Olagibelgo erradiologia zerbitzua ez dute itxiko, momentuz behintzat

  • Osakidetzak ez du Gasteizko Olagibelgo erradiologia zerbitzua itxiko, LAB sindikatuak zabaldu duenez. Hala ere, ez da behin-betiko erabakia.


2016ko uztailaren 20an - 11:52
Olagibelgo erradiologia arloko langileen kontzentrazioa, hilaren 8an. (Argazkia: @LABGasteiz)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hilaren hasieran jakinarazi zuen Jon Etxeberria Olagibel Osasun-zentroko zuzendariak erradiologia zerbitzua itxi eta lekualdatuko zutela. Langileen mobilizazioak etengabeak izan dira geroztik eta Osakidetzak erabakia hartzeko data atzeratu du.

6.000 pertsona jasotzen ditu zerbitzuak hilero. Abuztuaren bederatzirako zegoen aurreikusita itxiera eta zerbitzua Gasteizko osasun arloko beste hiru eraikinetara lekualdatzeko asmoa zegoen: Arabako Unibertsitate Ospitalera, Txagorritxuko ospitalera eta Santiagokora. Proba batzuk soilik egingo lirateke Olagibelgo kanpo-kontsultak egiten diren eraikinean.

Uztailaren 13an Olagibelgo erradiologia arloko langileak Eusko Jaurlaritzako osasun eta Kontsumo Batzordearekin bildu ziren –bigarrengoz astebetean– eta 4.000 sinadura eraman zituzten, zerbitzua ixtearen aurka. Gasteizko Udalean eta Arabako Batzar Nagusietan gauza bera egin zuten.

Mertxe Larrimbe Lehen Mailako Arretako Medikuen ELA-ko ordezkariak Noticias de Álava-ri azaldutakoaren arabera, Osakidetzak erabaki hau hartzeko funtsezkoa izan da herritarren babesa. “Herritarrek [zerbitzu honen itxiera] murrizketa bat zela ulertu dute, oso ondo dabilen zerbitzua baita”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Eguneraketa berriak daude