“Naziometroa zubi baten antzekoa da”, azaldu du Estitxu Garai Euskal Herriko Unibertsitateko errektore-ordeak, Naziometroak 5 urte ospakizun jardunaldiaren sarrerako hitzan. Astelehenean burutu dute jardunaldia, EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan. Zubiaren alde batean Telesforo Monzon eLab jarri du, eta Euskal Herriko Unibertsitatea beste aldean. Aztiker soziologia Ikergunea zubia uztartzen duen arkua litzateke.
Goiz osoa iraun duen ekitaldian zenbait hizlarik, Naziometroaren neurketak azaldu ez ezik, datuen interpretazioa eskaini zuten.
Malen Dominguez TMeLabeko soziologoak zein Arkaitz Fullaondo EHUko irakasle eta Aztikerreko ikerlariek bost urteotan burujabetzari eta beste gai batzuei buruzko iritziek eta joerek izandako bilakaera aztertu dituzte. Ateratako ondorioetako batzuk izan dira testuinguruak baldintzatu dituztela erantzunak. Batzuetan kanpo gertaerek eragiten dute, esaterako, pandemiak. Halere, ibilbide horretan euskal jendarteak borondate argia erakutsi du erreferendum bidez gure etorkizuna erabakitzearen alde. Honetaz galdetzen hasi ginenean, %52tik gorakoa zen aldekotasuna, eta maiatzeko azken neurketan %62’7 arte igo zen.
Emaitzak nabarmen aldatzen dira balizko erreferendum hori euskal erakundeen zein Espainiako eta Frantziako estatuen oniritziarekin egingo balitz edo ez. Fullaondok azpimarratu duenez, “gakoa gatazka politiko ezan datza”. Eta gogorarazi du datuak ez direla EAEkoak soilik, baizik Euskal Herriko osokoak.
Lurraldetasunaz luze eta zabal jardun dute zenbait parte hartzailek. Iñaki Zaldua Parte Hartuz ikerketa taldeko kide eta Mugi Muga proiektuko sustatzaileak Ipar zein Hego Euskal Herriko gazteen iritziak azaldu ditu.
Lurralde kohesioa nola indartu
Ondorengo solasaldian, lurralde kohesioari buruz aritu dira Asier Blas (EHUko irakaslea),Isabel Elizalde (Peio Martikorena Fundazioa) Ximun Carrère (Garapen Kontseilua) eta Beatriz Akizu (Eusko Ikaskuntza).
Blasek zibermunduan ikusten du etorkizuneko erronka.
Elizaldek gobernuez haratago dauden oztopoak identifikatzeko premia aipatu du. Euskal Herriaren pluraltasuna azpimarratu du, eta azterketak eta datu bilketak Euskal Herria homogeneoa balitz bezala egiten direla seinalatu. “Errealitate bakoitzera jaitsi behar gara, kohesioa landu”, esan zuen.
Akizuk dimentsio ezberdinak lantzearen beharra aipatu du: “Funtzionaltasuna eta pragmatikotasuna, tresnak sortu aurre egiteko, eta proiektu eta identitate komun bat sortu kohesioa sortzeko”. Eta gehitu du: “ezagutzak ondo jaso, partekatu eta mugimenduak sortu”.
Carrèreren arabera Naziometroaren ezaugarririk onena jarraikortasuna da. Ipar Euskal Herrian zentralismoa kulturala da, baina zentrotik oso urruti dagoenez, euskal estatuak hurbiltasuna eskaintzen du, “gose hori bada”, esan du. “Lortzen dugunean zentralitatea kolokan jartzea, jendeak gure ikuskera hartzen du”. Kohesioa lantzeko hiru puntu defenditu zituen. Lehenik, hartu-eman instituzionalak landu. Fiskalitate bateratua? Bigarrenik, eragileen arteko hartu-emanen bidez sareak sortu. Esaterako, enpresa batek Hego Euskal Herrira etorri nahi du subentzioak eta laguntzak bilatzeko. Hor hartu-eman mordoa sortu eta lantzen dira. Azkenik, hartu-eman pertsonalak garatu: ezkontzak, sendiak, jaiak, aisialdia, kirola, kultura. “Hortik ere batzuk kontzientzia hartzen dute”, adierazi du.
Julen Zabalok, dinamizatzaile lanean, lurralde kohesioaren bidea nondik egin dezakegun galdetu die hizlariei. Asier Blasek zibermundua izan du hizpide beste behin, eta euskara ere elementu nagusitzat jo du; horren barruan, hezkuntza arloan Erasmus moduko bat antolatzea proposatu du Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, ikasketak Ipar Euskal Herrian egin ditzaten. “Eskaini diezazkiogun soluzioak jendearen kezkei”, gehitu du.
Elizaldek konfiantza errotzean jarri du indarra: elkar ondo ezagutu, elkarrekin lan egin ahal izateko. Nafarroan mesfidantza handia dago beti lurralde elkartasunarekiko, adibidez, Euroeskualdearekiko. Oztopo horiei aurre egiteko ekimen zehatzak egitea proposatu du, Baserri Berri proiektua jarri du adibidetzat.
Akizuren aburuz, erronka da mekanismoak sortzea oztopoei aurre egiteko. Abstrakzioak ekidin eta konkrezioetara jo lurralde kohesioan aurre egiteko. Tresnak Europak eskaintzen ditu: klima larrialdiaren alorrean esaterako, PAC delakoa Bruselan erabakitzen bada ere lurralde bakoitzak aplikatzen ditu. Tokiko egoerak ondo ezagutzeko premia dago.
Carrèrek, amaitzeko, datu bateratuak eta espezifikoak eskatu ditu. Lurraldeen arteko komunikazioa sistematizatzea defendatu du, hiru hizkuntzatan informazioa eta esperientziak trukatzeko eta partekatzeko.
Joera erreakzionarioen hazkundeaz
Azken solasaldia Aritz Fullaondok zuzendu du. Iñaki Soto Garako zuzendaria, Jon Olano Berriako kazetaria eta Maider Galardi kazetari eta EHUko irakaslea izan dira parte hartzaileak.
Eztabaidan, Naziometroaren neurketek erakusten dituzten jarrera erreakzionarioen pertzepzio berriak iruzkindu dituzte. Genero berdintasunaren kontra zabaltzen diren iritzietan eta immigrazioaren aurkakoetan zentratu dira gehienbat. Sotoren arabera estrategiak behar ditugu, “gure baitan bilduak gaude”, ohartarazi du. Olano sare sozialen eragina aipatu zuen jarrera erreakzionarioak zabaltzeko modu gisa, “baina baita komunikabide tradizionalak ere”. Galardirentzat “ez dira soilik gazteak, ez dira soilik sare sozialak”.
Errelato alternatiboak bultzatu behar direla defenditu du Galardik. Iñaki Sotok gogorarazi du komunikabide tradizionalak eragina galtzen ari direla, arazoa sare sozialekin dagoela. “Ez dugu alternatibarik, ez planteamendurik”, erantsi du. Jon Olanok, Euskal Herrian jarrera erreakzionarioentzako lekurik badagoen galderari erantzuten, baietz esan du, “ ez gara salbuespena”. Elkarren aitortza behar dela defendatu du, elkarrekin antolatu eta jendeari heldulekuak eman, ideologikoak eta bestelakoak. Galardik herri mugimenduan ikusten du potentzialitate handia olatu erreakzionarioari aurre egiteko, Euskal Herriko tradizio antifaxistan. Halaber, politika instituzionalean kontsentsuak landu eta eskuin muturrari esparruak kentzearen alde agertu da. Ildo bertsuan, Sotok alternantziarako aliantzak osatzea zaila dela esan du, baina beharrezkoa herritartasunaren kontzeptua osatzeko, “asmatu behar dugu nola”.
Irekieran Estitxu Garai errektoreordeak adierazitako modu bertsuan, “ezagutza kolektiboa herrigintzaren zerbitzura jarri” behar dela argi geratu da jardunaldian. Hasierako “zubi” hartatik zubigintzara igaro, herrigintzan aurrera egiteko.