ARGIA.eus

2020ko ekainaren 02a
Amaia Perez Orozco

"Oinarrizko errenta baino indartsuagoa iruditzen zait bizitza aurrera ateratzeko moduak kolektibizatzea"

  • Amaia Perez Orozco ekonomialari feministari elkarrizketa egin dio eldiario.es hedabideak. Koronabirusaren garaian pil pilean dauden gaiei buruz mintzatu da: telelana, oinarrizko errenta... babes sare komunitarioak indartzearen alde, sistema publikoa indartzearen alde eta neurri politiko ausartak hartzearen alde egin du. "Borroka zehatzak egiteko garaia da", esan du.

ARGIA @argia
2020ko apirilaren 05a

Albiste honetan itzuli eta laburtu dugu Perez Orozcori eldiario.es-ek apirilaren 3an egindako elkarrizketa.

Osasun publikoaren krisia bizi dugu, eta hau aldi berean krisi ekonomiko bihurtu da baina baita zaintzaren krisia ere, etxeak ari baitira ahal duten moduan egunerokoari eta lanari eusten. Hiru krisiak lotuta daude?

"Beldur naiz krisi ekonomikoaren ideia erabiliko den, guztion baliabideak bideratzeko 'ekonomia ni naiz' esateko boterea dutenengana"

Galdetu beharko litzateke zeri deitzen diogu krisi ekonomiko, eta zein ezberdintasun dagoen jarduera ekonomikoen krisi erabat merkantilarekiko. Baina bai, krisi guztiak daude lotuta, krisian dagoena bizitza kolektiboa delako eta prozesu hori integrala da: ez doa alde batetik osasuna, bestetik bizitzarako baliabideak lortzea eta bestetik zaintza, dena batera doa. Bizitza krisian zegoela esana genuen lehendik ere. Beldur naiz krisi ekonomikoaren ideia erabiliko den, beste behin ere, guztion baliabideak bideratzeko "ekonomia ni naiz" esateko boterea dutenengana, pentsatu beharrean zein ekonomia mota ahul daukagun. Konturatu behar dugu erraldoi hiperglobalizatu eta hiperkonektatu honek buztinazko oinarriak dituela.

Posible al da eredu ekonomiko berrietan pentsatzea, larrialdi sozial handi bat gainditzeko lanetan ari garen bitartean?

"Etxerik gabe geratzen ari den jendea badago, etxe hutsak desjabetzeko garaia da"

Gauza zehatz batzuek oraintxe bertan pentsatu daitezke. Etxerik gabe geratzen ari den jendea badago eta etxe hutsak badaude, etxe hutsak desjabetzeko garaia da. Baliabide publikoak bideratu behar badira laguntza sozialak ordaintzeko eta diru-sarrera txikiegiak dituztenei oinarrizko errenta bermatzeko, bada pentsatu beharko da patrimonioaren gaineko zerga handiago batean, edo sozietateen zerga berrikusi beharko da. Eta pentsatu beharko da nola ez eman erraztasunik irabaziak dituzten enpresa handiek ERTErik egin ez dezaten, egin ditzatela egokitzapenak baina metatutako irabaziak eta patrimonioa galtzera bideratuak. Edo pentsatu beharko da energia burujabetzan edo elikadura burujabetzan edo osasun pribatua nazionalizatzeko moduetan, eta ez denbora baterako soilik. Borroka zehatzak egiteko garaia da eta ez balizko likidezia bat sartzekoa, nori bideratu ere ez dakiguna.

Etxeko langileentzako diru-laguntza onartu du Gobernuak, baina hau ezingo dute jaso gizarte segurantzan izena emanda ez zeuden langileek. Horrek adierazten du ongizate sistema hau enpleguarekin dagoela lotuta. Babes sozialak lotuta egon behar al du pertsona horrek lan merkatuari egiten dion ekarpenarekin?

Enpleguarekin lotuta egotea da tranpetako bat. Enplegua gaur egun lan alienatu bat da, bizitzeko dirua behar duzulako egiten duzu eta soldataren esklabutzaren markoan egiten duzu, bizitzarako denbora jaten dizu, eta ez duzu zentzu sozialagatik egiten, baizik, errentagarri delako pilaketa zirkuitu batentzat.

"Zerbitzu publikoen aldeko apustu sendoa egiteko garaia da"

Historikoa da eskubide sozialak lanetik bereizteko aldarrikapena, eskubideek ezin dutela lotuta egon aurrez egin den ekarpen ekonomiko bati, baizik, herritarren eskubide unibertsalak izan behar dutela. Feminismoetatik aldarrikatu dugu ordainik gabeko lanak inoiz ez direla ekarpen sozial gisa onartu, baina prekarizazio testuinguan geroz eta jende gehiago uzten dela kanpo. Gizarte Segurantzako kaxa kortse bat baldin bada, pentsatu beharko da eskubide sozialak estatuko aurrekontuekin finantzatu beharraz.

Orain da garaia pentsatzeko babes sozialarengan, ez soilik oinarrizko diru-sarrerak bermatzeko, baizik zerbitzu publikoen aldeko apustu sendoa egiteko, horrela beharrak ez ditzagun erosiz edo merkantilizatuz bermatu.

Espainiako Gobernua eztabaidatzen ari da oinarrizko diru-sarrerez, baina ahots askok planteatzen dute irtenbide moduan oinarrizko errenta unibertsala. Zein da zure iritzia?

Diru-sarrerak bermatzeko garaia da eta horregatik behar da oinarrizko errenta bat inolako baldintzarik gabekoa, egoerak horrela irauten duen bitartean diru-sarrerarik gabeko edo nahikoak ez diren diru-sarrerak dituzten pertsonentzat, eta horrek ez badu ekarriko beste baliabide batzuetatik kentzea.

"Gakoa ez da oinarrizko errenta bat eduki behar izatea hipoteka ordaintzeko, baizik, garraio publikoa, osasuna edo hezkuntza izan daitezela erabat doakoak"

Etorkizunera begira, ea oinarrizko errenta iruditzen zaidan babes sozial berri baterako gakoetako bat? Ba segun eta nola osatzen den sistema osoa: oinarrizko errenta norbanakoari ematen zaion diru-sarrera da, norbanakoak bere bizitza aurrera atera dezan. Indartsuagoa iruditzen zait diru-sarreren mailak jaisteko apustua egitea eta bizitza aurrera ateratzeko moduak kolektibizatzea eta desmerkantilizatzea. Gakoa ez da oinarrizko errenta bat eduki behar izatea hipoteka ordaintzeko, garraio publikoa edo seguru mediku bat ordaintzeko, baizik, garraio publikoa, osasuna edo hezkuntza izan daitezela erabat doakoak. Oinarizko errentak arreta desbideratuko badu ikuspegi horretatik, alegia, zein mekanismo jar ditzakegun martxan bizitza modu kolektiboagoan aurrera ateratzeko eta merkatuan ez oinarritzeko, bada nik ez nuke errenta horren alde egingo. Aldaketa prozesu zabalago baten parte bada, agian orduan bai.

Krisi hau eskolak itxiz hasi zen: umeak etxean geratu ziren eta jende askok galdetu zion bere buruari nola egin aldi berean umeak zaindu eta lan egiteko, dena leku berean. Kontraesan berak azaleratu dira osasun zerbitzuen murrizketekin...

Bai, elkarri lotutako krisiak dira, bizitza bera baitugu krisian. Agerian jartzen dute zaintza soluzionatzeko oinarrian eginak ditugun moldaketen ahultasuna: egitura sozioekonomikoa merkatuetara emana dugu eta horregatik dugun ideia da merkatuek behar dituzten langileak zaintzatik libre dauden pertsonak direla, ardurarik eta beharrik ez dutenak. Bestalde, bizitza resolbitzeko ditugun egitura kolektiboak gutxi ziren eta ahultzen ari ziren. Hezkuntza sistema ez zen nahikoa, osasun sistema ere ez eta azkenean babes koltxoia, etxeak dira: hor bukatzen dugu zama guztia eramaten, desberdintasun egoera handien bidez. Kate maila horietako bat erori denean dena amildu da eta azkenean pisua berriz ere etxeengan geratu da, zailtasunak handitu diren egoera honetan aurrera atera behar izanik.

"Irtenbidetzat hartu da telelana: horrek erakusten du jarraitzen dugula pentsatzen etxean egiten dena ez dela ezer"

Irtenbide onena bailitzan hartu da telelana: horrek erakusten du jaraitzen dugula pentsatzen etxean egiten dena ez dela ezer, ez da lana eta ez ezer, bestela nola pentsa dezakegu posible dela etxe barruko lana egiten jarraitzea kanpokoa ere kargatuta? Azaleratzen duena da emantzat hartzen dela bizitza berez ateratzen dela aurrera, berez zaintzen dela, berez konpontzen dela eta berez eusten zaiola, magia bailitzan.

Aldi berean badirudi kolektiboak berriz ere indarra hartzen duela: ekimen txikiak sortu dira elkarri laguntzeko, bizilagunen artean edo elkar ezagutzen ez zutenen artean. Komunaren ideia indartuta aterako da honetatik?

"Sare kolektiboa eta elkar zaintza ez dadila soilik bideratu gizarteko sektore prekarioenetara, esanaz bezala, ahal duenak ordaindu egiten du"

Agerian geratzen dena da norbera bakarrik ez dela nahiko eta sareen beharra dugula. Interdependentzia hori ikusgarri egitea oso indartsua da. Bidegurutze honetan, egoera honek indartu ditzake sare kolektiboak eta elkar zaintza, benetako elkartasuna, ez dadila egon berriz ere emakumeengan eta sexuaren araberako lan banaketan, eta ez dadila soilik bideratu gizarteko sektore prekarioenetara bakarrik, esanaz bezala, ahal duenak ordaindu egiten du eta ezin duena sare honetan oinarritzen da. Honek ezin du publikotasuna ordezkatu baina sistema publikoak ere ezin du berau irentsi. Beste inpultsua ere hor da, balkoietako faszismoa, auzoko polizia moduko bat da sortzen ari dena. Lortu behar dugu auzoko babesa sortzea eta ez auzoko bigilantzia.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Covid-19 eta erantzun soziala  |  Ekonomia  |  Feminismoa

Covid-19 eta erantzun soziala kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude