Euskal Herria Zuzenean festibalaren 30. edizioa egingo da ekainaren 26, 27 eta 28an Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Behera). Antolatzaileek goraipatu dute hamarkada hauetan egindako auzolana eta belaunaldien artean egindako transmisioa, baita kultura eredu alternatiboa eraikitzen lagundu izana ere. Festibalaren edizio berezia antolatu dute urtemuga ospatzeko.
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak 30 urte beteko ditu 2026ko ekainean ospatuko den edizioan. 1996an Arrosan egin zen lehen edizioa, eta ordutik egin izan dute Arberatzen, Idauze-Mendin, Heletan, Lekornen eta Irisarrin. Euskara, auzolana, lurraren zaintza eta herrigintza ardatz, hamaika dira EHZn izandako sortzaileak, laguntzaileak eta “festibalariak”. Antolatzaileek adierazi dute kultur-eredu alternatiboa eraikitzen lagundu dutela, urteotan Euskal Herriak izan dituen aldaketa politiko eta kulturalak tarteko, "inori begira egon gabe", aisialdi, harreman eta militantzia propioa eraikita.
2026ko edizioa Geroaren lehen notak lelopean eginen dute ekainaren 26, 27 eta 28an, Arberatze-Zilhekoan. Hiru eguneko jaialdi autogestionatuan kontzertuak, eztabaida guneak, askotariko kutur ekitaldiak, mintzaldiak eta tailerrekin osatuko dute egitaraua Abenduaren 15ean jarriko dituzte salgai sarrerak, 35 euroan. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, EHZren helburua izaten jarraitzen du kultura ahal bezain eskuragarri izatea, bizitzaren garestitze orokorra bizi dugun garaiotan. Adierazi dute 30. urtebetetzea ospatzeko festibal berezia prestatu nahi dutela, eta bizpahiru hilabeteren buruan iragartzen hasiko direla festibalean izango diren sortzaileak.
30. urtebetetzea ospatzeko liburua, podcastak eta dokumental bat argitaratuko dituzte. Podcastean jasoko dituzte EHZren historiaren mugarriak eta festibalaren “B aldea”. Liburua datorren udaberrian argitaratuko dute, festibaleko protagonisten lekukotzekin eta argazki ugarirekin. Dokumentalak ardatz izango ditu EHZko antolatzaileen gogoeta, ametsak eta arrangurak. 2026ko udazkenean iritsiko da pantailetara.