Berangoko Otxantegi Herri Lurra hustu du Ertzaintzak, eta lagun bat atxilotu dute

  • Ertzaintzak hirugarren saiakera egin du asteartean Otxantegi Herri Lurrak husteko, epaileak hala aginduta. Lurrak defendatzera joan dira hamarnaka lagun, eta teilatuan, lurrean zein dorretxean erresistentzian zeuden guztiak kanporatu ditu Poliziak. Hiru lagun zauritu dira hustean, Otxantegiko kideek baieztatu dutenez.

Dorretxearen barruan eserialdia egiten ari dira, eta Ertzaintza kanporatzen ari da lurrak defendatzen ari diren kideak. / Argazkia: Hiruka.

2024ko maiatzaren 07an - 11:36
Azken eguneraketa: 13:35

Otxantegi Herri Lurrak husteko agindua zuten maiatzaren 7rako, eta 08:00etatik lur horiek defendatzeko hamarnaka lagun elkartu dira Berangoko (Bizkaia) eremu horretan, gosari herrikoian. Beste bi aldiz saiatu da Ertzaintza herri lurrak husten, baina geldiaraztea lortu dute, erresistentziarako deiari erantzunez elkartutako jendearen aurrean “nahikoa baliabide” ez zutela esanda bertan behera utzi zuten hustuketa azaroan eta apirilean.

Ordea, astearte goizean hamabi furgonetarekin eta baliabide andanarekin agertu da Ertzaintza, Otxantegiko kideek jakinarazi dutenez. Babesa ematera joandako kideak kanporatu dituzte sarreratik lehenik, eta lurrak eta dorretxea defendatzen ari zirenak ere bota dituzte poliziek. Kanporatzen azkenak izan dira teilatuan eta sarrerako egurrezko egiturara igota zeuden kideak. Hustea eragozten ari ziren kideak identifikatu dituzte. Pertsona bat atxilotu dute eta beste bi osasun langileek artatu dituzte, Hiruka hedabideak jakitera eman duenez; ospitalera eraman dituzte. Otxantegiko kideek ohartarazi dutenez, atxilotutako laguna ere zaurituta dago.

Hirukako kazetariek adierazi dute Ertzaintzak ukatu egin diela husteari buruz barrutik informatzea: “Kazetarioi ez digute barrura sartzen utzi gure lana egitera. Ordea, kanpotik jarraipena egitera behartu gaituzte”. Zuzeneko jarraipena egin dute, dena den, eta goiz osoan kontatu dute ekintzaileek erresistentzia egiten jarraitu dutela, eserialdiak eta "Otxantegi aurrera" oihuak tarteko.

Proiektu agroekologiko kolektiboa

Bi urtez landu dituzte Otxantegiko lur horiek modu kolektiboan, baina proiektu agroekologikoaren kontrako agindua eman zuen epaitegiak: lehen aldiz azaroan eskatu zuen husteko. Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan.

Otxantegi Herri Lurra nola sortu zen honela kontatua dute sare sozialetan: "Berangoko Udalak eta Aguirre-Lipperheide familiak urteak daramatzate herri lurrak izan behar zirenekin espekulatzen. Horregatik ekin genion Otxantegi Herri Lurra proiektu herrikoiari, lurrak nekazaritzarako mantendu behar ditugula aldarrikatzeko. Ordutik, oztopo argia gara gutxiengoa diren aberatsentzat. Lotsarik eta gupidarik gabe, espekulatzaileek haien interesak 'eskubide' gisa aldarrikatzen dituzte, haien asmoak herritarron interesen aurkakoak diren arren. Horregatik kanporatu nahi gaituzte eurotan soilik neurtzen dituzten lurrotatik".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agroekologia
2024-05-15 | Estitxu Eizagirre
Zer ikasi Kubako laborantza eta elikadura sistema (ezinbestean) agroekologikotik?

Amets Ladislao Kuban egon berri da bertako laborantza eredua eta elikadura sistema ezagutzen. Sobiet Batasuna (SESB) erori zenean eta jasaten duen mundu mailako blokeoa dela-eta, pestizida eta ongarri kimikorik gabe geratu zen Karibeko irla, eta kimiko horien ondorioz, lur oso... [+]


Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


Eguneraketa berriak daude