EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki du, CCOOren helegite bati erantzunez, sektore publikoan jarduten duten enpresen hizkuntza eskakizunak murriztea. Sindikatuak esan du hizkuntza eskakizunek “diskriminazioa” eragiten dutela, eta sententzian adierazten da eskakizun horietan euskararen “inposizioa” dagoela. Hala ere, epaia ez da behin betikoa, eta helegitea jar liteke ebazpenaren kontra.
Euskararen kontrako oldarraldi judizialak beste urrats bat eman du: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du atzera botatzea Eusko Jaurlaritzaren hainbat hizkuntza irizpide sektore publikoan. Eusko Jaurlaritzak 2023ko ekainaren 6ko Gobernu Kontseiluan onartu zituen administrazio orokorrean eta "hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan" hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak. Orain, baina, CCOO sindikatuak jarritako helegite baten ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du ebazpen horretako hainbat eduki murriztea. Ebatzi du, adibidez, ezin zaizkiela enpresei funtzio publikoko hizkuntza eskakizunak eskatu, eta ezin dela eskatu langileek herritarrekin harremanetan daudenean lehen hitza euskaraz egitea ere.
CCOOren iritziz, "beharrezkoa da bermatzea gaztelania komunikazio-hizkuntza gisa aukeratzen duten langileek beren lana baldintza berdintasunean egin ahal izango dutela". Aurkeztu duten idatzian diote errekurritutako klausulek "diskriminazioa" eragiten dutela gaztelania erabiltzea erabakitzen duten edo hizkuntza trebetasunik ez duten langileengan. Ondorioztatu dute, halaber, "enplegua galtzea eragiten duten diskriminazio egoerak" sortzen direla eta egonkortasun bermeak "arriskuan" jartzen direla. Horretarako, argudiatu dute EAEko biztanleen %13,14k soilik erabiltzen duela euskara –azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera euskaldun hartzaileak %18,6 badira ere–. Sententziak ere bere irizpidea garbi markatu du: "Hizkuntza koofizial batek ezin du bestearen gainean lehentasunik izan". Eta horren ustez, euskararen "inposizioa" dago sektore publikoan.
Irizpide horiekin, dagoeneko indarrean zeuden hiru puntu atzera botatzeko erabakia hartu du epaitegiak. Horien artean daude, adibidez, kontratu publikoak lortzen dituzten enpresek dagoeneko ez dutela bermatu beharko administrazio publikoan dauden "baldintza linguistikoak" konplitzeko gai direla. Edo C1 eta C2 euskara egiaztagiriak dituzten langileek, euskaraz ikastaroak egiteko modua egonda ere, ez dituztela hizkuntza horretan egin beharko derrigor.
Hala ere, epaia ez da behin betikoa, eta helegitea jar liteke ebazpenaren kontra.