"Objektuen bidez istorio bat kontatzen dugu"

  • Jean Louis Iratzokik (1965, Donibane Lohizune) Azkainen kokatu du Iratzoki Lizaso, industria diseinu estudioa. Parisen, barne arkitekturan Boulle Eskolan eta Madrileko Diseinu Industrialean Eskola Esperimentalean diplomak lorturik, lankideekin ari da orain Euskal Herria, Kanada, Frantzia, Espainia, eta beste bazterretako enpresa andanarekin lanean.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2019ko apirilaren 05an - 11:10
Argazkia: Eke.eus

Elkarrizketa hau Euskal Kultur Erakundeak zabaldu du eta haien baimenarekin ekarri dugu.

Lantokia, egurrezko kubo argitsu bat duzu oihan baten erdian... Diseinuak ingurumen inspiratzailea behar du ?

Diseinuak, gauza guztiak bezala, lasaitasun pixka bat behar du bai. Zerbait sortzeko lasaitasuna behar da, horregatik gira etxola honetan eta ahal dugun neurrian hemen egoten gira ; taldean hemen ditugu gauzak bilatzen. Gero harremanak kanpoan ditugu, mugitzen gara, baina hemen girelarik guretzat garrantzitsua da lasaitasun hori. Partzuergoan ari gara ; nire partzuerra Ander Lizaso Oiartzuarra da, ni Azkaindarra, eta naturalki hemen Azkainen, sorterrian instalatu gira ; beste nonbait izan daiteke baina hemengoak girenez, hemen gira.

Nondik nora doa diseinu bat sortzeko prozesua ?

Guk ez dugu airean sortzen, ingurumen bat, kontestu bat beharrezkoa zaigu, izan dadin kontestu industriala edo komertziala, izan dadin enpresaren historio edo jakintza. Azkenean, osagai ainitzek egiten dute galdera hori. Gu erdian kokatzen gira eta osagai horiek nahasiz eta uztartuz sortzen dugu zerbait, objektu bat sortzen dugu. Baina ez gara objektutik hasten, hasten gara ekuaziotik. Ez da gauza bera esku langintzan ari den enpresa batekin aritzea edo enpresa industrialarekin. Beti badira mila kondizio eta ariketa, baldintza horietan kokatu behar da. Ni ez naiz bakarrik ari, hiruzpalau gira elkarrekin lanean ari, hori gure barne funtzionamenduari buruz. Gero enpresei begira, guk kreatibitatea ekartzen dugu. Erran nezake, objektuen bitartez, istorio bat kontatzen dugula enpresa batentzat. Hori ekartzen dugu guk.

Diseinua artea da ? Edo, non dago muga ?

Ez gira artistak kontsideratzen, zeren eta gu industria munduan ari gara zinez. Gure lana sistema komertzial batean, sistema kapitalistan kokatzen da. Gero zorroztasun puntu bat badugu gure lanean, estetika edo arte parte bat bada, baina kontestu batean kokatua, ez gira hutsean ari. Testuinguru horrek egiten du ez garela artistak. Gero, inspirazio iturriak artetik edo nondik heldu diren ? Leku askotatik heldu dira. Batzuentzat arkitektura izan daiteke, zinema, musika, edo ezagutu, ikusi dituen gauzak. Alegia, denok bizi ditugunak dira.

Erran nezake, objektuen bitartez, istorioa bat kontatzen dugula enpresa batentzat.

Bestalde, gure lanaren parte handi bat altzari munduan kokatzen da eta horrek ere badu bere historia; beraz, historia horretan zein aktualitatean ere gauzak ezagutzerat eta ikustera goaz.

Nondik nora doa diseinatzailearen eremua? Zerk behar du diseinua? Zerk ez?

Diseinu hitza galdu egin da nonbait eta askok pentsatzen dute bakarrik estetika istorio bat dela, zerbaiti forma ematea dela. Baina zinez, diseinua da gure bizitzaren atal gehienak hunkitzen dituen zerbait ; produktu baten diseinua izan daiteke ere, edo zerbitzuena, gauza asko hunkitzen ditu.

Nork hautatzen du objektuaren izena? Zuk, bezeroak, biek?

Askotan guk hautatzen dugu izena, zeren sortzen ari garelarik, ideia bat badugu edo kontzeptu bat eta ideia horrek eramaten gaitu izenera. Horretan ari garelarik, dugu proiektua edo produktua bataiatzen. Beste batzuetan, enpresek badute beren logika baina gehienetan guk jartzen ditugu izenak. Gainera, gehienetan hemengo enpresekin ari garenez, hemengo hitzak euskaraz erabiltzen ditugu. Ohartu gara bestalde nazioarteari begira, euskarak, fonetikoki errexki sartzen dela toki guztietara. Bezeroak, gure proposamenari ezezkoa erantzutea gertatzen zaigu ere, bai izenarekin, kolorearekin edo objektuarekin. Eta gure lana da justuki, ideiak bilatzea, gure ideiaz seguru izatea eta gero tematzea, bururaino eramatea. Guk lan asko egiten dugu gure estudioan seguru izateko, gure ideia bururaino eramaten ahal dugula erakusteko eta hori da bezeroak edo industrialak konbinzitzea.

Jean Louis Iratzoki

 

 

Argazkia: LaukitikAt (Eke.eus)

 

 

 

Zu gauzak sinplifikatzearen aldekoa zara ala apaintzearen aldekoa?

Diseinu hitza galdu egin da nonbait eta askok pentsatzen dute bakarrik estetika istorio bat dela, zerbaiti forma ematea dela. Baina zinez, diseinua da gure bizitzaren atal gehienak hunkitzen dituen zerbait.

Entseatzen gira estilo gehiegi ez izatea, formalismo edo manierismo gehiegi. Halere, gauzak egiten ditugu kenduz, erran nahi du gauza ainitz landuz. Oren asko pasatzen ditugu eta horrek egiten du ideia xumeak bilatzen ditugula, ahal bezain garbiak. Ez gira minimalistak, objektu batzuek karakterea ukan dezakete, nortasun bat ; baina, ez gira barrokoak, ez gira arin-arinak ere, denbora pasatzen dugu eta beraz lana diseinatua da, edo super diseinatua.

Alkiren kasuan, erran daiteke diseinuari esker, sekulako bihurgunea hartu duela Itsasuko altzari markak.

Alki guretzat izan da esperimentu bat, eskola bat, eta gure lanaren eragina erakusten duen adibide on bat. "Gu" erraten dudalarik, ez naiz estudioaz ari bakarrik, ari naiz gure arteko topaketaz. Topatu dira kooperatibaren jakintza handia, egurraren lana eta gure gogoa hemendik sortzeko. Egia da iraultza bat izan dela ; enpresa tradizional bat, hemengo altzairu tradizionalak egiten zituenak pasa da bat-batean gaurko proposamen bat egitera eta mundu zabalera gainera. Beraz, badugu hemengo enpresa txiki bat, diseinuaren bitartez, bere istorioa berridatzi eta zabaldu duena nazioartera. Duela urte batzuk pentsatzen zen hemen ez zela egiten ahal gauza askorik ; hemengo eskulanaren balioarengatik, materialen balioengatik bazirudien hemen ez zegoela produkzio handirik garatzen ahal, non ez zen teknologia sartzen.

Ohartu gara bestalde nazioarteari begira, euskarak, fonetikoki errexki sartzen dela toki guztietara.

Alkiren esperientziaren bitartez, hemen sortzen ahal dela frogatzen dugu, hemen gauza ezberdinak egin daitezkeela eta mundu zabalera joan. Horretarako, istorio berezi bat kontatu eta denbora frango pasa behar da pentsatzen proposatzeko dugunaz. Nahiz eta enpresa txikia izan, elkarlan honek oihartzun handia izan du : hemen bertan lehenik zerbait egin daitekeela erakutsiz, enpresak sor daitezkeela eta gauza politak egin daitezkeela. Frantzia mailan ere inpaktu handia ukan du horrelako konbertsio bat ikusteak, aldaketa tradizionaletik gaurko proposamenari buruz. Hori posible dela erakustea gauza inportante bat izan da.

Jendea ohartzen da diseinuaren lekuaz ?

Oro har, denak gara sentsible diseinuari. Jendeak ez du zernahi auto erosten ; zapetak, bizikletak edo kaskoak ere hautatzen ditugu. Denak gara sentsible. Enpresak ere ohartu dira, zernahi sailetan inportantea dela eta batzuetan ere erabakigarria

Jean Louis Iratzoki

 

 

Argazkia: LaukitikAt (Eke.eus)

 

 

 

Bada kokalekuaren, herrialdearen araberako diseinu ezaugarririk?

Diseinu ezaugarririk, lekuaren arabera ez dela erran nezake. Ez da euskal diseinurik edo frantses diseinurik edo aleman diseinurik. Egon daitezke eskola batzuk edo mugimenduak, kolektiboak, momentu batean. Baina hurbil egon gaitezke Alemaniako diseinu batetik eta urrun hemengo batetik. Ariketa intelektuala da, beraz ez da lekuari lotua.

Gero, gerta daiteke guk keinu bat egitea euskal tradizioari, gure tradizioa baita, baina ez da automatikoa. Gero tradizio hori ez da bat bakarra, iturri asko dira eta tradizioak leku askotakoak izan daitezke ; gauza berdina ikus daiteke Japonian edo Euskal Herrian. Ez dut uste herriak formateatzen duenik diseinua.

Alkiren esperientziaren bitartez hemen sortzen ahal dela frogatzen dugu, hemen gauza ezberdinak egin daitezkeela eta mundu zabalera joan. Horretarako, istorio berezi bat kontatu eta denbora frango pasa behar da pentsatzen proposatzeko dugunaz.

Izan daiteke industriaren edo aktibitate nagusi baten araberako eragina. Industria indartsua dagoen leku batean; Bizkaian edo Gipuzkoaren parte batean horrek eragin dezake. Agian, Txillidak edo Oteizak ez zituzten 20 tonako eskulturak, piezak sortuko, ondoan horien sortzeko tresnak eta makinak eduki gabe.

Beraz, diseinuan ere dependitzen dugu inguruko aktibitate industrialaz. Ager daiteke horren arabera karaktere bat, baina ez da berez herriaren eragina.

Bidasoa zeharkatzeko joera duzu ?

Bai, Bidasoa erraz zeharkatzen dugu. Lehen erraten nuenez, nire lankidea Ander Lizaso Oiartzuarra da, ni Azkaindarra, Maider Noblia lankidea Baionatik dator eta gure lankidetzak dira mugaren bi aldeetan ; harreman segitu bat dugu bospasei enpresekin : Treku Zarautzen, Akaba Usurbilen, Azpeitian ere, Alki Itsasun, Sokoa Hendaian... Orduan bai, muga zapaltzen dugu egun guztiz fisikoki. Hastapenetik ere, gure asmoa zen muga hori zapaltzea fisikoki. Bestetik, iparraldetik lan egiten dugularik, jakintza industrialak askoz gehiago dira Gipuzkoan eta beraz hornitzaile baten bila joaten garelarik, hodiak plegatzen dituen egile batengana, bestaldera pasatzen gara. Gaur bertan hiru enpresa bisitatu ditugu Irunen. Egia erran, ez dugu batere ezberdintzen hego -ipar, eguneroko gure bizian ez dugu ezberdintzen. Gu hemengoak sentitzen gara, Euskal Herritarrak, eta joaten gara behar den lekura.

Iratzoki izatetik, Iratzoki Lizaso design studio izatera pasa zarete. Nola eramaten da elkarlana ?

Halaxe da, 15-20 bat urtez ene gain bakarrik egon ondoren, Iratzoki Lizaso izatera pasa gara. Lehenik, elkar ezagutu dugu Anderrekin, lanean aritu gara elkarrekin eta 2016an, lankidetzan hasi gara, bi buru hobe baitira bat baino. Gero, Maider eta Eki ere hor dira beraz hiruzpalau ari gira estudio honetan lanean. Mahai luze batean ari gara etxola txiki honetan eta hemen lanak partekatzen ditugu. Ez dago hierarkia handirik, modu horizontalean ari gara. Batek hartzen du proiektu baten ardura, baina gero lanak partekatzen ditugu. Maider Nobliak espazioak bereziki tratatzen ditu eta elkarren arteko konfrontaziotik sortzen dira gauzak. Ez dugu metodologia handirik. Kontent izan arte egiten dugu lana, erran nahi du ideia sortu arte; gero garatzen dugu maketen bitartez edo irudien bitartez, kontent izan arte.

Oro har, denak gara sentsible diseinuari. Jendeak ez du zernahi auto erosten, zapetak, bizikletak edo kaskoak ere hautatzen ditugu. Denak gara sentsible.

Denbora frango pasatzen ahal dugu pieza bat ukan arte. Hemen bertan besteak konbentzitu behar dira, lehen filtroa da. Hori gainditu eta lasaiago goaz industrialarengana, han ere hura konbentzitu beharko baita eta azkenik eroslea konbentzitu behar...etapak dira. Gertatzen ahal da, parte industrialean, teknikariak erraitea hau ezin dela horrela egin edo biziki kario aterako dela edo beste modu batean egin behar litzatekeela. Egoera horietan, gure lana ez da burugogorra izatea, baina bai atxikitzea eta ahal den neurrian, proiektua bururaino eramaten saiatzea. Ez du erran nahi guk dugula arrazoi baina besteak entzun ondoren, guk gure asmoa daramagu, enpresak bere jakintza eta uztartze horretatik ateratzen da zerbait diferentea, interesgarria eta egingarria.

Lan bat abiatu duzue ere euskal objektu batzuen inguruan.

Bai estudiora deitu dute Gipuzkoako diputazioko museo guztien ondarea biltzen dituen egoitzatik, beste arkitektura eta diseinu estudio batzuek bezala, galdeginez objektu tradizionaletatik zerbait sor genezakeen. Guk antzeko beste ariketa batzuk egin genituen jada. Alkirentzat adibidez Azpeitia aldera joan ginen, gaztainondoz eginiko saski egile batzuen ikustera. Euskal Herriko azkenak dira. Horiekin sortu genuen kolekzio berria. Memoria lantzeko ariketa horiek ez baditugu automatikoki egiten ere, biziki interesgarriak iruditzen zaizkigu. Euskal Herrian zerbait eskas baldin bada, memoria da. Euskal Herria ainitz aipatzen da, Pays Basque are gehiago baina memoria eskasa da alor guztietan, bai arkitekturan, diseinuan, etnografian...

Diseinuan ere dependitzen dugu inguruko aktibitate industrialaz. Ager daiteke horren arabera karaktere bat, baina ez da berez herriaren eragina.

Iruditzen zaigu inportante dela herri honetan gauza ainitz egin dela jakitea; eta gauza anitz egiten dira hemen, ongi eginak ere; lanarena herri honetan ez da topiko bat ene ustez. Gero hortik atera dira objektuak, grafismoak, egiteko moduak eta memoria hori jorratzea izan daiteke gauza berriak sortzeko iturria.

Konkretuki Gipuzkoako aldundiaren lan horretan pirograbura hartu dugu. Idiek lepoko bat zeramatzaten apaingarri eta askotan errez, pirograbura bidez, apaindua zen, hor grafismo xume batzuk baziren...Hortik hasi gira ikusten zer atera daitekeen eta horretan ari gira, oraindik ez dugu bukatu.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko ondare immaterialaren gaia? Zer gorde behar da? Zer baztertu?

Ez naiz espezialista gai horretan. Ariketak egin izan dira, lekukotasun asko grabatu dira Euskal Herrian gai batzuei buruz; duela gutxi entzun nuen Nafarroatik Iparraldera heldu ziren neskatoei buruzko grabazio bat... Azkenean materiala eta immateriala biak gurutzatzen dira. Guk lan bat egiten dugunean, objektu baten inguruan adibidez, ez gara bakarrik objektu fisikoaz ari, ari gara ere objektu hori nun nola zergatik egina izan den aztertzen. Eibarrera joaten bagara adibidez, bizikleta bat hartzen badugu, ohartzen gira armagintzatik datorrela eta armagintza altzairutik eta hura meategitik... Hari bat dago azkenean bizikleta horretara heltzeko. Ez badugu hari hori ezagutzen, moztu daiteke eta gal daiteke aukera eder bat zerbait aktibatzeko, gaur edo bihar. Beraz material/immaterialtasun hori, produktuak, objektuak, denak testuinguru batean eginak dira ingurumen industrial, politiko, sozial zehatz batean eginak dira. Demagun iparraldean, ospe handiko Laffargue etxeak, gerriko bat iltzez apaindurik egiten duelarik, jakin behar da atzean nondik heldu den, alegia idien kopetan erabiltzen zirela; gero gerrikoan jarri dira eta gerrikoa elementu elegante bat bihurtu da kanpotarrentzat zein bertakoentzat. Kontextu horiek immaterialak dira eta materialtzen dira objektutan; gauza asko kontatzen dituzte.

Jean Louis Iratzoki

 

 

Argazkia: LaukitikAt (Eke.eus)

 

 

 

Zein da galdegin dizuten lanik harrigarriena?

Lanik bitxiena edo itsusiena izan da mina bat egitea, jendea zartatzeko mina bat, bai Euskal Herrian. Harrigarriena ez dakit, egin izan ditugu espartin kolekzioak eta beste gauza anitz. Guri gustatzen zaigu gauza berriak egitea. Berriki lanpara kolekzio bat egin dugu Katalunian, berinez ufatutako lanparak... Deus ez genuen ezagutzen lan horri buruz; murgildu gara eta egin dugu, gustora gira, harrituak.

Zein da gogoa pizten dizun objektua edo gaia?

Berrikitan aritu gara horri pentsatzen hain zuzen estudioan. Zer egingo genuke gustora? Bilkura horretatik atera da herri bat gustura garbituko genukeela.

Guk lan bat egiten dugunean objektu baten inguruan adibidez, ez gara bakarrik objektu fisikoaz ari, ari gara ere objektu hori nun nola zergatik egina izan den aztertzen...

Gure herrixka horiek frango itsusiak iruditzen zaizkigu, orduan arkitekturan sartu gabe, baina bai hirigintzan edo barne antolakuntzan, seinaleetan, paisaietan, zirkulazioan, gustura egingo genuke lan bat hirigintzako aditu batekin lankidetzan.

Onartuko ez zenukeen proiektua?

Agian proiektua baino, norekin da erantzuna... Ez dugu nornahirekin aritu nahi lanean. Lan batean sartzen garenean, ez dugu baldintzarik jartzen mahai gainean baina, ez dugu gauza bat egiten bakarrik, harreman bat sortzen dugu eta badakigu horrek irauten duela, urteak ere iraun ditzake beraz harreman hori kalitatezkoa nahi dugu. Horren arabera dugu hautatzen. Gaur egun, hemengo enpresekin lan asko dugu, kanpoan ere ari gara Kanadan, Katalunian, Espainian, Frantzian eta Europan barna, beraz guk nahi duguna da hautatzea, harremanaren arabera.

Ametsetako sorkuntza?

Ufa, agian egun batez zerbait on aterako dugu, beti horren itxaropenean ari gara. Bitartean egin egiten dugu, sortzen dugu eta kontent gira, nonbait bidea da inportantea. Segurki jende berria sartuko da laster gure estudioan; gure proiektua ez da bakarrik gauzak egitea baizik eta nola egin, norekin eta zer baldintzetan egiten dugun. Ametsetako proiektua agian, talde sendo bat muntatzea litzateke eta gazteak eta jakintzak integratuz, estudio polit bat muntatzea, kolaborazioak sortzea, dinamika bat sortzea.

Azkenik, orain arte pausatu ez dudan galdera bati erantzuteko gogoa?

Galdera bat? Ez egia erran ez dut beste galdera berezirik...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eguneraketa berriak daude