Nobela beltzak zita garrantzitsuak ditu Baztanen igandera bitartean

  • Euskal Nobela Beltzaren Asteak bigarren edizioari ekingo dio astelehen honetan. Igandera bitartean, konspirazioa, delitua eta letrak ez dira faltako Baztanen.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2016ko urtarrilaren 18a
Bigarren edizio honetan gorputza hartu du Baztango Euskal Nobela Beltzaren Asteak.

Elizondoko liburutegian 19:00etan hasiko da aste beltza. Webgune baten aurkezpena izango da asteleheneko egitarauko plater nagusia: (H)ilbeltza beltzaz du izena eta bertan nobela beltzari buruzko hainbat gai landuko dira, formatu ugaritan. Antolatzaileen esanetan, jende ugari ari da proiektuan parte hartzen, idazle, editore, kritikari, itzultzaile, kazetari, bertsolari, aurkezle… “Arras kontent gaude jasotako erantzunarekin. Nobela beltz zale anitz da gure artean!”.

Asteartean Arizkungo Medikuaren Etxean elkartuko dira, Xabier eta Martin Etxeberria anaien Gizon gogorraren sekretua (Elkar) liburuari buruz hitz egitera.

Jose Antonio Loidi, Hamabost egun Urgainen euskal eleberri poliziako klasikoaren egilea izango da protagonista ostegunean, Angelita arrebaren begietatik eskainiko den solasaldian. Iruritako Jauregiarten da zita, 19:00etan.

Generoarekin zaletasun berezia duen idazle baten txanda ostiralean: Harkaitz Canok Akabaila beltzak zineman solasaldia eskainiko du Arizkunenean 19:00etan.

Delitu handienak asteburuan

Itxaron, itxaron, bala batzuk gorde dituzte-eta errekamaran astebururako. Larunbata: Xabier Olarra eta Miel A. Elustondo buruz buru 11etatik aurrera Arizkunenean Beltzean beltz… eta Jim Thompson izenburua paratu dioten mahai-inguruan. 14:00etan bazkaria Erlategi elkartean (txartela eskatzeko helbidea: ilbeltzabaztanen@gmail.com).

Oturuntzaren ostean eta elkartean bertan, 16:00etatik aurrera Jon Alonsok Beltzaren koloreak (Susa) liburua aurkeztuko du, hain zuzen iazko Euskal Nobela Beltzaren Astean eskaini zuen hitzalditik abiatu den proiektua. Jon Arretxek Estolda jolasak (Erein) liburuaren berri emango du ondoren eta Gotzon Barandiaranek berriz Gidariaren okerra (Susa) nobelarena.

Arratsaldea borobiltzeko, Koldo Almandozen Columba palumbus film laburra eskainiko dute.

Iluntzearekin jarduera deliktiboentzat giro aproposa izango denez, “Susmagarrien gaua” antolatu dute Jauregiarten.

Biharamunean, bukatzeko, Erratzuko plazatik “Kronika beltz baten itzulixka” abiatuko da. 14:00etan pikinika egingo dute Erratzuko Lixutegian eta 19:00etan irakurraldi musikatua Idoia eta Mikelekin Jauregiarten.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskal nobela beltza  |  Baztan

Euskal nobela beltza kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude