotak lur-jota utzi zuen langile mugimendua. Testuinguru horretan indarra hartu zuen Mussoliniren faxismoak, kideak bilduz eta langile mugimenduaren aurkako erasoak ugarituz. Horretarako, kapitalisten dirua eta Poliziaren eta Italiako estatuaren babesa zituzten faxistek. 1922ko urrian bilakatu zen Mussolini Italiako lehen ministro, eta ordurako masa mugimendua zen faxismoa. Behin botere politikoa eskuratuta sindikatuak eta langileen antolakunde independenteak deuseztatzeko azken kolpeak eman zituen Mussolinik.

Clara Zetkin Martxoaren 8 batez jendaurrean hizketan.

Zetkinen aburuz, kapitalismoaren krisi ekonomikoan eta estatu burgesaren desegitean daude faxismoaren sustraiak. Krisi garaietan proletalgoa are gehiago pobretzen da, eta masa burges txiki eta ertainak proletarizatzen dira. Horren aurrean, kapitalismoa gainditu eta gizartea berrantolatzeko zeregina du langile mugimendu iraultzaileak. Asmo horren porrotak sozialismoarekiko desatxikimendua ekarri zuen Italian, lehenago politika erreformisten mugek haiekiko desatxikimendua ekarri zuten bezala. Gainera, ordena kapitalistaren endekapenak mehatxatzen dituen gizarteko kapa burges txikientzat bereziki erakargarria da, haien existentziarako segurtasuna bermerik gabe ikusten baitute. Klase kapitalistaren babesa ere eskuratzen du mugimendu faxistak momentu batetik aurrera, iraultza proletarioaren aurka eta boterean mantentzeko estatuaren ohiko tresnez haragoko arma gisa ikusten baitu.

Zetkinek dioenez, demagogia antikapitalista darabil faxismoak masak bereganatzeko, hasieran, nahiz eta une batetik aurrera burokratizatu eta eduki demagogiko hori lausotzen den. Bestalde, nazioa indar sozial guztiak batzen dituen komunitate gisa eta estatua ideal faxistak ezartzeko tresna gisa aurkezten du mugimendu faxistak, klase kontraesan eta interes guztien gainetik kokatuz biak, elementu bateratzaile gisa.

Faxismoaren aurkako borrokan enfasia autodefentsan jarri zuen Zetkinek, batez ere proletalgo antolatuaren klase borrokaren indarra azpimarratu zuen, segurtasun fisikoa eta antolakundeen biziraupena bermatzeko. Aldi berean, faxismoaren erakargarritasuna politikoki ere borrokatzeko beharra jarri zuen mahai gainean, klase ertaina ere interpelatu behar zela esanez. Zentzu horretan, faxismoa fenomeno militar gisa soilik ikustea akatsa zela idatzi zuen, alde politiko eta ideologikoari ezikusia egiten baitzitzaion hala. Faxismoari aurre egiteko langileen fronte baten beharra azpimarratu zuen: “Faxistei gauza bakarra axola zaie: klase-kontzientzia duen proletario bat aurkitzen badute, hura txiki-txiki egitea”. Zetkinek ia ezinbestekotzat jotzen zuen faxismoa garaitu ahal izateko langileen eta nekazarien gobernu bat, kapitalismoaren krisi sozialari erantzun bat emateko burgesiari boterea kenduko diona.

Esan bezala, gaur egun ere faxismoaren –edo bestelako ideologia erreakzionarioen– mehatxua ez da baztertzekoa. Krisi garaiak bizi ditugu, eta ikusten ari gara krisi ekonomikoak gehien kaltetzen duena berriz ere pobretzen ari den proletalgoa dela eta ongizate estatuaren abaroan egonkortutako klase ertaina desegiten ari dela ongizate estatua desegiten ari den bezala. Duela mende bateko eta gaur egungo egoerak konparatzea ez da erraza, baina badago elementu bat oso desberdina dena, eta hori da langile mugimendu iraultzailearen erabateko desagerpena. Orain are lan handiago eta beharrezkoagoa da Zetkinek 1923ko txostenaren amaieran idatzi zuena: “Proletario guzti-guztiek sentitu behar dute zerbait gehiago direla soldatapeko esklabo hutsak baino, kapitalismoaren eta autoritateen ekaitz-erauntsien mende dauden jostailuak baino. Klase iraultzaile baten parte direla sentitu eta ulertu behar dute”.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2022
Rafael Poch de Feliu (Geopolitikan aditua)
“Gerra nuklear batek irekiko lizkiguke begiak, akaso”

Kezka sumatzen zaio Rafael Poch de Feliuri elkarrizketan. Diosku, besteak beste, gerra nuklearraren arriskua erreala dela, gainbeheran dauden inperioek sarraskiak egiteko joera historikoa dutela eta Mendebaldean bide horretatik goazela, Txinaren eta AEBen artean akordiorik ezean... [+]


Durangoko herejeak
Disidentziaren mendetako aztarna

Durangaldean XV. mendean sortu zen heresiari erantzunez, Espainiako inkisizioak hango herritarrak –batez ere emakumezkoak– hamarkadatan eta mendetan jazarri zituela diote ikerketa berrienek. Kasuak agerian utzi du botere erlijioso eta politikoak disidenteen beldur... [+]


2022-08-18 | Peru Iparragirre
Henry David Thoreau
Bizitzaren muinaren bila


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


Ibilbide geologikoak (V)
Toloño: faila erraldoi bat Pirinioen mugan

Arabako Errioxako lurretan mahasti onenak hazi eta ardoak gustuz ontzen badira, ez da soilik mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi kultur transmisio baliotsu batek iraun duelako; duela milioika urte izandako gertaera tektoniko baten ondorioz ere bai.


Eguneraketa berriak daude