Nigan geratu zinen

Irudia: Dom

2022ko abuztuaren 16an - 06:05

'Iritsi zara’, esan diot, urrutira, atartetik. Hesiko atea zabaldu du eta ingurura begiratzen hasi da, txakur baten agurra oldarrean irits dakion esperoko balu bezala. ‘Bakarrik bizi naiz, lasai’, esan diot. Geldi itxaron dut, horma zurian bermatuta, besoak bularrean bilduta harenganantz egiteari eusteko. Hurbiltzen eta hurbiltzen doa eta bere beso artean nago bat-batean. Luzatu egin dira oraindik oroitzapenetan baino kokatzen ez ditudan beso fin horiek nire enborraren inguruan, ezker eskua nire gerrikoaren gainean eragiten, ezbaian.

Banatu garenean Ireneren irribarre zabal jakitunak ez du zimur- eta betazpi-oldea estali: azalean pilatu zaizkio azken urteetako egun guztiak. Ezpainak ilun daramatza, gogoratzen nizkion more berberean, azken aldiko argazkietan gorri bizi ikusi dizkiodan arren. Mamu itxura ematen dio kontrasteak eguzkipean, baina aurkitu ditut bere begiak azkenean, urdin jelatu hori.

* * *

‘Hemen egingo duzu lo’, esan diot, aurreikusi baino kolpekoago, besoa zurezko ate irekian luzatuta. Maletaren gurpilen tarra-tarra lurrean, maite dudala badakien ume-ibilkera ezaxola hori.

‘Eskerrik asko’, esan dit ohe parera iritsi denean. Betazalak erorita begiratu dit, ahoa doi bat irekiz, esperoan bezala. Minutu bi dira ailegatu dela eta hirugarrenez errepikatu du eskertza.

‘Ez dago zergatik’, esan diot nik berriz, eskutokiari tira egin aurretik.

Gelatik atera eta ondoko atetik sartu da Irene, komunera, pauso geldoan, nezeserra eskuan. Itzuleran burua altxatu eta niganantz begiratu du, egongelan egur gris urdinkarazko armairuaren aurka paratuta nagoela. Ukitu berri du ile gorria: orratz batean bilduta daramatzan xerloak definituagoak dira orain. Ispiluaren aurrean egingo zuen, hirugarren edo laugarren saiakerarekin konforme geratu arte.

‘Martina’, esan dit, nire arreta deitu beharko balu bezala, pisuz. ‘Ederra da etxea'.

* * *

‘Oinez joan gaitezke orduan?’, galdetu dit, sarrailan giltza itzularazten dudan bitartean.

‘Bai, ordu erdiz oinez egitea inporta ez bazaizu’, erantzun diot, buelta emanez. ‘Taxia har dezakegu itzultzeko, edozer dela ere'.

Nigandik hiru-lau metrora dago, etxeari parez pare, eta ingurua aztertzeko burua mugitzen duenean une batez moteltzen du mugimendua, harrapatzen nauen angeluari eusteko.

‘Laranjondoa eta… olibondoa, ezta?’, esan dit, atera daraman xenda inguratzen duten bi zuhaitz adar-zabalei begiratuta.

‘Hori da’, esan diot. Zuhaitzen ondotik aurrera egin eta bigarrenaren ondoan geratu da, eta era automatikoan jarraitzen diot, haren ostean aurkitu dut neure gorputza.

Adar horitu baten azpian gelditu eta eskua luzatu du. ‘Zer du?’, galdetu du, lepoa niganantz biratuz.

‘Gaixorik dago’, erantzun diot, enborrean bermatuta. Hurreratzeko urrats batzuk atzera egin eta besoa adar zabala jaiotzen den lekuan pausatu du, nirearengandik hurbil. Txinparta baten hasiera nabaritu dut hesteetan, behinolako korapiloaren gogorarazpen. Beste bat beherago, sabelazpian.

Inertziak eskumuturretik tira egiten dit; arnasari eutsi diot, gihar oroz kontzienteegi bat-batean. Begirada enborretik goratu duenean ezpainak busti ditu, eta ia ikusi egin dezaket bere ahoa arnas bila. Bularra puzten zaio. Baina beroa egiten du eta ez dut mugitzeko imintziorik egin, hortzak estututa, Irenek zuhaitzaren larrua laztantzeko besoa gora eta behera eraman duenean ere. Bera neurritsua izan da beti, diskretua, balizkoa. Zentimetro batzuetara geratu da.

* * *

‘Irakasteari heldu diot berriz, azken hiruhileko honetan’, azaldu dit hirira bidean. ‘Ia bi urte osoz egon naiz bajan. Baina gogo handiagoz itzuli naiz orain’. Ez dut lortzen fokua bere berbaldi melodikoan mantentzerik; haria galtzen dut eta ulertu ez banu bezala galdetu behar diot zer esan gura zuen. Jada ez zait askorik axola galdetzea.

‘A. Zer dela eta baja?’

‘Garai gorabeheratsua izan da. Hipertiroidismoa aurkitu zidaten. Kostatu zitzaidan diagnostikoari aurre egitea, nahiz eta aldi berean horrek aldartearen desegonkortasuna azaldu'. Oihalezko poltsa zuriaren heldulekuarekin jolas egiten du. ‘Arraroa da, norbere arazo emozionalak eduki eta bat-batean halako kontu tekniko, objektibo bati aurre egin behar izatea. Uste dut lehen sinetsia nuela nire esku zegoela nire egoera aldatzea. Baina, aldi berean, ez nuen egiten. Neuk aukeratutako arazoetan itotzen nintzen'. Inguruko landak ordezkatzen ari diren eraikinetatik niganantz aldatzen du fokua tarteka. ‘Errazagoa da erlatibizatzea orain. Baina mugak hor daude'.

‘Oi. Sentitzen dut’, esan diot, esateko besterik formulatzeko ezgai.

‘Barkatu, luzeegi hitz egin dut’, hasi da berriz, burua lurrerantz zuzenduta. ‘Ez dakit zergatik kontatu dizudan hau guztia. Inor gutxik daki'.

‘Lasai'.

‘Eta zu, zer moduz? Nola hartu zaitu hiriak?’, galdetu dit, aurreko berbaldiaren tonu itoari guztiz ihes egin ezinik.

‘Ondo. Hemendik hurbil bizi nintzen lehen, hain zuzen ere’, iparralderanzko norabidea adierazi dut eskuaz. ‘Baina ordu gehiago eman zizkidatenean oraingo etxera aldatu nintzen. Merke erosi nuen eta nik neuk egin konponketa. Oraindik ez da bikaina, baina bai nahikoa. Eta zer egina ematen dit’.

‘Unibertsitatean egingo dugu topo berriz, bada’, esan dit.

Baiezkoa izan daitekeen soinu bat baino ez da izan nire erantzuna. Isilik geratu da, berak eskainitako haria korapila dezadan zain, nonbait.

* * *

Zortziak pasata iritsi gara hirira baina ekaineko beroak ez du amore emateko zirkinik egin. Argi saihetsezina birsortzen dute etxeen horma zuriek, uda soinua du hizkuntzaz aldatzen doan berbaroak. Andaluzian baino ezagutu ez dudan uda bat da, udaberriko jasminaren azken hatsei laranjondoen izerdia ematen diena, bigarren egunak diren gauak baino gordetzen ez dituena.

Ireneren larruzko sandaliek soinua ateratzen dute tarteka harrizko zoru irregularrean; erreka-ertza atzean utzi dugun honetan hotsak lekua egiten du hiriaren zurrumurru apalduan zehar.

‘Lagun asko dituzu hemen?’, galdetu dit, eguzkitako betaurrekoak niganantz biratuta.

‘Asko zeri deitzen diozun…’

‘Bertakoak dira?’, aldatu du galdera, doinuari eutsita.

Gehienak unibertsitatearen bidez ezagututakoak direla erantzun diot: inoiz hitzaldi edo enkargu puntualen bat egindakoak, lankideren bat, ikasle ohien bat.

‘Noski, gaztea zara eta’, erantzun dio azken horri.

Ezin izan diot barreari eutsi; hots sudurkari entzungarri bilakatu zait. Erantzun posibleak sekuentzian pasatu zaizkit burutik, joaten utzi diet. ‘Hemen ez dago militantziarako halako ohiturarik’, aldatu dut gaia. ‘Talde feministaren bat, espazio okupaturen bat. Lagunen bat badut bertan, baina ni periferian geratu izan naiz’, azaldu dut. Hitzek arrastoa utzi didate ahoan: luzeegi berba egitera eraman nau ukoak.

‘Ai, are Lorcarragoa bilakatuko zinen bost urte hauetan, ez da hala?’, esan dit San Nicolasen behatokira iritsi garenean. Turista-aldra txikiek inguratzen gaituzte han-hemen. Eskaileren bukaeratik plazaren ertzera egin du bidea, eskua murruaren gainetik paseatuz harriaren azalean zerbaiten bila legez.

Murruan eserita dago dagoeneko behatokiaren ertzera iritsi naizenean. Oinek pisua hartu didate pauso bakoitzean, kostata noa bere atzetik, burua parekoari nekez zuzenduz.

Bere ondoan eseri naizenean lepoa tolestu du niganantz, zimur berrien artean betiko markak agertu zaizkio irribarrearekin batera. Gora eta behera egin dute bere begiek nire azalean eta isilunea hezeegi bilakatu da kolpez. Hortzeria zuriegia ezkuta dezan nahi dut, azalera iristen ari zaidan izerdi-geruza geldiarazi. Baina ez daukat zer esanik, hitzek ez didate bor-bor egiten. Larrua gogorregia dut lur hartzen hasi den eguzkiaren pean, hezurren formek lekua hartzen didate giharren gainetik. Uneka joan naiz husten, ondoz ondo oinez hasi garenetik.

‘Egona izango zara Alhambran, ezta?’, galdetu diot. Arrapaladan isuri dizkiot hitzak isiltasunari. Galdua da berbaldirik ezak erditutako hizkuntza hura.

‘Bai, pare bat aldiz. Rafarekin etorri nintzen azken aldiz, duela hiru bat urte’. Izena azkar ahoskatu du, gezi itxurako kutsu ezaxolaz. Burua okertu du pixka bat. Ez du gehiagorik esango.

‘Zelakoa izan behar da halako etxe batean bizitzea’, jarraitu dut nik. ‘Neguko etxetik udakora aldatu eta lorategietatik ahal bezainbeste edertasun xurgatu beste ardurarik eduki barik'.

Pentsatu egin du une batez. ‘Deprimentea litzateke’. Hankak murru gainean kiribildu eta eskuetan bermatu da, enborra atzera botata. ‘Pentsatzeko denbora gehiegi'.

‘Ez pentsatzen ere ikasi egiten da’, esan diot, begietara.

‘Edo itzuri egiten’, bukatu du.

Inor ez dago korapiloak askatu guran hari oro gehiago nahastera betiko kondenatua, esan nezake. Baina agian ez da hala. Akaso aldatu nahirik ez edukitzea bera bada kondena. Ez du merezi.

‘Rafarekin utzi nuen, badakizu’, esan dit. ‘Duela bi urte inguru’. Ezker besoan jarri du pisua, nire ondoan daukanean, eta bisaia goratu, betileen azpitik so eginez. Hau nintzen ni lehen; informazio honen aurrean bularra kolpeka sentituko lukeen hori.

Begi urdinak zorroztuegi dauzka, begirada aldenarazten didate ikuspegiari hondoa ematen dion teila marroi-laranja eta horma puruen itsasora, non Ireneren figura hotza inguruarekin talka egiten duen agerpen anakroniko bat baita. Inoiz pentsatu nuen halako zerbait litzatekeela paradisua, gorputz hauskor bezain zut hau nirearen ondoan eta biok bat bezala tratatuko gintuen paisaia arrotz bat. Baina bera iraganean iltzatuta dago eta ni argazkiko elementu bat gehiago naiz. Eta biok gara arrotzak.

Ez jarraitzeko esan gura diot, ez dudala jakin nahi, ezin dudala utzi bere ahotsaren zama haragian hondora dakidan. ‘Ez nekien’, esan dut azkenean, ahotsa desegonkor. Bera aldendu egin da osteko isilunean.

Noizbait biok jaiki eta afaltzeko lekua bilatzea erabaki dugu: behatokitik aztertutako arkitektura islamiarra imitatzen duen jatetxea. Barnealdean eseri gara eta plazako nerabeek plastikozko sardexkekin jaten duten jaki antzekoak eskatu ditugu, prezio bikoitzean buztinezko plateren truke.

Mahaiaren ertz banatan eseri gara, elkarri begira. Berak proposatu du partekatzeko eskatzea jatekoa. Zerbitzariak edatekoa hartu digunean Ireneri baino ez dio guapa deitu. Berak arnasa sakon hartu eta begiratu egin dit, lepoko giharrak tenk ikusten dizkiot. Nik irribarrea eskaini diot hortzik erakutsi gabe. Berak ez daki urteak direla halakorik esaten ez didatela, ez daki noiz moztu nuen ilea, noiz utzi nion soinekoak janzteari.

Langileak alde egin duenean ezpainak bihurritu ditu. Eskua luzatua du mahai gainean, trazu irregularretan moztuak azkazalak.

Janaria ekarri digutenean astiro atera ditu puska txikiak parean daukan plater zuri-urdinera. Mahai gainean du eskuin eskua oraindik eta platerekoa sardexkan iltzatzen dabilela bere enborrera hurbiltzeko bidea egiten dio ukalondoak, baina ohartzen denean luzatu egiten du berriz, ziklikoki, denboran hedatzen den tik geldo bat bezala. Pareko mahai ertzean ditut nik paratuak besoak, hatzak mantelaren ertzeko joskurari eragiten.

‘Zita asko ekartzen dituzu hona, ala?’, galdetu dit, begiez ingurua adierazita. Nekea ahotsa hartzen hasi zaio, indarra galdu du haren tonuaren zirika jolastiak.

‘Asko? Ez’, erantzun diot. ‘Aldatzen joaten naiz, ez dut formula bakarrean sinesten’. Zauri bat egin dut ahoaren barrualdean, haragiari hortz artean eraginez, baina arnasaldiak luzatzen saiatzen ari naiz.

‘Ez da leku txarra’, epaitu du. Duela zortzi urteko neskatoa nahi du, bere hitzen zirrikituak iradokizun agerikoekin zabaltzen zituena, masailak gorritzen zizkiona.

‘Ez da askorik arduratzen nauen zerbait’, esan diot.

‘Ez duzulako zita txukunak antolatzearekin arduratu beharrik'.

Barre-imintzioa atera zait, pentsatzeko aukera eduki aurretik. Bekainak goratu ditut, inguruko mahai hutsetara begiratuz. ‘Horretan ikusten nauzu, ezta?’

Berriz zuzen jarri naizenean gora eta behera egiten dio bularrak, hortzeria estutzeak muino ñimiñoak atera dizkio matrailezurraren ertzetan.

‘Ez naiz edonorekin zurekin nintzena, badakizu’, esan diot.

Sardexka biratu du atzamar artean. ‘Eta non geratu da hori orain?’, esan du, eztarritik ateratako ahotsarekin. Nik ere egin nezake galdera hori. Baina ez du erantzuteko modukoa irudi. Isilik geratu naiz.

‘Nigan geratu zinen, entzun?’, esan du, eta entzuten ari naiz baina kostatzen zait hitzak haien esanahiekin lotzea. Esku ahurreko azala atzamar artean deformatzean nabaritzen dudan min xaloari zuzendu natzaio.

‘Zer da nahi duzuna?’, atera zait. Zabal-zabal egin zaizkio begiak; kontzienteki egin diot bultza gazteluaren oinarriko piezari eta orain eraikuntza guztia lehor erortzen ari dela ikusten ari naiz.

* * *

‘Gauza gehiegi’, esan dit.

Horren ostean ukigarri bihurtu da gelako airea, esan eta galde genitzakeen guztiek gure inguruan igeri egingo balute legez.

Postrerik eskatu gabe atera garenean eguzkia joana da eta pozik hartu dut gau lehorrak eragindako oilo-narrua. ‘Hemendik’ eta ‘handik’ joan beharra dugula esateko baino ez dut ahoa irekitzen, eta Irenek zeruari begiratzen dio, bariku gauez terrazen inguruan jolasten duten haurrei, desorientazioan eroso diruditen turistei.

‘Izar asko ikusten dira’, esan du, kale habitatuak uzten ari garela, hirigunetik ateratzeko. ‘Hiria izateko'.

‘Zer ordutan duzu hitzaldia bihar?’, galdetu diot nik. Harea eta hartxintxarrezko lurrari begira noa oinez, eskuak poltsikoetan.

‘Lauretan da, baina ordu erdi lehenago egon behar dut bertan’.

‘Ados, eroango zaitut’, esan dut.

‘Hartuko dut taxia, lasai’. Hizkera monotonoa du orain.

‘Tira, nire etxean geratu eta taxian ibiliko zara gora eta behera? Eroango zaitut. Entzutera geratuko naiz’, esan diot, erdi-irribarrez, kopeta goratuta. Aurretik dugun bidea oso-osorik irudika dezaket eta hesteetan behera sumatzen ditut aurreko orduetako begirada aldendu eta ezpain zimurtu guztiak, eman diodan ezezko bakoitza nik neuk irentsi banu bezala. Baina pauso batzuk aurrera egin eta besaurretik heldu dit, bereganantz biratzeko biok aurrez aurre egon arte. Harritu egin nau bere ukituaren berotasunak nire azalean.

Bere begi argiak bi putzu dira landaren iluntasunean, zulo bat erdian. ‘Eskerrik asko guztiagatik, Martina’, esan dit. Dardaraka du ezpaina eta galdetu nahi diot ea benetan dagoen eskertuta, nire etxeko atea irekiagatik beste guztiak itxi badizkiot. Nirerantz zuzendu du bere aurpegia, kristalezkoa dauka soa. Poltsikoak txiki geratu zaizkie nire eskuei, bere masaileko erliebe berria bilatu nahi dute. Musu eman niezaioke orain, beste ni baten ametsari tira egiten saiatu. Martina maitemindua, Martina ikaslea, Martina gazteegia, Ireneren azalpenen joskuretan galtzen zena, bere eskuen keinuetan, betetako ikasgela batean berak ezkutuan bidalitako irribarreetan.

Baina zer, orduan? Oheratu egingo ginateke? Bada nahikoa, neure baitako memoriekin oheratzea. Urrats bat egin dut atzera, besoa askatu dit. Unea hautsi da eta biratu egin gara berriz, aurrera begiratzeko.

* * *

Etxera iritsi garenean ez dezaket esan zenbat denbora hartu dugun oinez. Arinegia dut burua eta kolpez eseri naiz egongelako sofan.

Atzetik etorri zait Irene, makurtu eta ezpain umelak masail eta belarri artean pausatzera. ‘Gabon’, esan dit. Isilik geratu naiz. Hor dago berriz, burua itzultzeko bulkada ezaguna.

 

[Testu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude