Olga Tokarczuk eta Peter Handke idazleek irabazi dituzte Literaturako Nobel sariak

  • Nobel Sarien edizio berezia izan da aurtengoa, iaz sexu erasoekin lotutako eskandalu batek saria ematen duen instituzioaren inguruko beste praktika ilun batzuk ere azalerazi zituelako. Olga Tokarczuk eta Peter Handke idazleek irabazi dute saria.


2019ko urriaren 10an - 12:41
Olga Tokarczuk eta Peter Handke, Nobel sarien irabazleak.

Tokarczuk idazle poloniarra da eta aurretik Man Booker sari prestigiotsua irabazi zuen herrialde horretako lehen idazlea izan zen. Zortzi nobelaren egilea da, baita bi ipuin-bildumarena ere. Poloniako eta Ukrainako errealitate politikoak, parapsikologiak edo mitologia sumeriarrak zipriztintzen dute haren obra eta aurten saria irabazi zezaketen idazleen kiniela gehienetan agertzen zen.

Peter Handke austriarra ere saritu dute. Antzerkia, zinemarako gidoiak eta eleberriak idatzi ditu. Bere liburuetan gizonaren bakardadea eta inkomunikazioa izan ditu gai nagusiak. 1966an argitaratu zuen lehen eleberria eta ibilbide oparoa egin du geroztik. Haren testu bakarra dago euskarara itzulia: Mikel Antzak Susa aldizkarirako itzuli zuen Idatz froga 2.

Aro berri bat Nobel sarietan? Ikusteko dago

Jean-Claude Arnaultek egindako sexu erasoen auziaren ondoren banatu diren lehenbiziko Nobel sariak izan dira hauek. Arnault Katarina Frostenson Suediako akademiako kidearen senarra da eta iaz argitara eman zenez, 1997tik 2007ra bitartean hainbat sexu eraso egin zituen, tartean bortxaketa bat. Eraso horien berriak haserre bikoitza eragin zuen: salatutako kasuengatik, batetik; baina baita Suediako akademiako eta elite kulturaleko hainbat kidek haiek ezagutu arren ezkutuan mantendu zituztelako ere.  

Besteak beste, Nobel saria emateaz arduratzen den instituzioko idazkari iraunkorra zen Sture Allenek lagundu zuen Arnaulten delituak estaltzen.

Kasua argitaratu zenean, Suediako akademiak aitortu zuen salatutako gertakari batzuen berri bazuela, tartean Anna-Karin Bylundek Arnaulten erasoen berri ematen zuen gutun bat, tiradera batean gordeta eduki zutena. Eta informazio hori eduki arren ezer egin ez izanagatik damua azaldu zuen akademiak, baita Arnaultekin zeuzkan harremanak eten ere. Baina berandu zen: sexu erasoez gain, Nobel saria ematen duen erakundearen beste hainbat praktika irregular ere argitara atera ziren –irabazleen izenen filtrazioak, eskupekoak…–, erakunde opaku eta patriarkal baten irudia emanez.

Zurrunbilo horren erdian erabaki zen iaz Literatura Nobel saririk ez ematea eta erakundearen barne-funtzionamenduan aldaketak egitea. Aurtengo sari bikoitzak iazko hutsunea ere bete nahi du, horregatik ezohiko azalpenak eman dituzte irabazleen izenak ezagutaraztearekin batera. Ikusteko dago akademiaren ohore galdua berreskuratzeko balioko duten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-10 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
"Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean"

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude