Gutxienez 219 zibil zauritu dituzte igandean, horietatik 16 balaz, palestinarren eta Israelgo segurtasun indarren arteko liskarretan, Zisjordaniako Nablusen. Jerusalemen ere liskarrak izan dira, "banderen martxaren" testuinguruan.
Nablusen, enfrentamenduak Hawarako kontrol-gunean eta Beita herrian hasi dira, Al Fatá-ren manifestazioa abiatu aurretik, Wafa albiste agentzia palestinarrak jakinarazi duenez. Israelgo segurtasun indarrek su-armak, gas negar-eragilea eta soinu-lehergaiak baliatu dituzte palestinarren aurka.
'Banderen martxa'
Bien bitartean, Jerusalem Egunaren testuinguruan, zientoka ultranazionalista israeldarrek 'banderen martxa' polemikoa egin dute, non hiriaren ekialdea okupatu izana oroitu duten, eta "heriotza arabiarrei" moduko oihuak haizatu. Kolonoek eta Israelgo segurtasun indarrek 24 palestinar zauritu dituzte gutxienez, Wafa agentziaren arabera.
"Kazetaria berariaz hil zuen Israelek"
Shireen Abu Akleh kazetari palestinar-estatubatuarra "berariaz hil zuen Israelek", Yenin-en (Zisjordania) Israelgo Armadaren operazio baten berri ematen ari zenean, Palestinako Aginte Nazionalaren fiskal nagusiak ondorioztatu duenez.
"Gerra krimen" bezala jo du maiatzaren 11n gertatutakoa, pasa den ostiralean aurkeztutako txostenean jaso duenez. "Okupazio indarrek soilik egin zuten tiro, hiltzeko asmoz", adierazi du Akram Khateeb fiskalak. Hainbat mediok, CNNk tartean, ondorioztatu du kazetaria hil zuen bala israeldar soldatu batek jaurti zuela.
Hori bera ziurtatu du Shatha Hanaysha kazetari palestinarrak, Shireen Abu Akleh nola hiltzen zuten bertatik-bertara ikusi zuenak. "Nahita apuntatu gintuzten, inguruan ez zegoelako beste inor, ez zegoen jenderik, are gutxiago miliziano armaturik", azaldu du.
"Oihuka ari ginen guztiok, baina ez zioten tiro egiteari uzten", kontatu dio Ara egunkariari. "Arbolak salbatu ninduen ni. Hasiera pentsatu nuen Shireen erori egin zela, baina ondoren kezkatzen hasi nintzen, ikusten nuelako ez zela mugitzen. Orduan odola ikusi nuen lurrean. Eta, besoa luzatzen nuen bakoitzen arbolaren atzera ekartzen saiatzeko, tiro egiten ninduten. Ondoren ikusi nuen belarriaren atzean egin ziotela tiro, ez kaskoak eta ez txalekoak bebesten ez duten lekuan".
Apartheida salatu du Amnistia Internazionalak Gasteizen
Paperezko pareta sinbolikoa eraiki eta ostean lurrera bota dute Amnistia Internazionala erakundeko kideek larunbatean Gasteizen, "apartheid israeldarra" salatzeko. "Dominazio sistema krudel baten pean palestinarrek sufritzen duten egoera irudikatu dute, berriki plazaratu duten txostenaren ondorioak aurkeztearekin bat.
Txostenak aipatzen ditu, besteak beste, lur eta ondasunen konfiskatze masiboak, legez kanpoko hilketak, behartutako lekualdaketak eta palestinarrei nazionalitatea eta herritartasuna ukatzea.