"Pinudiena lehen sektoreak bizi duen egoeraren metafora da"

  • Otsailaren 5ean, Aitziber Sarobe biologoak eta Naturkoneko kideak hitzaldia eskaini zuen Soraluzen Gipuzkoarako baso politika berri bat izenburupean. Hizketagai izan zituen pinuaren gaixotasuna eta basogintzaren krisia, eta eman zituen "gertatzen ari dena ulertzeko gakoak".


2019ko otsailaren 06an - 09:16
Aitziber Sarobe (argazkia: Plaentxia.eus).

Zer da Naturkon?

Gipuzkoako talde naturzale eta ekologista guztiak biltzen dituen elkartea da. 2011n sortu genuen. Aldundian sartu zen gobernuak aldaketa agindu zuen eta gu prestatu ginen aldaketa horretarako. Garai hartan hausnarketa bat egin genuen: “alternatiba bat eskaini behar dugu hainbat arloren inguruan: basogintza, ehiza, bioaniztasuna…” Baina gobernu berria iritsi zenean, dena stand by gelditu zen.

Zein da zuen iritzia pinuaren gaixotasunak sortu duen egoeraz?

Orain dela hamar urtetik bagenekien eszenatoki honetara gentozela, bai guk eta baita sektoreak ere. Arazoaren dimentsioak harritu ditu batzuk, ezin izan delako gehiago ezkutatu. Azken batean, azpian, landa eremu osoaren krisia dago. Gero eta urrutiago bizi gara baserri mundutik eta pinudiek erakusten dutena landa-eremuak eta lehen sektoreak bizi duen egoeraren metafora da.

Pinuak diru asko eman du eta espezie bezala eskerrak besterik ez zaizkio eman behar. Baserri asko berritu dira pinuari esker. Pinudien kudeaketa-eredua da arazoa.

Azken asteotan egoera zerbait lasaitu da, ezta?

Ez nuke esango lasaitu denik. Udaberrian arazoa areagotu egingo da. Seguraski jendea ohitzen ari da. Baina arazoak okerrera egingo du eta administrazioak eskuartean darabiltzan erremedioek ez dute inolako konponbiderik ekarriko. Kaltetuta dagoena ezin da bere onera ekarri eta arriskuan dagoena gaixotzen joango da. Honek ez dauka atzera bueltarik.

Basogintzaren industriak zer paper jokatzen du?

Azken berrogei urteotan basoa bideratu da egur merkea ekoiztera eta interes hori ordezkatzen duen taldea da Basquegur. Gaur egun, zoritxarrez, eurek bideratzen dituzte baso politikak. Gainera, beste egurrik balego ere, Euskal Herrian gaur aterabide zaila du ez dagoelako horretarako merkaturik. Sektorea bideratu da hazkunde azkarreko kalitate eskaseko egurrera: papergintzarako, eraikuntza arinerako… 

Berrogei urtean, monokultiboa, modu intentsibo eta teknika agresiboekin ezarri izanak ekarri dituen ondoriorik larrienak dira lurzorua pobretu dela ikaragarri, eta bioaniztasuna galdu. Ikusi besterik ez dago euria egiten duenean errekak zer daraman. Daramana da lurra. Ehundaka urtez ondu den lurra. Lurra galtzea bizitza galtzea da.

Lurjabeak zertan ari dira?

Lurjabe handiek administrazioa eta industria alde dituzte eta lasaiago daude baina, gehiengoa, lurjabe txikiak, shock egoeran daude. Informazio eta ezagutza falta handia dago. Zoritxarrez, gero eta gehiago gertatzen ari dena da, lur sailak abandonoan gelditzen direla.

Kontuan hartu behar da industria kexu den arren, egur merkea urteetarako daukala eskura. Hainbat eta hainbat urtetarako dauka ia zero kostuan ordainduko duen egurra, toneladak eta toneladak. Beste kontu bat da basojabeena. Gehienak basojabe txikiak dira eta hau da beste zama bat gehiago. Hogei-hogeita hamar urte egon dira etekinaren zain eta orain seguru asko gastuak izango dituzte. Desastrea da.

Naturkonen ustez zein da jarraitu beharreko bidea?

Natur-kontserbazioaren ikuspegitik, ustiapen eredu honen aurka gaude eta  arauak eta moduak planteatzen ditugu ingurumenean egiten diren kalteak gutxitzeko, baina hortik industria nola bideratu behar den esatera, hori ez da gure lana. Lan hori administrazioari dagokio eta oposizioko alderdiei, benetako alternatiba eraikitzea. 

Arlo honetan administraziotik ez dago ikerketa eta garapena diruz laguntzeko inolako borondaterik. Argi dago arazo honi aterabidea emateko basoari beste etekin batzuk atera behar zaizkiola. Administrazioak saritu behar du bide hori baina momentu honetan ez du egiten.

Gizartearen ardura dela aldarrikatzen duzue eta horretarako espazioak sortu behar direla.

Bai, eta galdera da hori non eta nola egin. Horretarako sareak eta moduak sortu behar dira. Nola hartu behar dute herritarrek parte eztabaida horretan? Guk ere ezin izan dugu azken lau urteotan. Aldundiak bilera bakarra eskaini zigun eta bertan argi esan ziguten ez zeukatela inolako interesik Natura 2000 sarea garatu eta natur kontserbazioaren alde ezer egiteko. Horrelaxe esan ziguten.

Guk eskaerak eginda dauzkagu Aldundira. Gure eskari bat da amaitzea ustiapen eredu honekin eta kalteak eragiten dituzten teknika agresiboekin, eta akaso egunen batean hastea hori zigortzen. Hori da aurreneko gauza. Eta horrek, besteak beste,  lurjabeengan eragingo lukeen galerari begira, gure ustez ezinbestekoa da parte hartze publikorako mahaiak sortzea, ezagutza eta interes ezberdinak lantzeko. Badaude aditu asko eta hortik abiatu daitezke aterabideak.

Albiste hau Plaentxia.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pinu insignisa
2019-04-03 | ARGIA
Pinuen gaitzak 95.000 hektarea kutsatu ditu dagoeneko EAEn

35.000 hektarea pinudi oso kaltetuta eta beste 60.000 hektarea gaitzak eraginda daude dagoeneko EAEn, arbolak akabatzen ari den onddoak kutsatuta. Gaitz honek kalteturiko lurrazala bikoiztu egin da azken hilabeteotan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako... [+]


2019-03-04 | Naturkon
"Oxido kuprosoarekin 1.050 hektareatan tratamendu esperimentala egiteko asmoa dute"

Madrilek ez du baimenik eman aire bidez Gipuzkoako eta Bizkaiko pinudiak oxido kuprosoarekin tratatzeko. Hala ere, Jaurlaritzaren esanetan, aurrerantzean baimena emateko aukera ez omen du baztertzen, baldin eta tratamendua eraginkorra dela eta ingurumen kalteak onargarriak... [+]


2019-02-26 | ARGIA
"XXI mendeko Euskal Herriko basogintzaren erronkak": bideoz ikus daiteke Villabonako eztabaida

Pinuaren gaixotasunaren krisiak eraginda batik bat Bizkaia eta Gipuzkoan basogintzaren inguruan berotu den eztabaida argitze aldera, Alkartasuna fundazioak (Eusko Alkartasuna) Amasa-Villabonan mahai baten inguruan bildu zituen aferaz iritzi ezberdin eta kualifikatuak dituzten... [+]


Ingurumen delituengatik inputatutako enpresa bat darabilte administrazioek egurgintza sektorea formatzen

Egurra ekoizteko eredu intentsiboaren krisi larriaren aurrean, igaro den abenduan Eusko Jaurlaritzak baso jabeentzako formazio teknikoko saio bat antolatu zuen, hizlari gisa Bosques 2000 enpresako ordezkariak erabiliz. Hitzaldi tekniko hau HAZI enpresa publikoak antolatu zuen,... [+]


2019-01-11 | ARGIA
Pinuen fumigazioaren aurkako mozioak aurkeztu ditu Naturkonek gipuzkoako zenbait udaletan

Hainbat talde ekologista eta naturzale biltzen dituen Naturkon elkarteak mozio bat aurkeztu du Gipuzkoako zenbait udaletan eskatuz udalok debekatu dezatela beren lur eremuetan insignis pinuak oxido kuprosoz fumigatzea eta beste erakundeei bezala lurjabe eta herritarrei eska... [+]


Eguneraketa berriak daude