Newtonen grabitateak eraitsi du Newtonen sagarrondoa

  • Txertaka edo txertatua, sagarrondoak (Malus domestica) eman du makina bat istorio eta asmakizun sortu dituen fruiturik. Kontu, komeria, gezur eta egia; zer ez digu sagarrak ekarri.


2022ko martxoaren 11n - 09:41

Batzuek Eva eta Adan asmatu zituzten, eta, bakoitzak geure burua munduko ogendant, hobendun, faltaduri, baiatsu eta errudun handientzat har dezagun, sagarraren istorioaren gezurkeria etengabe berritzen digute prediku aulkietatik, inongo lotsarik gabe. Beraiek ere hain gustuko duten sexua eta sagarra lotu eta, itxuraz, madarikatuz eta nazka-bide batez emakumea eta sugea belztu, baztertu, gutxietsi eta zanpatzeko hagindu. Gauza on bakarra ikusten diot nik faltsukeria horri: paradisuan sagarrondoak baziren. Neroni ere istorioak sortzen hasita: paradisua sagastia zen. Sagastia da. Izan ere zer litzateke paradisua zuhaitzik edota arbolarik gabe? Eta tentazioak sagarrik gabe? Ni Oscar Wildek esan zuenarekin nago: edozeri buru egin diezaioket, tentazioari izan ezik. Betoz sagarrak. Tentazio batzuk eztarrian trabatzen zaizkigu maiz. Adani sagarra kontrako eztarritik joango zitzaiolakoan, “Adanen intxaurra” esaten zaio gaztelaniaz gure zintzur sagarrari. Ingelesek eta frantsesek “Adanen sagarra” diote.

Jainkosa eta jainkoen arteko sagar batek ekarri zuen Troiako guda. “Ederrenarentzako” idatzia zeraman urrezko igaliak eta Afroditak merezi zuela ebatzi zuen Parisek eta horrek ekarri zuen guda sonatua. Urrezko sagarra Europako kultura ugaritako mitologiako ipuin eta istorio ugaritan agertzen da.

Gaur teknologiazale ia denen ahotan dabil sagar izen ingeles bat, “McIntosh”. Maiz “Mak” laburduaz aipatua eta batez ere sagarra esateko ingelesezko “apple” bezala. Logoa ere halaxe da, hozkada eder bat falta duen sagarra.

Ezaguna da Newton buruan jo zuen sagarraren istorioa. Sagar hari zor omen zaio grabitatearen teoria ezaguna, lurrari lotzen gaituena, alegia. Gezurra omen da inongo sagar ausartek gure zientzialaria jo zuenik, berez sagarrak erortzen ikusteak lagundu omen zuen teoria horren garapena. Izurri bubonikoa zela-eta, unibertsitatea utzi eta amaren etxera bueltatu omen zen; agidanez hango sagarrondo (Malus domestica ‘Flower of Kent’) bat da istorio horren ama. Sagarrondo hura haizete handi batek eraitsi omen zuen XIX. mendearen lehen erdian. Mentu batzuk hartu eta Newtonen sagarra esaten zaion klona zabaltzen hasi zen East Mailing fruituen ikerketarako estazio sonatua. Haietako alaba ezagunenetako bat Cambridgeko Unibertsitateko Lorategi Botanikoan bizi zen, 1954an landatua. Beste ekaitz batek, Eunice ekaitzak, eraman du sagarrondo hori ere, joan den 2022ko otsailaren 19an. Haizeak lurra kendu eta Newtonen grabitateak buruz behera lurrera eraman du Newtonen sagarrondoa.

Uffa, zintzur sagarra sagar sagardoz sagardoztatzera noa, sagarrondopera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


Eguneraketa berriak daude