Biopic-ak egitea beti pentsatu izan du oso zaila izan behar dela. Ze, klaro, pertsona erreal bati buruz ari zara, ziurrenik dagoeneko hilda dagoena, eta, pentsatzen dut, ez zarela zu izango mundu honetan pertsona hori hoberen ezagutzen duena. Egongo da nor hobekiago ezagutzen duena, zuk ez dakizkizun gauzak dakizkiena. Horregatik, uste dut, edozein fikzio egitea errazagoa izango dela. Eta bai, makina bat biopic-ek azpimarratzen dute den-dena ez dela erreala, fikziorik sortu dutela... baina bere izena darama pelikulak eta gauza batzuk, dezente, konplitu beharko dira.
Franz Kafka (1883-1924) idazleari buruzko film kafkianoa egin du, bai, Agnieszka Holland zinegile poloniarrak. Kafkaren zaleek gainontzekoek baino gehiago disfrutatuko dute, ziur; baina ez espero bere obra aztertuko dutenik. Zeren, Hollandek nahi duen guztia egin du, nahieran: aldrebesa izan da filma, hari narratiborik gabe, gertakari solteak han-hemen, plano bitxiak... Nahaste-borrastea, baina atsegina.
Gustatu zait planteamendua. Hiru aldi bereizi ditu: Kafka umea zenekoa; helduarokoa, tuberkulosiaz gaixotzen den arte gutxi gorabehera; eta hil ostekoa, egungoa, Pragako bere omenezko museoan kokatua, turisten jarioa eta gidaren hitzak oinarri. Saltoka ibili gara batetik bestera, oso ondo jakin gabe nora zihoan guztia. Baina atsegina izan da, batere astuna ez delako izan, irudi eta soinuak majo landuak direlako, eta umorea konstanteki mantendu delako. Hari narratiborik gabe, Kafkaren bizitzako gertakarien metaketa bat izan da dena, bilduma bat.
Aita autoritarioa, pelikuletako bibotedun irrigarri horietakoa, petrala eta txepela, eta ustez jakintsua baina berez ezjakina. Aitak enpresa bat du amiantoarekin-eta negozioan dabilena, eta Franz semeari pasatu nahi dio. Baina Kafka txikia ordurako tipo xelebrea da, nonahitik iheskorra, zaurgarria. Eta idazlea da. Bere buruan, idazlea da 24 orduz. Hitz egin ere horrela egiten du, literatura egiten ariko balitz bezala, eta horrek sorrarazten du grazia.
Baina batik bat filmaren hirugarren lerroak leherrarazi nau ni, museokoak. “Kafkak hanburgesa begano hau jaten zuen” dio gida turistikoak, eta han doaz denak, aurikularra zintzilik eta argazki kamera soinean, ditxosozko hanburgesa jatera. Gero, “Kafkak halako egitea zuen gustuko”, eta denak hara. Graziosoa da. Argi ikusten da zertan bilakatu garen, nolako Kafka irudikatzen dugun edo irudikatzen diguten historiak eta museoek, eta gero, aldi berean, Kafkaren egunerokoa –fikzionatua, bai– ikusten dugu, eta ez du apenas antzekotasunik. Horregatik diot nahi duena eta nahieran egin duela Hollandek film honetan.
Tira, baina titularrak ez zaitzatela engaina: Zinemaldia eta Sail Ofiziala erdira ailegatu den honetan, ez nuke urrundik ere esango film onena hauxe denik.
68.000 gazatarretik gora hil ditu Israelek Gazako Zerrendan. “Ez dira zenbaki hutsak” aldarrikatu izan da sarri, baina zaila izaten da hedabideetan bestelako kontaketarik ematen, informazio guztia blokatuta dagoenean. Bada, The voice of Hind Rajab pelikulak lortu du... [+]
Palestinaren aldeko aldarriak ia egunero ikusten ari garen Zinemaldi honetan, Dolores Fonzi argentinarrak abortuaren legeztapenaren borroka mahaigainera ekarri du modu biziki intentsuan. Hasieratik harrapatu eta hunkitu nau Belén pelikulak.
Istorio erreala da. 2014ra... [+]
Zinemaldiaren laugarren eguna Kursaaleko bigarren aretoan hasi dut. Bertan, Ni de yan jing bi tai yang ming liang-en (Gaueko soinuak) estreinaldia ikusteko aukera izan dugu, produktore, aktore eta zuzendariaren presentziarekin. Filmean, Qing (Aline Chen) da protagonista, neskato... [+]
Sinopsiaren arabera aukeratzen ditut filmak, noski, ez da batere harrigarria. El mensaje-renak (Mezua) hala zioen, hitz gutxitan: krisi ekonomiko betean, animaliekin hitz egin dezakeen 9 urteko neska bat eta bere tutoreak maskoten medium zerbitzua ematen ari dira furgoneta... [+]
Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) kronika-eleberrian dago oinarrituta Karmele pelikula, eta liburuek, liburuko istorioek, pantaila handian luzitu dezakete, baina eleberria osorik pantailara eramatea ez da zertan egokiena izan. Zeren, liburua irakurri duenak... [+]
Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak zuzendu duen filma hautagai indartsua da sarien lehiarako. Eder bezain irrigarri kokatu du istorioa: tradizio kristauko familian, zeinean hiru alabak kristau eskolara joaten diren, zaharrenak, 17 urteko Ainarak, moja sartzeko bokazioa azalduko... [+]
Zaila da pelikula esperimental baten inguruko kritika idaztea. Alde batetik, normalean, hausnartzeko denbora luzea eskatzen dutelako eta hausnarketa horrek ez duelako analisi zuzena bermatzen. Eta bestetik, interesgarri eta pedante izatearen arteko lerroa oso fina eta... [+]
Igande goizeko saioan, Aldığımız Nefes (Arnasten dugun bitartean) Turkian eginiko filma ikusteko aukera izan dut. Bertan, Esma (Defne Zeynep Enci) alaba eta aita (Hakan Karsak) sei pertsonako familia aurrera ateratzen saiatzen dira, imajina daitekeen... [+]
Paris. Modaren astea da. Hiru emakumek ia espazio bera konpartituko dute, baina ez dira beraien artean askorik erlazionatuko, edo ez dute elkarren berririk izango apenas, ez ikusleok adina behintzat. Angelina Jolie aktoreak gorpuztu du Maxime, 50 bat urte inguruko emakume... [+]
Sentsazioa dut, Alberto Rodríguez zuzendariak edozer egiten zuela ere, txaloak eta prentsa ona jasoko zituela Donostiako Zinemaldian. Ea, niri ere gustatu zitzaizkidan La isla mínima, Modelo 77... Baina goazen lan bakoitza ahalik eta independenteen ikustera. Espainiako... [+]
Erotuta utzi nau pelikulak; agian, kritika honen idazteko eran nabarituko zait. Óliver Laxeren luzemetraia honetan, Luis (Sergi López) eta Esteban (Bruno Núñez) ezagutu ditugu, aita-semeak, bost hilabete alaba/arreba ikusten ez dutela eta, bere bila abiatu... [+]
Norbaiti esan diot film hau “publiko guztiendako” dela eta segituan eman dit alto. Erraz ikustekoa da, egia da, baina akaso jende edota belaunaldi jakin bati enbarazu apur bat egingo dio pantailan ikusirikoak. Ajam, bai: zakil-festa galanta erakutsi dute. Eta... [+]
Bigarren egunari hasiera emateko, Carla Simónen Romería izan da aukeratutako pelikula. Bertan, Marina (Llúcia Garcia) ezagutuko dugu ikusleok, 18 urte bete berri dituen neska gazte kataluniarra. Unibertsitatean zinea ikasi nahi, eta beka lortu ahal izateko... [+]
Gustatzen zaizkit dena leku berean eta denbora jarraituan eta epe motzean gertatzen diren filmak. Hauxe da kasua: Le cri des gardes, Claire Denis zinegilearena. Mendebaldeko Afrikan kokatu dute, herrialderik adierazi gabe. Adierazkorra da hori, filma hasi eta buka kolonialismoa... [+]
Han-hemen entzuna dut garai batean baserriz baserri joaten zirela musikariak, eskean pentsatzen dut. Soinua soinean hartuta imajinatzen ditut, atea jotzen eta aurpegia galanki botatzen, barrura sartu ahal izateko. Uste dut noizbait Ruper Ordorika entzun izan dudala entzuna edo... [+]