Gourmet hiria plastikozkoa da

  • Donostiaren turistifikazioari zehatz erreparatzen dion lehen liburua italiar batek idatzi du, italiar baten begiradatik, eta italieraz. Italiarrentzat, jakina. Gidaliburu bat izan asmo du, baina ez turistentzat, baizik eta hango herri mugimenduarentzat. Liburuaren bokazioa da Donostian gizarteak izan duen antolatzeko eta borrokatzeko modua kontatzea Italian, han ere aktibatu daitezen.

Gorka Rubio / FOKU
Gorka Rubio / FOKU
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urriaren 28an, neguko ordutegian sartu berri ginen Euskal Herrian, eta arratsaldeko zazpiak izateko minutu gutxiren faltan, ilundurik zen eta aurreko egun eta asteetan baino nabarmen hotz gehiago egiten zuen Donostiako Alde Zaharrean. San Jeronimo kaleko kriptan, hau da, liburu aurkezpen ugari egiten diren sotoan, hor parean bazen atentzioa ematen zuen ilara luze bat. Jende andana hori ez zegoen preseski aurkezpen batera sartzeko zain. Irekitzear zegoen aldameneko taberna, ezagun egin dena gaur egungo turismo liburuetan, esan nahi baita Instagramen, eta bi orduko ilara egiten ari ziren, geldirik eta egonean, pintxo batzuk jateko. Eta argazkia sareetan zintzilikatzeko. Eta horri esker, edo horren eraginez, turista gehiago eta gehiago erakartzeko. Parean, dozena bi lagun, euskaldun, kriptan bildu ginen, italiar batek Donostiako turistifikazioari buruz idatzi duen liburua ezagutzeko.

Marco Santopadre (Erroma, 1973) kazetari italiarra da. Sardinian bizi da, eta zenbait hedabide italiar eta ezkertiarretan idazten du, besteak beste, Il manifesto-n. Euskaraz ere argitaratu dira Italiako bere hainbat erreportaje, Berria-n, baita gaztelaniaz ere, El Salto-n. Lotura estua du Euskal Herriarekin, batez ere Donostiarekin. 1995ean heldu zen Gipuzkoako hiriburura estreinakoz, eta “maitemindu” egin zen herri mugimenduarekin. Ordutik, ia urtero itzuli da Euskal Herrira. Bere begiekin ikusi du hiria nola aldatu den azken hiru hamarkadetan. Bere esanetan, “elkarbizitza” zegoen lehen turismoarekin, hau da, herri eta auzo dinamikari eutsi ahal zitzaion nahiz turismoak ageriko presentzia izan urteko zenbait alditan, eta ñabardurekin, baina hala izan da hainbat hamarkadaz. Baina orain, “eraldaketa bortitza” gertatu da; batez ere, 2019tik hona. “Pandemiaren aldia mugarria izan zen, orduan apurtu baitzen turismoaren eta herritarren arteko oreka”, dio Santopadrek. Hiru urte egon zen Donostia zapaldu gabe, eta, itzultzean, “flipatu” egin zuen Alde Zaharreko panoramarekin.

Hori ikusita, eta azken urteotan Euskal Herrira egin dituen bisitak aprobetxatuta, turistifikazioaren gaiari jarraipena egin dio Santopadrek, hiriko hainbat aktibista eta ekintzaile elkarrizketatu ditu, eta horien ahotsak liburu batean bildu: La rivolta nella città di plastica (Matxinada plastikozko hirian). Italiako argitaletxe batekin, italieraz kaleratu du liburua. Galdetu diote ea euskarara itzuliko ote duen; ezezko borobila eman du. Euskarazko eta Euskal Herrirako aldaera bat lantzekotan, gauza asko aldatu behar lituzkeela dio. Izan ere, liburua italiarrentzat dago idatzita, Donostia ezagutzen duen italiar baten ikuspegitik. Hortaz, Italian aurkeztu du liburua, baina baita Donostian ere.

Gidaliburua, herri mugimenduentzat
“Italian, bereziki asko idatzi izan da Espainiako Estatuko turismoaren inguruan, baina normalean fokua Kanariar irletan ipintzen da, edo Balearretan, Bartzelonan, Madrilen... eta zerbait bai, baina gutxi, Bilbon, Guggenheimengatik”. Herritarren turismo-gosea elikatzea helburu duten artikuluez aparte, “turismoari aurre” egiten dieten protesta eta mugimenduei buruz ere idazten da Italiako prentsan, “noizbehinka”, Santopadreren esanetan. Protestako mezu, balio eta proposamenei buruz baino, ohikoena izaten da ekintza ikusgarriren baten inguruan idaztea, eta irudiak erakustea. Munduari buelta eman zion irudietako bat izan zen Bartzelonan hainbat manifestarik ur-pistolekin turistak busti zituztenekoa. Herritarrak eta turistak parez pare ipini zituen gertakari horren ubera mediatikoak, versus batean bezala. Hori ez da, baina, Donostiako turistifikazioa salatu eta desazkunde turistikoaren alde lan egiten duen Bizilagunekin plataformaren estiloa: Donostiako Parte Zaharrean pintxo eta gazta-tarta bila zoro moduan ibiltzen diren turistak interpelatu baino, donostiarrei mintzo zaie, auzotarrei, auziaren gaineko kontzientzia eta aktibazio herritarra sustatzeko. Egoeraren errua giriei egotzi ordez, seinalatzen dituzte turistifikazioarekin aberasten direnak, inbertsiogile eta espekulatzaileak, baita ostalaritza, garraioa eta eraikuntzako enpresariak ere, eta horiekin konplizitatean diharduten botere mediatiko eta instituzionalak ere bai. Liburua osatzeko, Bizilagunekin plataformaz gain, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Saretxe etxebizitza sindikatua eta beste zenbait herritar eta ikerlari izan dira idazlearen iturri eta laguntzaile.

Donostiako gogoetak eta esperientziak Italiara eraman nahi ditu Santopadrek. Bi arrazoirengatik: batetik, Donostia ere gentifrikatuta eta turistifikatuta dagoelako, jakingarri zaielako italiarrei; eta bestetik, eta batez ere, Italiako herri mugimenduarentzat lagungarri izan daitekeelako haien gogoeta eta eztabaida propioetarako. Horrexegatik, idazkera ulerterraz eta kapitulu laburretan idatzi du liburua, ez zuelako “akademikoentzako liburua” izaterik nahi, baizik eta mugimendu sozialei eta herritar arruntei begirakoa. Izan ere, Santopadreren esanetan, Italian ez dago turistifikazioaren aurkako borroka behar bezala egituratuta. Lehenbizi, gogoeta kolektiboa behar dela uste du.

Horrek piztu zuen hasieratik Santopadreren arreta: Gipuzkoako hiriburuko mugimendu sozialen artikulazioak. “Historikoa” dela dio. Honela dio lehen kapituluan.

Beste inon ezagutu ez dudana ikusi dut hemen: gizarte oparoa, indartsua, eta borrokarako ohitura politikoa duena. Liluratu egin ninduen herri mugimendua askotarikoa izateak, eta artikulatuta egoteak, nahiz eta ezberdintasun politikoak eduki eta alde nabariak izan, gaitasuna dute helburu amankomunen alde borroka egiteko. Zalantzarik gabe, klase borrokaren eta nazio askapenaren aldeko borrokaren arteko nahasketa original baten emaitza zen, baita gatazka politikoan zehar garatutako elkartasun eta komunitate zentzu sendoarena ere.

Italiako gizarte mugimenduak eta sindikatuak ez dira ari hain zuzenki turismoari begira lanean. Ez daukatela agendan dio Santopadrek. “Orain hasi dira batzuk, batik bat etxebizitzaren auziarekin dabiltzanak”, bere esanetan, azken urte gutxian nabarmenago ikusten ari direlako Airbnb eta etxebizitza turistikoen hedapenak “uneko arazoak eta epe luzekoak” sortzen dituela. Egin dituzte ekintza puntualak, Airbnb-ko apartamentuetan sabotajeak, adibidez, baina “antolakuntza gutxi” dagoela uste du.

Auzi historikoa delako, segur aski: “Etxebizitzaren auzia, Italian, alokairuen prezio altuak salatzean oinarritu izan da, okupazio-ekintzen bidez borrokatuta; hutsik dauden etxebizitza publiko eta pribatuak okupatu, protesta eta ekintza ugari egin, eta eutsi”. Izan ere, ohartarazi duenez, hainbat hamarkadatan migrazio fluxu handiak izan dira Italia iparraldera, herrialdearen hegoaldetik eta atzerritik jende asko joan baitzen Italiako fabriketara lanera, eta horiei, propio, alokairu oso merkeak eskaintzen zizkieten. Orain, itxuraz, publikoak ziren eraikin horiek oso-osorik pribatizatzen ari dira, eta prezio guztiak garestitzen, alokairu-prezioa bost aldiz biderkatzeraino. Santopadreren esanetan, etxebizitzaren auzia, turismoaren eraginpean ulertu baino, aipaturiko kontu horien pean politizatu izan da gehiago. Baina esandakoa: “Orain arte”. 

Donostia, “plastikozko hiria”
Liburuaren tituluan aipatzen da: “plastikozko hiritzat” dauka Santopadrek Donostia. Munduko beste hiri turistifikatu batzuei “Disneyland hiria” ere esaten zaie. Baina finean, gauza bera dira: “Hiria jada ez dago herritarrentzat egina, edukiz eta zentzuz husten da, eta hiria, edo auzo konkretu bat, turistaz betetzen den parke tematiko bat bihurtzen da; sinpleki, espazioa okupatzen dute kontsumitzeko”. Segmentu turistikoak aipatu ditu, eta Donostia, nazioarteko erakusleihoan, hondartza, gastronomia eta kirola etiketen pean katalogatzen dela esan du kazetari italiarrak. “Donostiako Alde Zaharra edukiontzi bat da”, laburbildu du: “Lehen, beste auzo batzuetan baino euskara gehiago entzun zenezakeen, baina orain, gaztelania ere ez duzu entzuten”.

Nortasunaren aspektu horretan, tabernen izaerari erreparatzea interesgarria dela uste du Santopadrek. Langileengandik hasita askotan, baina batik bat, ipintzen duten musikari kasu egiteko aholkatu du. “Taberna bakoitzak bere musika estiloa zeukan, gutxi gorabehera bazenekien zer jende topatuko zenuen bakoitzean... Orain, baina, tabernak leku bilakatu dira”. Gehientsuenak ere “neutroak”, bere iritziko. Nortasunik gabeak.

Bestalde, dendak. “Jada ez daude denda normalak”. 2019tik hona, Donostiako Alde Zaharreko souvenir dendak “biderkatu” egin direla esan du, sentsazio hori du, eta dendak egon badaude, “baina hiritarren egunerokoan ez dira erabilgarriak”. Auzotarrentzako establezimendu eta sozializatzeko lekurik gabe, auzotarrik ez. Edota alderantziz.

Bere burua jaten duen animalia
Kanpora begira, gastronomiak pisu handia duen hiria da Donostia. Pintxoek ezaugarritu dute azken hamarkadan, eta segitzen dute oraindik, erreportajea abiatzeko adibidean aipaturiko turisten ilarak bezala. Baina batzuetan konpetentzia eta bestetan osagarri den lehiakidea agertu zaie pintxoei: gazta-tarta. Ugaldu egin dira gazta-tarta zati bat hartu eta kalean, erdi oinez, erdi geldi, jatea eskaintzen duten establezimenduak. Eta ibili argi, Donostiatik harago ere joaten ari baita Basque cheesecake marka: Bilbon eta Iruñean bada establezimendurik dagoeneko, eta nazioartean, Berlin, Istanbul, London, Tokio eta Dohara ere iritsi da, besteak beste.  

Gazta-tartaren gaiaz galdetuta, “marka bat gehiago” dela dio Santopadrek. Hemendik urte batzuetara “beste fenomeno bat” agertuko dela uste du, eta gero beste bat, eta beste bat. “Turismoaren industria jatun handia da” dio, lurraldea merkatuan bereizgarri egiteko, bertako kulturako elementuez elikatzen delako; “eta bere burua jaten du, eta oraindik eta handiagoa egiten da”, adierazi du, elementu bereizgarri horiek artifizialki sortzeko eta puzteko gaitasunari erreferentzia eginda. “Beharra du, eta izango du, gehiago hedatzeko”.    

"Duela hamar urte, gauez tenperaturak jaitsi egiten ziren eta lo egin zenezakeen; orain, aste batzetan apenas deskantsatzen dugu; nork etorri nahiko du hona, Sardiniara?"

Larrialdi klimatikoaren eragina
Italiako politika instituzionalean, ezker-eskuin, turismoaren aldeko apustua handia dela dio kazetari italiarrak. Baina bisio kapitalista falta zaiela uste du, bai behintzat Espainiako eta Frantziako Estatuarekin alderatuta. Bi horiek argiagoak dira, estratega hobeak. Santopadrek dio azpiegiturak falta zaizkiola Italiari industria turistikoan urrats handiak emateko, eta ez dela ez dutelako nahi, “klase politikoagatik” baizik.

Baina desio ez duten mugarekin ari dira topatzen: aldaketa klimatikoa. Sardinian bizi da Santopadre, Mediterraneoan, eta bere begiekin ikusi du: turistentzat ere ez da erakargarria hiru hilabetez 35 eta 40 graduko tenperatura duten lekuetan egotea nahiz eta hondartza eta ikusgarri ederrak izan aukeran. “Duela hamar urte, gauez tenperaturak jaitsi egiten ziren eta lo egin zenezakeen; orain, aste batzuetan apenas deskantsatzen dugu; nork etorri nahiko du hona?”.

Hortaz, turismoaren industria dagoeneko ari da iparralderago joaten. “Turistek hondartzara joaten segitu nahi izango dute, eta Mediterraneoan ezingo denez, gorantza egingo dute”, dio. Euskal Herria ikusten du jomugan italiarrak: bere ustez, gutxi gorabehera, aldaketa klimatikoaren eraginez hirukoiztu egin daiteke turismoa Kantauri itsasoan. “Euskal Herria, lehen, ez zen oso erakargarria, euri asko egiteko fama zuen... baina orain? Zenbat euri egiten du udan?”, erretorikoki galdetu du. Eta errealitate eta joeren aldaketa ez dela soilik turismora bideratzen nabarmendu du. “Bizitzera etortzeko ere interesgarria izango da”. Etxetik lan egiteko aukerak hedatuta, karamelu gozoa da errenta ona duten familientzat. “Nik ere egingo nukeen!”, esanez finitu du. 

Bera ere, kanporatua

Erroman jaio zen 1973an, erdigune historikoan, Panteoiaren eta Navona plazaren inguruan. Umemokoa zenean, auzoa “herri txiki bat” zela oroitzen du. “Erroman, Donostian bezalaxe, duela ehun urte ere tradizio turistikoa zegoen, baina Erromaren erdiguneko auzo hori oso popularra zen: merkatu herrikoia zegoen, haurrok kalean jolasten genuen, adineko emakumeak kalean eseri eta tertulian egoten ziren... Baina 1990ean, lehenbizi gentifrikazio prozesua hasi zen, eta gero turistifikazioa”. Alokairuen prezioak igotzen hasi ziren. Auzokide gehienak hiriaren kanpoaldera joan ziren bizitzera, eta klase altuko jendeak hartu zuen erdigunea, hala nola zinemako aktoreek. Klase altuko jendea, ordura arte, hiriaren iparraldean bizi zen, baina urte gutxitan, biztanleria eta giroa erabat aldatu ziren erdigune historikoan. Santopadreren familiak ere hiriaren kanpoalderantz egin zuen mudantza. Han, alde zaharrean bizilagun izandako jendea topatu zuen.

“Parke tematiko bat da Erroma”, adierazi du. “Erdiguneak eta inguruko auzoek ez dute izaera herrikoirik”. Turismoak “erabat janda” daukala dio. Besteak beste, turismo erlijiosoak. Erromesaldia hegazkinez egiten baita egun.

Duela zortzi urtetatik Sardinia irlan bizi da Santopadre. Aipatu du han ere turismoak ikaragarrizko pisua duela, uda sasoian bereziki, eta duela mende erdi existitzen ez ziren herriak sortu dituela industriak, batik bat irlaren ipar ekialdean. Mendebaldean, uda sasoiaz aparteko turismoa ere badagoela aipatu du, hala nola 25.000 biztanle dituen Algheron. Katalanaren dialekto bat hitz egiten da han, baina galtzen ari da, eta galduko da, kazetari italiarraren esanetan. Sardinian, sardiniera ere galduko dela uste du Santopadrek, ez baita ez eskolan eta ez hedabideetan existitzen. Turistifikazioarekin, gainera, prozesua azkartzen ari da.


Eguneraketa berriak daude