Euskal Herri osoko datuekin alderatuta, harreman nazionalak sakontzearen aldeko jarrera handiagoa da Ipar Euskal Herrian

  • Naziometroari dagozkion Ipar Euskal Herriari buruzko datuak aurkeztu dituzte ostegun goiz honetan Baionan. Ariketa bera eginen dute ostiralean, Nafarroa garaiko datuak plazaratuta Iruñean. 

Abenduaren 11n Baionan egindako aurkezpena. Naziometroa

2025eko abenduaren 11n - 12:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Naziometroaren azken neurketa esku artean hartuta, Ipar Euskal Herriari dagozkion datuak aurkeztu dituzte ostegun goiz honetan Baionan. Bertan egon dira Aztikerreko ikerketa saileko zuzendari tekniko Enara Eizagirre eta TMeLabeko proiektuen koordinatzaile Elorri Arcocha. "Datu orokorrak eta bost urteko bilakaera urrian aurkeztu genituen Bilbon, baina garrantzitsua zitzaigun tokian tokiko errealitateei erreparatzea, eta horregatik bideratu ditugu Baionako eta Iruñeko aurkezpenak, tokiko datuak indartzeko asmoarekin", azaldu du  TMeLabeko zuzendari exekutibo Malen Dominguez Zabalak. Bihar eginen dute ariketa bera, Iruñean, Nafarroa garaiko datuen aurkezpenarekin. 

Lurralde osoa hartu dute kontuan eta online eta telefono bidezko erantzunak batuta, 1.200-1.600 inguruko lagina lortu dute. 

Aukera gogokoena: eskumen gehiagoko erakundeak

Instituzioei buruzko iritziak neurtuta, eskumen gehiago dituzten erkidegoen eredua da aukera gogokoena Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Ipar Euskal Herrian zein Euskal Herri osoan, eskumen gehiago dituzten erkidegoen eredua eta erabakitzeko-eskubidea aitortzen duen antolaketa antzeko mailan dabiltza: %25-%30 inguruan lehenak eta %30-%40 artean bigarrenak. Eredu zentralizatuagoak dira atxikimendu gutxien jasotzen dutenak. Eskumenengatik galdetuta, gehiengo batek egungoa ontzat ematen du (%54), nahiz eta eskumen gehiago nahi dutenena izan bigarren multzo nagusia (%27).

Bere etorkizun politikoaz erabakitzeko eskubidea izan behar ote duen galdetzean, oro har, aldekotasuna nagusi da: Euskal Herri mailan baiezkoa %55-%68 artean mugitzen bada, Ipar Euskal Herrian, tarte hori pixka bat estuagoa da –%54,9 eta %62 artean–. Ezezkoa, %27-%33 artean kokatzen da, eta lurralde osoari dagokionez, %16-%25 inguruan.

Erreferendum baten legezko aukera aztertzean, Ipar Euskal Herriko datuek "joera nahiko demokratizatzailea" erakusten dutela agertzen da Naziometroan, datu orokorrekin bat eginda: 2020an, %75,2k uste zuen erreferenduma onartu behar zela; 2021 eta 2022an %71,8k eta %67k, baina, 2024an, %66,3ra jaitsi egin zen eta 2025ean ere beste jaitsiera bat gertatu da (%60,7). Jaitsiera bada ere, oraindik ere gehiengo handiak uste du Estatuak erreferenduma onartu behar lukeela. Erreferenduma debekatzearen aukera, aldiz, %14-%24ko tartean kokatzen da.

Ipar Euskal Herrian lurralde-kontzientzia oso sendoa dela: inkestatuen %68k Euskal Herria zazpi lurraldeek osatzen dutela diote

Euskal Estatuaren gaia aztertzean, Ipar Euskal Herriko emaitzek argi erakusten dute independentziaren inguruko jarrera nagusiak eszeptikoak direla, eta joera hori nahiko egonkorra izan dela urteetan. "Oso ados" eta "ados" direnak %19 eta %30 artean dira, eta 2025ean minimo batera jaitsi dira –%19–. Kontrara, "oso desados" eta "desados" erantzunak dira nagusi –%46 eta %55 bitartean, urte gehienetan–. Euskal Herriarekin alderatuta, datuak nahiko antzekoak dira, nahiz eta Ipar Euskal Herrian kontrako jarrera pixka bat altuagoa izan.

Ipar eta hego harremanak sakondu

Lurraldeen arteko harremanei dagokionez, Ipar Euskal Herrian harremanak sakontzearen aldeko jarrera handiagoa da, Euskal Herri osoko datuekin alderatuta: "Bakoitza bere aldetik jarraitzearen" aukera %29,8 da orokorki nazio mailan, haatik, Ipar Euskal Herrian, %6,4 da. Aitzitik, Ipar Euskal Herriko herritarren artean babes handia du Bidasoaren bi aldeen arteko harremanen sendotzeak, “harreman gehiago izatearen” (%44,9) eta “erakunde bateratu edo partekaturen bat sortzearen” (%32,2) aukerek sostengu handia dute.

Euskal Herri mailako datuei begiratuta, %58ko babesa dute bi aukera horiek, hots, Ipar Euskal Herrian baino anitzez ttipiagoa –Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionez, bost herritarretatik lauk dutelako bat egiten–. Hartu dezagun, demagun, hezkuntza. Ipar Euskal Herriak jarrera oso integratzaileak erakusten ditu: hiru administrazioen arteko hezkuntza erakunde bateratu baten ideia baloratzerakoan, bertakoek adostasun maila altuagoa adierazten dute –"oso ados" direnak %26,9 dira, Euskal Herri osoan %18,5 diren bitartean, eta "ados" direnak ere antzeko proportzioan ageri dira. Kontrako iritzien pisua oso txikia da –%5,7 "ez ados"; %4,8 "oso ez ados"–.

Naziometroaren txostenean aurkitu daitekeen grafiko bat, independentziari buruzko iritziei dagokiona.

Nabarmena da Ipar Euskal Herrian lurralde-kontzientzia oso sendoa dela: inkestatuen %68k Euskal Herria zazpi lurraldeek osatzen dutela diote, eta eremuaren izendapenean ere Pays Basque terminoa Euskal Herriarekin lotzen da eta harrera handiena du (%23). Badirudi, beraz, euskal identitate zabala erosoa dela Ipar Euskal Herriko jendartean.

Gai sozialetara pasatuta, etxebizitzaren inguruko kezka handia da: Ipar Euskal Herriko herritarren %71k arazo handitzat jotzen dute, eta %59k bigarren etxebizitzaren erosketa mugatzea nahi dute. Osasun-sistemaren balorazioa moderatua da –5,6/10ko puntuazioa– eta Euskal Herri osokoaren azpitik dago –5,8/10–. Azkenik, hezkuntzan kalitatearen pertzepzioa antzekoa da Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herri mailan. Eskola pribatuek dute pertzepzio onena –%60 eta %55 "oso ona" eta "ona" hurrenez hurren–, ondoren Ikastolek –%46 eta %53–. Iparraldearen kasuan, eskola publiko elebidunetan eta frantsesezko eskola publikoetan ere galdetu da eta hauek hurrenkera horretan jaso dute balorazio txikienak –%39 eta %33 hurrenez hurren–.

Datu guztiak xeheki aurkeztuta daude Naziometroa. Euskal Burujabetzaren Barometroa. 2020-2025 bilakaera Ipar Euskal Herria txostenean.

Bost urteko ibilbidea

2020an abiatu zuten Naziometroa eta dagoeneko zazpi neurketa egin dituzte. Naziometroa Olaso Dorrea Fundazioa eta EHUren artean sinatutako lankidetza akademikorako hitzarmenean oinarritzen da, eta Olaso Dorrea Fundazioaren Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza laborategiak (TM eLab) eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak garatzen dute. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Herria
2025eko abenduaren 10
Koldo Otamendi, Kojo musikaren errepidean
"Niretzat, musikak funtzionatu behar du argiak itzalita"

2025eko abenduaren 10
Sagastietako bioaniztasuna
Etengabe esperimentatzen, lurrari begira beti

Eguneraketa berriak daude